LITERATURA

XV. mendea (I). Kantutegi motako poesia

XV. mendeak Erdi Aroko mundua suntsitzea ekarri zuen. Estamentuen egitura zorrotzaren ordez, mugikortasun handiagoko egoera ezarri zen gizartean. Literaturaren arloan, Erdi Aroko moduek eta gaiek indarrean egoten jarraitzen zuten, baina Errenazimentuan sortu zen espiritu berritzaile eta burgesaren lehenengo ukituak agertzen hasi ziren. Horren erakusgarria da kantutegien agerpena. Kantutegiak gorteko poetek monasterioen mundutik urrundutako irakurleen gozamenerako egindako obrak ziren eta une horretara arte, monasterioetan baino ez zen lantzen poesia landua.

Aurre-errenazimentua

Garai horretan, ezegonkortasun egoera zen nagusi. Patua, maitasuna eta heriotza ziren mende horretako literaturako gai garrantzitsuenak. Bi jarrera nagusi agertu ziren: alde batetik, gizakiaren iheskortasunak eta bakardadeak desengainua sorrarazten zuten, literatura islatzaile eta serioaren bidez; bestalde, orainaldiaren ezinbesteko gozamena. Bi jarrerak batera agertu ahal ziren idazle berarengan, baita obra beraren barruan ere.

Gorteko tradizioa

Erdi Aroan zehar, Elizak garrantzia galdu zuen kultur arloan. Nobleen artean, irakurle mota berria sortzen hasi zen, irakasteko asmorik gabeko literaturan interesa zuena. Gortea eztabaida poetikoen gune bihurtu zen eta kultura klase aristokratikoaren hezkuntzaren ezinbesteko zati bilakatu zen.

Egoera honetan, kantutegi motako poesiak eta gorteko korrontearen beste agerraldi batzuek gora egin zuten, baita sentimenduzko eta zalduntzazko (18. gaia ikusi) liburuek ere.

Poesia: kantutegiak

XV. mendeko literaturaren ezaugarri nagusia ezagutzen ditugun poeten kopurua itzela da. Gaur egun beraien berri dugu beren obrak taldeko zein banakako poeten olerkien bilduma askotan bildu zirelako. Bilduma horiei kantutegiak esaten zaie.

Kantutegietan, Gorteko zenbait pertsonaiaren poemak biltzen ziren. Pertsona horiek beren buru-argitasuna erakusten zuten konposizio horien bidez. Bilduma garrantzitsuak dira Cancionero de Stúñiga, Cancionero de Baena, Cancionero musical de Palacio eta Hernando del Castilloren Cancionero general (1511).

  • Maitasun-poesiak oraindik mantentzen du jatorri proventzaleko trobalarien tradizioaren eragina. Maitasunak Gorteko maitasunaren ohiturak islatzen ditu eta zalduna damaren menpe dagoen zerbitzu gisa hartzen da. Poesia abstraktua da, ulertzeko zaila, horretan erabilitako aditzen kontzeptu-maila oso altua baita.
  • Poesia didaktiko-moralaren ezaugarria hizkera jasoa eta serioa da. Poesia mota horretan, zeharkako aipamen jakintsuek eta latin kutsuko hizkerak mundu klasikoarengatik sentitzen zen interesa islatzen dute, Italiako autore handien eraginetik zetorrena, hain zuzen ere: Dante, Petrarca eta Boccaccio (52. gaia ikusi).

Santillanako Markesa

Santillanako Markesa mendearen lehenengo erdiko noble boteretsuenetako bat izan zen. Letra-gizon honek bere garaiko liburu-bilduma onena batu zuen Guadalajaran zuen jauregian. Kulturarengatik sentitzen zuen interesak literatur berrikuntzen jakinaren gainean egotea ekarri zion, eta latinezko nahiz italierako obrak gaztelaniara itzularazten zituen.

Santillanako markesak maitasun gaiaren inguruko hainbat poema alegoriko idatzi zituen. Bere obren artean honako hauek dira aipagarrienak: Comedieta de Ponza, eduki poetikoa eta morala duen poema, eta Bías contra Fortuna, bizitzari buruzko gogoeta estoikoa. Era berean, oso ezagunak dira bere serranillak, herri-jatorria dutenak.

