Irrati Libreak
Irrati libreen mugimendua Kataluniatik (Onda Lliure, 1979) sartu zen Espainiako Estatuan. Osina Irratia, Euskadiko lehen irrati librea, gutxira jaio zen Donostiako Amara auzoan, hiriko talde antimilitaristen eskutik. Halaber, eredu komunikatibo alternatibo hori laster zabaldu zen lurralde osoan.
Printzipio ideologikoak
Garai horretako irrati libreen oinarri ideologikoak honakoak ziren:
- Baimenik gabe emititu, uhinak okupatuz
- Kontra-informazioaren kontzeptuaren nagusitasuna
- Kultura alternatiboa bultzatu, erakundeen kulturari aurre eginez
- Entzuleen parte-hartze zuzena: pertsona oro informazio iturri izan daiteke
- Hizkuntza berri baten erabilpena: sexista, gerrazalea… ez den hizkuntza aldarrikatzen dute
- Berriemailearen subjektibotasuna eta zintzotasuna aldarrikatzen dute
Arrisku faktoreak
Potentzia txikia eta estaldura oso urria zuten irrati libreek, kultur etxeetan, gaztetxeetan, auzo-elkarteetan… kokatuta zeuden. Langileak militanteak ziren, ez profesionalak, eta autofinantzaketa zen nagusi: bazkideen kuotak, pegatinen salmenta, txosnak jaietan… Publizitatea eta erakundeen diru publikoa ez zuten onartzen, udalek eman zezaketen laguntza bat edo beste izan ezik (lokala edo ura eta argia bezalako oinarrizko azpiegiturak).
80ko hamarkadan, irrati libre ugari itxi zituzten erakundeek. Baina Poliziak irratia itxi bezain pronto zabaltzen zuten berriz irratiko kideek. Arraroa bada ere, tolerantzia 90eko hamarkadan irrati libreek bizi izan zuten gainbeheraren arrazoietako bat da. 1987. urtean eta 1989.ean frekuentzia banaketa bana egin zuen Eusko Jaurlaritzak eta baimenak ematearen estrategiak fenomenoaren oihartzun soziala ahuldu zuen erabat.
Baina irrati libre askoren itxieran beste faktore batzuk ere eragin zuzena izan zuten: belaunaldi gazteen militantzia eza eta atzerapen teknologikoak, besteak beste. Garai horretan, gainera, udal irratiak jaio ziren.
Zaila da irautea
90eko hamarkadaren hasieran irrati libreek etorkizun zalantzagarria zuten aurrean. 1992an Tas Tas Irratia jaio zen Bilbon eta bi urte geroago, irrati libreen bileran, hainbat aldaketa onartu zituzten: langileen kontratazioa edo militanteen profesionalizazioa eta teknologia berriei egokitu beharra.
Garai horretan, gizarte taldeek sortutako irratiak jaio ziren, gehienak talde euskaltzaleen eskutik. Hainbatek Udalaren laguntza dute eta frekuentziaren titularrak dira (Arrasate Irratia Arrasaten, eta Anboto Irratia Elorrion).
Mistoa da gizarte taldeek sortutako irrati horien finantzaketa-iturria: Erakunde publiko ezberdinetatik (Udalak, Aldundiak, Gobernu Autonomikoa) diru-laguntzak jasotzen dituzte eta publizitateak sortzen dituen irabaziak eta elkarteko bazkideek ordaintzen duten urteroko kuota.
Batuta, indar handiagoa
Digitalizazio garaian, batasuna da irrati libreak eta gizarte taldeek sortutako irratiak alternatibo izateko bide bakarra. 2001ean hogeita bost irratietako ordezkariak elkartu ziren Arrosan, bi helbururekin: guztien arteko elkarlana bultzatzeko oinarriak ezartzea eta teknologia berriei egokitzea. 2002an Arrosa Ekoizpen Zentroa jaio zen.
Lau eginkizun nagusi hartzen ditu bere gain Arrosa Ekoizpen Zentroak:
- Euskal Herriko komunikazio-kohesioa bultzatzea
- Euskararen erabilera sustatzea eta euskalkien ezagutza zabaltzea
- Euskal Herriko irratien arteko harremanak sakontzea eta haien arteko elkarlana erraztea
- Baliabideen trukea sustatzea (Intranet bat sortuta, zerbitzari komun batekin)
Beraz, eta laburbilduz, Arrosaren eginkizun nagusia ondokoa da: Euskarazko Euskal Herriko Komunikazio-Esparrua sendotzea, maila lokal eta ertaineko irratien elkarlanerako tresnak eskainita. Bestalde, Sarea dial alternatiboa da irrati horientzat.
