KOMUNIKABIDEAK

Prentsa idatziaren historia

Prentsa idatziaren aitzindariak Erromatar Inperioan aurki daitezke. K.a. 59. urtetik aurrera kaleratu zen Acta Diurna astekaria lehen kazetaritza-produktutzat hartzen dute adituek. Gertaera sozial eta politikoak jasotzen zituen eta jende ugari biltzen zen inguruetan esekitzen zuten. Acta Senatus eta Annales Maximi, biak ala biak Erromako argitalpenak, kazetaritzaren aurrekaritzat dituzte.

Mende batzuk geroago, 713. urtearen inguruan, Albisteak nahasian izeneko publikazio bat kaleratzen zuen Txinan Inperioaren Gobernuak. Bitartean, Erdi Aroko Europan, leku publikoetan jartzen zituzten eskuz idatzitako oharren bidez zabaltzen zen informazioa. XIII. mendean, dagoeneko, Nouvelle manuscrite sortu zuten Ingalaterran berriak hedatzeko.

Tipografia

Johannes Gutenbergek tipografia (metalezko tipoak dituen inprenta) asmatu zuen eta horrek iraultza ekarri zuen. Ordutik aurrera askoz errazagoa izan zen idatzizko materiala kaleratzea, eta laster azaldu ziren herritarrei informazioa zabaltzen zieten orriak. Politika kontuak, gertaerak, portuetako gorabeherak eta beste hainbat gai azaltzen zituzten. Lehenengo berripapera Nurenberg Zeitung izan zen eta 1457an kaleratu zuten, Alemanian.

Denborak aurrera egin ahala, argitalpen horiek maiztasun jakin batekin hasi ziren kaleratzen (egunean behin, astean behin...) eta XVII. menderako kazetak oso zabalduta zeuden Europan eta Amerikan. 1615ean, Frankfurter Journal jaio zen; 1622an, Weekly News astekari ingelesa; 1640an, Gazzeta Publica sortu zuten Italian; 1641ean, Gaceta semanal Bartzelonan; 1661ean, La Gaceta Madrilen; eta abar. Garai hartako kazeta bat bada oraindik ere Suedian. Post-och Inrikes Tidningar du izena eta 1645ean kaleratu zuten lehen alea.

XIX. mendean beste iraultza bat gertatu zen prentsa idatziaren munduan. Lurrunezko prentsa (The Times egunkariak erabili zuen lehen aldiz), argazkia, telegrafoa, errotatiba eta linotipia asmatu zituzten. Horrek guztiak eta gero eta alfabetatu gehiago izateak gora egin zuen nabarmen berripaperen eskaria.

Indarra hartzen ari zela ikusita, mendebaldeko herrialdeak prentsa idatzia legeztatzen hasi ziren eta adierazpen-askatasuna bermatzen zuten lehen legeak indarrean sartu ziren. Horrez gainera, informazioaren egitura antolatu zuten eta albiste-agentziak sortu zituzten, gobernuen eta egunkarien arteko bitartekaritza egin zezaten.

Mass Media

Beraz, XIX. mendean sortu zen gaur egun ezagutzen dugun kazetaritza; horretan aritzen ziren langileak profesionalizatu egin ziren. Publizitatea ere sortu zen, eta egunkariei aldaketa handiak ekarri zizkion horrek: horietako asko prezio baxuagoan saltzen hasi ziren, finantzatzeko behar zutenaren zati handi bat iragarkietatik lortzen baitzuten. Produktu merkeagoa izanik, prentsa jende gehiagorengana iritsi zen eta mass media bilakatzen hasi zen. Horrela, prentsaren munduko lehen talde handiak sortu ziren: Bennet, Pulitzer, Hearst...

Gizartean zuen eraginari esker, prentsa idatzia boterea bereganatzen hasi zen. Mundu Gerretan, adibidez, alde bateko eta besteko armadekin elkarlan estuan aritu ziren, propaganda zabaltzen, gizartea eta soldaduak itxaropentsu mantentzeko helburuarekin.

II. Mundu Gerraren ondoren, ostera, hedabideen arduraren teoria zabaldu zen eta informazio argia kaleratzearen alde egin zuten askok. The Times eredutzat hartuta, gertaeren analisi sakona eta dokumentazio zehatza bultzatu zuten eliteko kazetek.

XX. mendean zehar informazioa zabaltzeko beste formatu batzuk sortu dira eta horiekin lehiatu behar izan du prentsa idatziak, batez ere, irratiarekin, telebistarekin eta Internetekin. Egunkari tradizionalak desagertuko zirela aurreikusi zuten aditu batzuek, nahiz eta oraindik ere goizero milioika ale kaleratzen diren. Hala ere, kazeta gehienek, bai egunkariek bai aldizkariek, teknologia berrietara egokitu behar izan dute: webguneak jarri dituzte Interneten, informazioa zabaltzen dute telefono mugikorren bidez...