Espainieraren aldaerak
Gaztelania
Gaztelania jaio edo zabalkuntzaren lehen mendeetan hedatu zen eremuan hitz egiten da. Ondorengo hauek dira lurralde horretan maizen erabiltzen diren esamolde arrunt eta traketsak:
- Izenaren aurrean jartzen den posesiboari azentua jartzen diote: mí libro, tú casa.
- Hitz batzuen azken "-d"a "-z" bezala ahoskatzen dute eremu horretan: verdaz, Madriz. Gauza bera gertatzen da "-ct-" hizkien "c"rekin: aztor, reztor, pazto.
- Bigarren pertsonako singularraren iraganaldi burutu sinpleari "-s" gehitzen diote: salistes, vinistes.
- Gauza bati buruz ari direnean, osagarri zuzen gisa le erabiltzen dute, edo lo eta la,"le"ren ordez beste batzuetan (loismoa eta laismoa).
- Bigarren pertsonako pluraleko aginterarako infinitiboa erabiltzen dute: ¡Anda, ser buenos y traerme un regalo!
Aragoiera
Oraindik ere aragoieraz hitz egiten dute (gaztelaniaren ezaugarri batzuk ere baditu) Huescako ipar-ekialdean eta Ribagorzan. Hauek dira Aragoiko hizkeren ezaugarri nagusiak:
- Gaztelaniak galdu egin zuen "e" eta "i" aurreko "j", mantendu egin dute eta "ch" bezala ahoskatzen dute: chelar esaten dute "helar" esan beharrean (izoztu).
- Huescako iparraldean "uá" diptongoa mantendu egin da (gaztelaniaz "ué" esaten da): buano ("bueno",) eta cuallu ("cuello").
- Aragoieraren beste ezaugarrietako batzuk adibide hauetan ikus daitezke: feito "hecho", liapre "liebre",), ayutar "ayudar", flama "llama". Aipatu beharrekoa da, bestalde, ezaugarri horiek ez direla neurri berean mantendu Aragoiko hizkera guztietan.
Asturleondarra
Gaur egungo asturiera asturleondar hizkera zaharretik dator. Hizkera horri joan den mendetik bablea deitzen zaio eta tokian tokiko hizkera ezberdinak biltzen ditu.
- Ekialdeko dialektoetan aspirazioa nabari daiteke latinez "f"z hasten ziren hitzetan: hiu, ‘hijo’; hacer, ‘hacer’.
- Erdialdeko dialektoak dira gutxien zaharkitu diren hizkerak. Ezaugarririk nagusiena femeninozko plurala "-es" egiten dutela da: casa / cases, ‘casas’.
- Mendebaldeko dialektoak dira bizien daudenak. "Ei" eta "ou" diptongoak mantentzen dituzte oraindik (cantei, cantou). "Ts" modukoa den soinu batez ahoskatzen dute "ll"a ("vatse", 'valle'). Horrez gain, gaztelaniaz galdu egin zen hasierako "f-" latindarra mantendu egin da dialekto horietan : farina, fiyo.
Hegoaldeko hizkeren ezaugarri komunak
Hegoaldeko espainierak iparraldekoak baino irtenbide aurreratuagoak hartu ditu. Hegoaldeko hizkera guztiek ezaugarri komunak dituzte; hona hemen bi nagusienak:
- Silabaren bukaerako "-s" eta "-z"ren ahoskatzera lasaitzea; horrek ahoskera mota ezberdinak eragin ditu: aspirazioa (avihpa); hurrengo kontsonantearen asimilazioa (avippa); edo kontsonantea galtzea (avipa).
- "-r" eta "-l" nahastea silaba bukaeran daudenean: cuelpo, mujel, peol.
Andaluziako hizkerak
Andaluziako hizkerak dira hegoaldekoetatik gehien bereizten direnak eta bere buruaren baieztapenerako izaera gehien dutenak. Bere-berezkoak diren ezaugarri batzuk ditu, adibidez: zizipaza eta sisipasa, eta bokalarteko "-d"a galtzea.
- Andaluziako iparraldeko eremu batean izan ezik, gainerako lurralde osoan ezinezkoa da "s", "c" eta "z" hizkiak bereiztea (sisipasa eta zizipaza). Casa eta caza hitzak, adibidez, berdin ahoskatzen dituzte.
