KONTSUMOA

Defentsarik onena informazioa da

Jarduteko modurik onena, erantzukizunez eta gehiegikerietatik babestuta, produktu bat kontsumitu edo zerbitzu bat erabili aurretik gure eskubide eta betebeharrei buruz ondo informaturik egotea da. Informazioa lortzeko, Arbitraje Batzorde edo Erabiltzaileen Elkarteekin harremanetan jartzeko, kontsumitzaileek dohainikako arreta telefonora jo dezakete. Hona hemen horren zenbakia: 900 600 500.

Dena dela, egindako eragiketari dagokion ziurtagiria, kontratua edo faktura eskatu behar dugu beti, baita behar bezala zigilatutako bermea ere, egoki bada. Produktua eta saltzailearen publizitatea edukitzea ere gomendagarria da. Dokumentu horiek guztiak zentzuzko tarte batez kontserbatu behar ditugu, beharrezkoak izan daitezkeelako arazoren bat sortuko balitz, eta erreklamazioak egin behar izatekotan ezinbestekoak zaizkigulako.

Hala ere ez badugu arazoa modu egokian konpontzea lortzen, hurrengo aukerak ditugu:

  • Berriz ere adiskidetasunezko konponketa bat lortzen saiatzea bitarteko baten laguntzaren bidez. Bitarteko hau gatazkan parte hartzen duten alderdien jarrerak hurbiltzen saiatuko da, eztabaida konpontzeko aukera ematen digun akordio batera iritsi arte.
  • Erreklamazioak egitea, administrazio bidetik, Kontsumoko Arbitraje Sistemaren bitartez edo auzitegietan.

Errreklamatzeko

Produktu bat erosi edo zerbitzu baten prestazioa kontratatzerakoan arazoren bat sortzen bada, lehenengo eta behin, dauzkagun eskubideei buruz ongi informatuko gara. Ondoren, gure kexa edo eskakizun zehatza zuzenki produktua erosi zen dendan edo zerbitzua prestatu zuen pertsonaren aurrean aurkeztuko dugu, beti adiskidetasunezko konponketa batera iristeko helburuarekin. Ez badugu akordiorik egitea lortzen, gomendagarria da erreklamazioa idatziz berregitea, jasota geratu dadin.