Telebista publikotik eskaintza anitzera
1990ean telebista-sistemaren lehen aldia itxi zen Espainiako Estatuan. Urte horretan, telebista autonomiko gehiago agertu ziren (Canal Sur, TeleMadrid eta Canal 9) eta martxan zeudenekin (ETB, TV3 eta TVG) bat egin zuten; horietako batzuek, gainera, bi kate zituzten (ETB2 eta Canal 33). Gaztela-Mantxak eta Kanariar Uharteek beste hamar urtez itxaron behar izan zuten beren kate autonomikoa izateko.

Baina unerik garrantzitsuena Estatu mailako estaldura zuten hiru kate pribatu agertu zirenean izan zen: horietako bik irekian emango zuten programazio orokorra (Tele 5 eta Antena 3), eta hirugarren katea (Canal +) ikusteko, berriz, ordaindu egin beharko zen, nahiz eta irekian ere emango zituen hainbat programa.

Kateak gehitu ziren eta gizartean eta teknologian aldaketak izan ziren: lan-malgutasuna eta urrutiko agintea zabaldu ziren. Erabateko aldaketa egon zen telebista kontsumitzen zutenen ohituretan; ondorioz, telebista-enpresak berehala moldatu ziren joko-arauetara eta lehiaketa-eremu desberdinetara. Egoera berriaren adierazle nagusia telebista-industriaren agente guztiek 1993an adostu zuten akordioa izan zen: Sofresek (telebistako ikusleak neurtzeko enpresak) eskainitako datuen arabera antolatuko zen arloa.
Kate berriak
Hamarkada bat geroago, 2005eko azaroan, Cuatro Sogecable enpresa-taldearen orotariko telebista-katea jaio eta irekian igortzen hasi zen, Canal + (1990ean ordainpean igortzen hasi zen katea) birmoldatu eta Estatu osorako kate analogikoa izateko baimena esleitu ondoren. Cuatro telebista-kateak, bestalde, LTD (Lurreko Telebista Digitala) teknologia bidez ere igortzen du Espainiako Estatuan.

Halaber, La Sexta (izen komertziala laSexta du) orotariko telebista-kate pribatua da. Teknologia analogiko eta digitalean igortzen du Gestora de Inversiones Audiovisuales La Sexta, S.A. enpresa-taldearen telebista-kate horrek. 2005eko abenduaren 26an LTD teknologian igorri zuen Estatu osoan, eta analogikoan, Madrilen eta Bartzelonan (lehen probak izan ziren). 2006ko martxoaren 27an hasi zen emisio erregularra.
Itzalaldi analogikoa
Lurreko Telebista Digitala (LTD) errealitatea da jada. Espainiako Estatuko telebista-kate guztiek digitalean eta analogikoan igortzen dute aldi berean 2002ko apiriletik. Halaber, operadore digitalek ere igortzen dute, hala nola Veo TV eta Net TV. Seinale hori jasotzeko telebistari deskodetzaile bat gehitu behar zaio.
Plataforma horien bidez jaso daitezkeen telebista-kate gehienak programazio mota jakin batean espezializatu dira: naturari buruzko dokumentalak, marrazki bizidunak, musika, albistegiak, zinema... Era berean, momentu jakin batean programa bat erosteko aukera ematen dute plataforma horiek, futbol partida bat edo pelikula bat adibidez.
Itzalaldi analogikoa (izen hori jarri diote Europar Batasuneko telebista eta irratiek analogikoan emititzeari utzi eta digitalean soilik emititzea) 2010. urtean izango da Estatuan. Ordurarte, bi modutara emitituko da, baina data horretatik aurrera, LTD deskodetzailea beharrezkoa izango da telebista ikusteko.