- Bokalarteko "-d"a ez dute partizipioko amaieretan bakarrik galtzen eta graná 'granada', asaúra 'asadura' -barrukiak-) bezalako hitzak entzun daitezke.
Andaluzieraren barnean bi eremu nagusi bereiz daitezke:
- Mendebaldean (Huelva, Cádiz, Sevilla, Málaga eta Kordoba) garai batean hasierako letra "f" zuten hitzetan, hasierako "h"a aspiratu egiten dute: harto. Bestalde, ohikoagoa da ustedes-en (ustedes hacen edo ustedes hacéis) erabilera vosotros-ekin alderatuz gero.
- Ekialdean, bestalde, silabaren amaierako "s"aren ondoren datozen bi bokalen irekidura egiten dute (gainerako hizkeretan galdu egin zen): hala, sordos esan beharrean sordO ahoskatzen dute eta pesos esan beharrean, pesO esaten dute.
Kanariar hizkerak
Andaluziera izan zen Kanarietako eta Amerikako espainieraren jatorrizko hizkera eta hori dela eta, hegoaldeko espainieraren ezaugarri asko dituzte kanariar hizkerek.
Sevilla oso garrantzitsua izan zen Atlantikoz bestaldeko zabalkuntza garaian eta hori dela eta, Sevillakoak zirela uste zen ezaugarri asko ageri dira Kanarietan; zizipaza eta sisipasa edo ustedes hacen formak, besteak beste.
Kanariar artxipelagoa izan zen Amerikako eta penintsulako espainolen arteko bitartekaria eta horregatik aurki ditzakegu kanariar hizkeretan penintsulan horren maiz aurki ez ditzakegun zenbait amerikanismo. Adibidez: papa, 'patata'; guagua, 'autobusa'.
Amerikako espainoletik hartutako eta andaluzierarekin bat datozen beste ezaugarri batzuez gain, kanariarrak berezitasun ugari ditu; adibidez: gaztelaniakoaren oso ezberdina den ahoskatze ugariak "ch"rentzat eta batik bat, berezitasun hori berezko hiztegi batek erakusten du nabarmen.
Dialektoak eta hizkerak
Denboran eta lurraldean hedatu ahala hizkuntza batek pairatzen dituen aldakietatik sortzen dira dialektoak. Espainieraren dialekto kontsidera ditzakegu ondorengo hauek: andaluziarra, kanariarra, eta Gaztela eta Leoneko gaztelania.
Hizkera hitza dialektoren sinonimo bezala erabiltzen da, baina batik bat, hedadura eta dialektoak baino kohesio txikiagoa duen eta hizkuntzarekin ezberdintasun gutxiago dituen aldakia izendatzeko.
Isoglosa
Isoglosa da hizkuntz fenomeno jakin bat zein eremutan aurki daitekeen mapa batean zehaztuko lukeen marra.
Extremadurako hizkerak
Extremadurako dialektoak berezkoak dituen ezaugarriak ditu; hauek dira horietariko batzuk:
· Latinez "f"z hasten ziren hitz askoren hasierako "h"a asimilatu egiten dute. Adibidez: hacha. Gauza bera gertatzen da espainoleko "j" letraren ahoskerarekin: maho, 'majo'.
· Leoneraren aztarnak aurki daitezke; "-ino" txikikaria esate baterako (chiquinino).
· Extremaduran berezkoak diren hitzak; adibidez: bicio, 'simaur'; herrete, 'ezten'.
Murtziako hizkerak
Murtziako hizkeretan honako berezitasun hauek aurki ditzakegu:
· Sisipasa aurki dezakegu leku batzuetan, Cartagena inguruan bereziki.
· "-ico" atzizki txikikaria erabiltzen dute.
· Murtziako eremu ugaritan bere-berezko hitzak entzun daitezke; adibidez: asobinado, 'apoyado, recostado'; corvilla, 'hoz'.
Judu-gaztelania
1492an Espainiatik bidali zituzten juduek hitz egiten zuten hizkeratik datorren aldakia da judu-gaztelania edo sefardia. XV. mendeko hizkuntzaren ezaugarri batzuk mantendu ditu, baina dialekto honek jasan duen berezko bilakaera ere suma daiteke.
Gaur egun judu-gaztelaniaz hitz egiten duten gizarte talde batzuk bizi dira Marokon, Israelen eta Istanbulen.