LITERATURA

XV. mendea (II). Prosa eta antzerkia. La Celestina

Poesian (7. gaia ikusi) bezala, XV. mendeko prosan eta antzerkian Errenazimentuko bide berriak jadanik antzematen ziren. Hala ere, Erdi Aroko ereduek agertzen jarraitzen zuten oro har, arlo didaktikoa eta gai erlijiosoa nagusitzen zirelarik. Dena den, literatur denboraldiaren aldaketa adierazi zuen lana La Celestina izan zen, prosa eta antzerkiaren artean dagoena.

Prosa

XIV. mendean (6. gaia ikusi) sortu zen entretenimendu-prosak, garapen nabarmena izan zuen mende honetan:

  • Prosa didaktikoak, pertsonak hezi eta jokaerak aldatzeko Erdi Aroko helburua jarraitzen du. Korronte horretako lan aipagarrienetako bat Talaverako artzapeza zen Alfonso Martínez de Toledoren (1398-1468) Corbacho da, asmo didaktikoa eta nolabaiteko etorri kritiko-satirikoa batzen dituena.
  • Prosa historikoa izugarri garatu zen mende honetan, Antzinaroko historialarien imitazio gisa zein noble eta erregeentzako propaganda gisa. Horren emaitza erregealdien kronika, leinu-liburu eta pertsonaia ospetsuen biografien kopuru erraldoia da.
  • Fikzio-prosa mende honetan garatu zen, bi genero ezberdinen bidez:
    • Zalduntzazko eleberriak zaldun ibiltari baten abenturak kontatzen ditu. Heroismoak eta dama batekiko maitasunak edozein oztoporen aurrean bera garaile izatea eragiten dute. Genero honetako maisu-lanak El Amadís de Gaula eta Tirant lo Blanc katalana izan ziren. Ospe handiena XVI. mendean izan zuen genero honek.
    • Sentimendu-eleberria burgesiako gustu eta ideal berriekin bat zetorren.

Antzerkia

Gaztelan, Erdi Aroko antzerki-lanak oso urriak izan ziren eta eszena erlijiosoei buruzkoak baino ez ziren. Egia esan, dramatikotzat jo dezakegun lehenengo idazlea Gómez Manrique (1412-1491) da, Representación del Nacimiento de Nuestro Señor obraren egilea, alegia. Obra hori Erdi Aroko tradizioaren barnean kokatuta dago oraindik ere.

XV. mendearen amaierako egile bati esker, Juan del Encinari (1468-1529) esker hain zuzen ere, piztu zen antzerkia erabat. Idazle hori Errenazimentuko gustu eta forma berrietara hurbildu zen eta Erdi Aroko gai zaharkituetatik urruntzen ziren antzerki-lan profanoen benetako tradizioari ekin zion. Nabarmenenak bere eglogak dira, hots, artzainek antzeztutako elkarrizketak.

Juan del Encinaren Égloga de Plácida y Victoriano, 1513an estreinatu zen. Horrela, gai profanoak Erdi Aroko gai erlijiosoak ordezkatu zituen.

La Celestina

La Celestina XV. mendeko obra adierazgarriena da. Horren bidez, Erdi Aroko literatura amaitu eta Errenazimentua iragarri zen.

La Celestina obran honako hauek agertzen dira elkartuta: Erdi Aroko gorteko mundutik etorritako maitasun-idealismoa eta garai horretako hirien giro burgesa, etxe oneko pertsonaiak eta mirabeen mundua, eta latin kutsuko estilo erretorikoa eta esamolde arruntenak.

LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Istorioa

Obraren ardatz narratiboa Calisto eta Melibearen arteko maitasun-kontuak dira.

Calisto halabeharrez sartu da Melibearen ortuan. Neskari beragan sortu duen grina adierazten dio, baina neskak arbuiatu egiten du. Bere morroia den Sempronioren aholkuari jarraiki, Celestina izeneko bitartekariarengana jotzen du.

