«« Itzuli
Semantika
Esaera batzuen esangura
"Apaga y vámonos"
Gaur egun "apaga y vámonos" esapidea esaten da ezer egiteko aukerarik geratzen ez denean eta dena bukatutzat ematen denean. Esapide honen jatorria ulertzeko, duela mende batzuk Granadako Pitres herrian bi apaizek egin zuten apustuaren berri eman beharra dago. Bi apaiz horiek kapilautza militar baterako hautagaiak omen ziren eta pentsatu omen zuten postua jokatzea meza nork lasterrago eman apustua eginez. Eguna jarri omen zuten eta lehenbizikoak aldarera igo eta "Ite, misa est" (gaur egun Zoazte Jaunaren bakean esaten den bezala). Bigarrenak, alde handia atera ziola ikusirik, zalantzatxo baten ondoren, laguntzaileari esan omen zion "apaga y vámonos", alegia, "itzali hitzak kandelak eta goazemak" eta horrela irabazi omen zuen apustua.
"Se ha ido por los cerros de Ubeda"
Egindako galdera bati zuzenean erantzun ordez zerikusi handirik ez duten gauzez mintzo denaz espinieraz esaten da "se ha ido por los cerros de Ubeda". Hauxe da esapide horren jatorria: Alfonso VIII.a Ubedako hiria konkistatu nahian zebilen eta setiatu egin zuen. Hego aldea zaintzeko Alvar Fañez "Gaztea"ri agindu zion. Erregeak ez zuen lortu hiria konkistatzerik, hain zuzen hego alde hartatik laguntzak joan zitzaikielako setiaturik zeudenei, Alvar Fañez amodio kontutan ibili zelako bitartean. Alfonso VIII.ak honi galdetu zionean ea non zebilen "por esos cerros de Úbeda , Señor" (Ubedako muinoetan, Jauna) erantzun omen zion.
"Estar a la cuarta pregunta"
Gaur egun "estar a la cuarta pregunta" esapidea esaten da erabat txiro egon adierazteko. Antzina epaileek galdeketetan lau galdera egin ohi zizkioten epaitzen zutenari: ba al dugu osasunik?, ba al dugu talenturik?, ba al dugu amodiorik? eta laugarren galdera beldurgarria: ba al dugu dirurik? Itxuraz, eskarmenturik ez zutenek baiezkoa ematen zioten lehen hiru galderetan, baina ezezkoa laugarrenean. Txiroa zen norbaiti galderak egiten zizkiotenean lau galderei ezezko erantzuna ematen zien. Horregatik, denborarekin erabateko txirotasuna adierazteko esapide bihurtu zen.