Juan de Mena

Juan de Mena (1411-1456) bere garaiko poeta onena izan zen, bere garaikide eta ondorengoen ustez. Gaztelako Juan II.aren zerbitzuan zegoen abokatu honek maitasun-poesia eta alegoria morala landu zituen. Bere estiloaren ezaugarri nabarmenenak erudizio handia eta apaindura gehiegi dituen latin kutsuko hizkera dira.

Bere obra handiena Laberinto de Fortuna da, Las trescientas izenaz ere ezagutzen dena. Bertso-lerro luzeko kopletan idatzita dago: koplak hamabi silabako lau bertsoko ahapaldiz osatuta daude eta ahapaldi horiek eten irmoa eta errima kontsonantea dituzte, eta azentu-eskema zorrotz bati jarraitzen diote.

Jorge Manrique

Jorge Manrique (1440-1479) kantutegi motako generoaren ereduei zorrotz jarraitzen dien hainbat maitasun-konposizioren egilea da. Hala ere, bere poema ezagunena aita hiltzean idatzitako Coplas da.

Coplas izeneko obran elementu tradizionalak oso modu originalean nahasten dira. Jorge Manriquek heriotzaren botere barkaezina azaltzen du argitasun analitikoz, amaiera iradokitzen duen bitartean eta irakurlearen aurrean suntsiketaren laztura agertu gabe.

Heriotzak dakartzan ondasun mundutarren galerak oroipen nostalgikoa sorrarazten dio poetari, sentimen-xehetasunean arreta berezia duena. Horrek gehiago iradokitzen du bizi-gozamena, kristauek lurreko ondasunen aurrean erakutsi beharreko mesprezua baino.

Poema hiru zatitan bana daiteke:

  • Lehenengo zatian (1-13 koplak), heriotzari buruzko gogoeta abstraktuak egiten dira.
  • Jarraian (14-24 koplak), poeta gelditu egiten da, aspaldiko pertsonaia historikoak gogora ekartzen.
  • Azkenik (25-40 koplak), Manriqueren aita zen Rodrigo maisuaren heriotza azaltzen da.

Neurritasun artistikoa nagusi da konposizio osoan. Soiltasuna hizkeran eta bertso-lerro hautsiko ahapaldiaren ereduari jarraitzen dion modu metrikoan agertzen da nabarmen. Ez dago apaindura erretorikorik, ezta ikuspen alegoriko ulertezinik ere, orokorretik partikularrera doan azalpena baizik.

Herio-dantzak

Urte horietan, ugariak ziren herio-dantzak. Horietan heriotzak hainbat pertsonaiari deitzen die bere dantzan parte har dezaten. Erdi-antzerkia diren pieza horietan espiritu makabroa eta mendekaria nagusitzen da: pertsonen gizarte-maila edozein dela ere, herioa amaiera da guztientzat.

 

Humanismoa

Santillanako markesa (1398-1458), Jorge Inglesen erretaularen zatia.

Garai horretan, humanismoa ren aldeko interesa sortu zen. Mugimendu hori Italiatik etorri zen eta ardatz nagusitzat klasikoak berreskuratzea eta Antzinaroa, filosofia morala eta historia aztertzea zuen.

Erdi Aroko gaiak eta jarrerak latina imitatzen duten sintaxi eta hiztegi zail baten bidez adierazten dira. Bertan mundu klasikoari egindako zeharkako aipamen kulturalak anitzak dira.

 

Ubi sunt?

Garaiko literatura kristauak bizitzaren iheskortasuna azpimarratu zuen, ubi sunt? ('non daude?') topikoaren bitartez. Horrekin, lurreko ondasunak mesprezatzera bultzatzen zuen jendea, etorkizuneko bizitza eskuratu ahal izateko. Manrique topiko horretaz baliatu zen bere Coplas lanean.

 

Bertso-lerro hautsiko kopla

Manriqueren Coplas lanean erabilitako ahapaldia bertso-lerro hautsiko kopla edo manriqueña izenekoa da, bi seikotxoz osatuta dagoena. Hurrengo eskema metrikoari jarraitzen dio:

8a 8b 4c 8a 8b 4c
8d 8e 4f 8d 8e 4f

"Nuestras vidas son los ríos
que van a dar en la mar,
que es el morir;
allí se van los señoríos
derechos a se acabar
y consumir;
allí los ríos caudales,
allí los otros, medianos
y más chicos,
allegados son iguales
los que viven por sus manos
y los ricos".