KONTSUMOA

Kontsumoa interneten

Internet dela eta, kontsumitzaileek beren ordenagailuan dute mota guztietako gauzak erosteko unibertso harrigarria. Erakusleiho erraldoia da sarea, eta horri esker gauza harrigarriak egin daitezke, hala nola, tresna elektroniko harrigarri bat Hong Kongen erostea eta egun gutxira etxean izatea, bitarteko elektronikoen bidez faktura ordaindu ondoren.

Merkataritza elektronikoa ikusmin handiena zuen kontsumorako tresna izatea espero zen. Baina azken urteetako esperientziak mito eta fantasia asko bertan behera utzi du. Merkataritza elektronikoa oso ongi dabil, erosketa zentralen bidez hornidurak erosten eta saltzen dituzten enpresen artean, azkartasuna eta salneurri onak izaten baitituzte; baina ez du hain ongi funtzionatzen kontsumo pribatuan. Oraindik ere hutsune handiak daude alor horretan.

Hasteko, kontsumitzaile pribatuei zuzenduriko merkataritza elektronikoak produktu kopuru mugatua du, erabiltzaileak aurrez ukitu behar ez duen haietara mugatzen da. Informazio osoa dugun produktu horietara mugatzen da.

Bestetik, logistika, hau da, produktua erabiltzaileari denbora egokian helerazteko behar diren mekanismo guztiak, erabat garatu gabe dago oraindik, azken urteetan asko aurreratu den arren. Oraindik on line erositako produktuak entregatzeko hutsuneak ugariak dira.

Azkenik, ordaintzeko sistemek ere eragin negatiboa izan dute. Diru transakzioak egiterakoan segurtasuna handiagoa den arren, sistemak ahulak dira oraindik, eta arriskutsua da banketxeko kontuaren edo kreditu txartelen datuak sarean jartzea.