Telebistaren historia laburra
1927. urtean, Bell Telephone Companyk lehenbiziko esperientzia publikoetako bat egin zuen telebistarekin. Horrelako ekimenak ohikoak izan ziren ondorengo urteetan, irratirako materiala egiten zuten enpresetako tresnak erabilpenik gabe gelditzen ari zirenez, tresna horiek hedabide berri batekin lotu nahi zituztelako. 1929. urtean, uhin luzeen bidez igorritako telebista-saioen emankizuna inauguratu zuen The Daventry Britainia Handiko igorgailuak. Irudiek oso bereizmen maila txikia zuten.
1931. urtean, RCA boteretsuak telebista-instalazio bat jarri zuen Empire State Buildingen, New Yorken. Desordena teknikoak iraun egin zuen, egoera normaltzeko hainbat saio egin arren: 1933an 240 lerrotan igortzen zen; 1935ean 343an; 1939an 441ean eta 1941ean 525ean.
Beste bide bat
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, zerotik hasi zen berriro telebista. Irratirako materiala egiten zuten enpresak merkatu berri horretan sartu ziren buru-belarri. Irudien bereizmena eta normalizazioa izan ziren arazorik handienetakoak: AEBetan 525 lerro mantendu zituzten arren, BBC britainiarrak 405 lerrotan igortzen jarraitu zuen. Europako beste herrialdeek, berriz, 625 lerroen alde egin zuten.
Britainia Handian, baina, telebistaren garapena apur bat makalagoa izan zen; 1948an 45.000 hargailu zeuden, 1949an 240.000, 1951n 590.000, 1952an 1,5 milioi, 1957an 6,9 eta 1962an 11,8. Frantziako prozesua are makalagoa izan zen, 1953an 60.000 hargailu besterik ez baitzeuden.
Mendebaldeko Europan 1951n hasi ziren emanaldiak; Herbehereetan, Belgikan eta Danimarkan, berriz, 1953an. Austriara, Luxemburgera eta Monakora 1955ean iritsi zen,eta Suedia eta Espainiara 1956an.
Lehenengo emanaldiak
Telebistaren ezarpena, hazkundea eta garapena ulertzen baditugu, hobeto geureganatuko ditugu azken urteetan izan diren aldaketa soziologiko eta politikoak.
1948an, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Britainia Handian baino ez zeuden telebista-emanaldi erregularrak. Hamarkadaren amaieran publizitate-kanpaina handiak egin ziren Europako beste herrialdeetan, hiritarren artean telebista ezagutzera emateko.
Espainiako Estatura nahiko berandu iritsi zen telebista, Europako eta Latinoamerikako beste herrialdeekin alderatuz gero. Administrazioa ez zegoen prestatuta hiritarren bizimodua aldatuko zuen hedabidearen funtzionamendua bere egiteko. TVEren emanaldi erregularrak 1956ko urriaren 28an hasi ziren Madrilerako.
Inprobisazio handia egon zen hainbat gai garrantzitsutan (sarea garatzean, programak finantzatzean eta TVE zuzenbide, enpresa eta lan mailan antolatzean, besteak beste), baina harrigarriena da Estatuan ez zegoela merkatua hornitzeko telebista-lantegirik.
