Jokabideen arau argi batzuk
Produktu bat edo zerbitzu bat eskuratzen denean, kontratuzko harremana ezartzen da eskaintzen duenaren eta erosten duenaren artean, hots, alde bien arteko kontratua dago. Kontratu hori fisikoki existitu daiteke, edo ez.
Denda edo hipermerkatu batean produktu bat erosten denean ez dago kontratuaren dokumentu fisikorik, baina banku kontu bat irekitzen denean edo elektrizitate hornidura kontratatzen denean bai.
Lehenengo kasuan, erosten dugun produktuaren fabrikazioa eta salmenta arautzen duten legezko xedapenetan islatzen da kontratuzko harremana, eta tiketa edo faktura da hori egiaztatzen duen agiria. Bigarren kasuan, erostean sinatzen den agirian islatzen da harreman hori.Kontratua enpresariarekiko berdintasun egoeran egiteko eskubidea daukate kontsumitzaileek. Produktu edo zerbitzuen eskaintzek ezin dute inoiz iruzurrik eragin, eskaintzen denaren errealitatearekin bat ez etortzeagatik. Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorrak honakoa ezartzen du: produktu edo zerbitzuen eskaintza, promozioa eta publizitatea faltsua edo engainagarria egitea, iruzur delitua da.
Produktuak edo zerbitzuak eskaini eta promozionatzeko baldintzak
- 1. Idazketa zehatza, argia eta zuzenean ulertzekoa, kontratua egitearekin batera edo lehenago entregatzen ez diren testu edo dokumentuen erreferentziarik egin gabe.
- 2. Interesdunak berariaz ez duela nahi esaten ez badu, eragiketa edo aurrekontua egiaztatzeko agiria edo kopia entregatu beharra dago, behar den bezala azalduta.
- 3. Fede ona eta oreka egokia izatea inplikaturiko alderdien eskubide eta betebeharren artean; horrek abusuzko klausulen erabilera baztertzen du.
