KONTSUMOA

Publizitate iruzurtiaren aurreko erreklamazioak

Batzuetan, erabiltzaile eta kontsumitzaileek publizitateak eta iragarkiek dakartenarekin bat ez datorren produktu bat erosi edo zerbitzu bat kontratatzen dute. Konparaziozko publizitatea bereziki susmagarria izan ohi da, iragarle batek lehiakide bat erabiltzen duenean bere produktuen kalitatea azpimarratzeko. Publizitate hau legezkoa da, baina baldintza batzuk bete behar ditu.

Zure ustez publizitate bat legez kontrakoa bada, lehenbizi adiskidetasunez eskatu behar duzu eskainitakoa erabat betetzea. Zure eskaera betetzen ez bada, iragarleari idatziz eskatu beharko diozu iragarki hori kendu edo zuzentzea. Azken aukera moduan, eta iragarleak ez badu zuzenketarik egiten, ezta erantzunik ematen ere hiru eguneko epean, auzi-bidea zabalik gelditzen da, bai pertsonalki bai Kontsumitzaile Elkarte baten bidez.

Auzi-eskea bideratzerakoan, epaileak aldi baterako publizitate hori egiteari uztea erabaki dezake, publizitatean agertzen den informazioa egiaztatzen duten iragarlearen frogak balioztatu arte. Epailearen epaiak iragarleak publizitatea zuzendu edo kendu egin behar duen erabakiko du.

Datu pertsonalei dagozkien informazio, sarbide, zuzenketa edo kitapen eskubideak urratuko balira, Kontsumitzaileak Datuak Babesteko Agentziara jo beharko du, hau baita informatikaren gehiegizko erabilerari buruz aurkeztutako erreklamazioak ikertzeko eskuduntza duena. Izan ere, fitxategien arduradunei zigorra jarri ahal izango zaie euren legezko betebeharrak betetzen ez badituzte.

Gai hauei buruzko informazio gehiago lortzeko, Kontsumitzaileak hurrengo erakundeetara jo dezake: Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lurralde Elkarteetara, Kontsumitzaile Elkarteetara, eta Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoetara (KIUB).