KOMUNIKABIDEAK

Irratiaren historia

Samuel Morsek eta Alexander Graham Bellek telegrafoa eta telefonoa garatu ondoren, erronka berria zabaldu zitzaien XIX. mendeko zientzialari eta asmatzaileei: haririk gabe soinuak bidali ahal izatea.

Horretarako lehen pausua James Clerk Maxwell eskoziarrak eman zuen 1867an, Teoria Elektromagnetikoa aurkeztu zuenean: kalkulu matematikoak kontutan hartuta, uhin elektromagnetikoak argiaren abiaduran mugitzen zirela azaldu zuen.

Maxwellen teoria Heinrich Hertz fisikari alemaniarrak frogatu zuen 20 urte geroago. Osziladore baten bidez, uhin elektromagnetikoak sortu zituen eta argiaren ezaugarriak dituztela erakutsi zuen. Horrela, argi gelditu zen bidaltzeko eta jasotzeko tresna egokiak izanez gero, posible zela soinua airean zehar garraiatzea.

Handik aurrera, zientzialari ugari ibili ziren garraio hori hobetzeko asmotan. Edouard Brandly frantziarrak uhin elektromagnetikoak antzematen zituen cohesor aparailua asmatu zuen. Alexander Popov errusiarrak, aldiz, lehenengo antena eraiki zuen.

Lehenengo transmisioak

Azkenik, tresna horiek guztiak batuta, Guglielmo Marconi italiarra esperimentuak egiten hasi zen eta 1894an, lehenengo transmisioa egitea lortu zuen: 250 metrora soinua bidaltzea lortu zuen. Handik bi urtera patentatu zuen bere asmakuntza eta, beraz, irratiaren sorrera 1896an jarri zuten.

Italian laguntzarik jaso ez zuelako, Britainia Handira joan zen Marconi eta han jarraitu zuen bere esperimentuekin. 1898an radiotelegrafia zerbitzua jarri zuen martxan, 1899an Ingalaterra eta Frantzia arteko lehen komunikazioa burutzea lortu zuen eta 1901ean Atlantikoan zeharreko lehen transmisioa egin zuen.

Laster konturatu ziren agintari eta adituak irratiaren garrantziaz. 1899ean, R. F. Mathews itsasontziak istripua izan zuen, irrati bidez ohartarazi zuten gertatutakoa eta ontzian zihoazen guztiak salbatzea lortu zuten.

Ahotsa eta musika

Hasieran, hotsa (Morse kodea) zen irrati bidez bidaltzen zen seinalea; irratitelegrafia esaten zioten asmakuntza horri. XX. mendean, ahotsak eta musika uhin elektromagnetiko bihurtzea lortu zuten, mikrofono berezi batzuen bidez. 1915ean bidali zuen lehen aldiz ahotsa Mendebaldeko Telegrafia Konpainiak (AEBak) Vermontetik eta San Frantziskon, Hawaiin eta Parisen jaso zuten.

1920an, musika klasiko kontzertu bat entzun ahal izan zen lehen aldiz irrati bidez. Marconi Wireless Ingalaterrako konpainiak egin zuen emanaldia. Handik aurrera, irrati etxeak sortzen hasi ziren. AEBetan denbora motzean horietako asko jaio ziren. 1921ean, Frantziako Estatura iritsi zen irratia eta Eiffel dorrea erabili zuten antenatzat hasieran. 1922an, British Broadcasting Company (BBC) irrati publikoa sortu zuten Ingalaterran. Espainiar Estatuko lehen irrati-etxea Radio Iberica izan zen eta 1924ko maiatzean zabaldu zuten.

irrati mikrofonoa

Hasierako urte haietako arazorik handienetako bat irrati-hargailu eskasia izan zen. Batzuk etxeko tresna zaharrekin egiten zituzten antenak eta hargailuak. Merkatuan saltzen zituztenak oso handiak eta garestiak ziren, baina denborak aurrera egin ahala, neurriz txikitzen joan ziren eta eskuragarriagoak bilakatu ziren. Horrez gainera, teknologia garatuz joan zen eta kalitatez hobeak ziren aparatuak egin zituzten.

Aurrerapausu teknologikoak

Irratia erabat aldatu zuen beste aurrerapauso bat FMaren (Frecuency Modulation) sorrera izan zen. Ordura arte, AM (Amplitude Modulation) sistemaren bidez modulatzen zen soinua, baina FMak kalitate hobea ematen du, nahiz eta ez den AMa bezain urrutira heltzen.

XX. mendean zehar, zalantzaz betetako hainbat momentu igaro ditu irratiak, telebistaren sorrera esate baterako. Hasieran, irudiak zabaltzeko aukerarekin, irratia desagertuko zela uste izan zuten askok, baina ez da horrela izan eta indar handia du oraindik ere.

Teknologiaren garapenak berebiziko garrantzia izan du irratian. 1961an, esate baterako, lehen satelite artifiziala jarri zuten orbitan irratiek erabil zezaten. Horrela, seinalea askoz urrunago bidaltzea posible egin zuten: edozein igorgailuk sortzen duen seinalea satelitera bidaltzen zen lehendabizi eta handik behar zen lekura.

Gero digitalizazioa etorri zen. Soinu uhinak dituen ezaugarriak 0 eta 1 zenbakien bidez adieraztea lortu zen eta horrela, soinu hori gordetzeko eta bidali ahal izateko aukera berriak zabaldu ziren. Gaur egun, irrati emandegi askok emititzen dute modu digitalean eta, urte batzuk barru, guztiek modu hori erabili beharko dute.