Irratsaio motak
Musika ardatz dutenak dira radioformula ezagunenak, nahiz eta beste gai batzuk lantzen dituztenak ere badauden (erlijioa, osasuna...) Euskadi Gaztea, Los 40 Principales, M-80 eta Kiss FM dira gure artean gehien entzuten diren radioformuletako batzuk. Horien denen programazioaren erdigunea musika da: disko berriak aurkezten dituzte, artista ezagunenak gonbidatzen dituzte, kontzertuei buruzko informazioa ematen dute... Irrati hauek audientzia zabala daukate, batez ere, gazteen artean.
Irrati generalistek, berriz, mota guztietako gaiak jorratzen dituzte. Programen formatoa kontutan hartuz, sailkapen orokor bat egin daiteke: albistegiak, kirol-programak eta gainerakoak.
Albistegiak
Albistegietan sartzen dira informazio orokorrari buruzko saio guztiak; bai goizean, eguerdian, arratsaldean eta gauean egiten direnak, baita orduero ematen diren boletinak ere.
Saio horietan guztietan politikaz, gizarteaz eta kulturaz hitzegiten dute, baita kirolaz (hurrengo puntuan aipatuko dugu), eguraldiaz, trafikoaren egoeraz... ere. Informazio horietan, ohikoa da albistearen protagonisten testigantza soinudunak eskaintzea.
Normalean, irratiko informazioa laburra izaten bada ere, albistegi bereziak ohikoak izaten dira. Horietan elkarrizketa sakonak eta erreportajeak egiten dituzte, gaurkotasun albisteak patxadan eta sakon aztertze dituzte.
Kirol-saioak
Kiroletako erredakzioan egiten duten lanaren zati handi bat albistegietan entzuten da. Izan ere, ohiko saioaren ondoren, kirolei tartea egiten zaie eta horietan mota guztietako kirolei buruzko albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak lantzen dituzte.
Hala ere, kazetari hauen lan garrantzitsuenetako bat zuzeneko emankizunak (pilota, futbol, saskibaloi partidak, txirrindulari lasterketak...) kontatzea da. Saio horiek kirol-ekitaldiak duen iraupen bera izan ohi dute, gutxi gora behera, eta entzuleari bertan egongo balitz bezala sentiaraztea dute helburu.
Zuzeneko emankizunek lokuzio mota berezi bat sortu dute eta horretan aritzen diren esatariak horretan espezialdutako kazetariak dira.
Beste saioak
Atal honetan irrati generalista bateko beste edozein saio sar daiteke. Horietako bakoitzak bere ezaugarri propioak izan ohi ditu, baina askotan egiten dituzte elkarrizketak, zuzeneko konexioak albistea gertatu den lekuarekin, solasaldiak, eta abar.
Irrati gehienetako parrilan goizeko eta arratsaldeko magazineak sartu ohi dituzte. Saio horiek hiru ordu inguruko iraupena izaten dute eta mota guztietako gaiak antzen dituzte, batez ere gizarte gaiak eta kulturalak.
Horiez gainera, haurrentzako saioak, bidaiei buruzkoak, zorion-agurrak ematen dituztenak, musika bereziari buruzkoak eta abar sar daitezke atal honetan.
