KOMUNIKABIDEAK

Irratia Euskal Herrian

Irratiak garrantzia handia du Euskal Herrian, entzule-kopuru handia baitago. Gaur egun, SER katea eta Radio Euskadi dira lider Hego Euskal Herrian, 300.000 entzule izaten baitituzte egunero.

Irrati publikoa

Eusko Jaurlaritzak 1982ko uztailaren 19an onartu zuen dekretu bati esker, Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca S.A. Elkarte Anonimo Publikoa sortu zen. Euskal Irrati Telebista (EITB) erakunde publikoak bost irrati ditu: Radio Euskadi (gaztelaniazkoa) Bilbon, Euskadi Irratia (euskarazkoa) Donostian, Radio Vitoria (gaztelaniazkoa eta Arabako entzuleei zuzendutakoa) Gasteizen, Euskadi Gaztea (irrati-formula, euskaraz) Donostian eta EiTB Irratia (musika eta kultura, gaztelaniaz eta euskaraz) Donostian.

Euskadi Irratia

Espainiako Estatuko irrati publikoak, Radio Nacional de Españak, ere egoitzak ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Azken urteetan, gainera, beste irrati asko sortu dira Hego Euskal Herrian udalen lizentziapean. Azkenik, Radio France Pays Basquek Iparraldean euskaraz eskaintzen duen informazio-saioa aipatu behar da.

Irrati pribatuak

Estatuko irrati-kate nagusiek estazioak dituzte Euskal Herrian. SER kateak 10 estazio ditu (Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruña, Laudio, Irun, Gernika, Bermeo, Tafalla eta Tutera) eta beste hainbeste COPEk (Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruña, Eibar, Altsasu, Lizarra, Tutera, Elizondo eta Peralta). Onda Cerok (Estatuko hirugarren kate komertziala), bestalde, 5 estazio ditu (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruña eta Eibar) .

Beste kate apalago batzuek ere emisoreak dituzte Hego Euskal Herrian:

  • Herri Irratia: 4 estazio (Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Loiola)
  • Onda 10: 4 estazio (Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruña)
  • Nerbioi-Gorbea irratia: 2 estazio (Bilbo –Nerbioi Irratia– eta Gasteiz –Gorbea Irratia)
  • Radio España: 2 estazio (Iruña eta Tutera)

Irrati komertzialak, berriz, hauek dira, besteak beste: Bizkaia Irratia (Bilbo), Radio 7 (Barakaldo), Arrate Irratia (Eibar), Segura Irratia (Segura), Euskal Herria Irratia (Iruña).

Ipar Euskal Herrian Euskal Irratia aipatu behar da, euskaraz emititzen duten lau irratiek (Gure Irratia, Irulegi Irratia, Xiberoko Boza eta Antxeta Irratia) sortutako katea.