Celestina limurtzeko duen gaitasunaz eta dituen arte magikoez baliatuko da, Melibearen nahia aldatzeko, baina Calistok emandako saria jasotzean, Parmenok eta Semproniok neska hil egingo dute, beraiekin ez partekatzeagatik.

Bitartean, Calistok Melibearekin jarraitzen du harremanetan, gau batean mutila lorategiko hormatik erori eta hil zen arte. Melibeak gertatu den guztia kontatzen dio bere aitari eta bere buruaz beste egiten du, dorre batetik salto eginez.

Obraren amaieran, Pleberiok negar egiten du, bere alabaren heriotza dela eta.

Gaia

La Celestinan Erdi Aroaren amaieran jendeak burutik kendu ezin zituen hiru gaiak agertzen dira: maitasuna, patua eta heriotza. Hala eta guztiz ere, gaiak jorratzeko erabili zen ikuspuntuak Erdi Aroko estereotipoak gainditu zituen, Errenazimentuko ezaugarrietako bat izan zen indibidualismoa aurreratuz.

  • Maitasuna: Saiatu arren, Calisto ez da gorteko maitasunaren eredura egindako maitalea, egoista hutsa baizik. Melibeak era aktiboan hartzen du parte prozesu osoan eta ez da damutzen.
  • Patua: halabeharrak agintzen du gertaeretan, baina patua ez da guratsua, baizik eta ekintza guztiak modu sinesgarrienean lotuta daude.

Generoa

Obra elkarrizketez osatuta dago. Fernando de Rojasek komedia humanistikoaren ereduari jarraitu zion; genero hori Plauto eta Terentzioren antzerki latindarra antzeratzen zuten Italiako unibertsitateetan sortu zen.

Hala ere, ez da antzezteko antzerkia, ahots ozenez irakurtzeko baizik eta horrelakotzat hartu omen zuten Rojasen garaikideek.

Gaur egungo ikuspuntutik, obrak baditu eleberritik hurbil kokatzen duten ezaugarriak, hala nola, luzera edo eszena ez dramatikoen kopuru handia.

XV. mendeko hizkuntza literarioa

Errenazimentu aurreko prosa, latindar klasikoen eta Italiako literaturaren antzeratzean oinarritzen zen gehienbat. Ondorioz, ezaugarri nagusiak latinismoez eta zeharkako aipamen kulturalez betetako sintaxia eta hiztegia dira. Aldi berean, testu literarioetan herri hizkera erabiltzen hasi zen.

 

Sentimendu-eleberria

Los cinco libros del esforzado e invencible caballero Tirante el Blanco obraren azala. Gaztelaniazko bertsioa, Valladoliden 1511n datatua.

Intimismoaz eta subjektibotasunaz markatutako eleberri honetan, maitasun-grina xehe-xehe aztertu ondoren deskribatzen da, ia akziorik ez dagoela. Diego de San Pedro ren (?-1498ren ondoren) Cárcel de amor obra, eleberri mota horretako erakusgarri onena da.

 

Egilea

La Celestinaren aurretik agertzen den eskaintzan, Fernando de Rojasek lehenengo atala idatzita aurkitu zuela adierazi zuen eta horren ondoren, obra idazten jarraitzea erabaki zuen. Horretarako, bi aste besterik ez zuen behar izan.

Ez dakigu nor den lehenengo atalaren egilea. Fernando de Rojasi buruz, badakigu Puebla de Montalbanen (Toledo) jaio zela eta Salamancan ikasi zuela. Hor La Celestinan eragina izan zuten obra latindarrak eta italiarrak irakurri zituen.

 

Egilearen asmoa

Gai honi buruz polemika txiki bat dago. Egileak obra maitemindu zoroen aurka idatzi zuela esan zuen hitzaurrean. Badirudi pertsonaiak hiltzeak asmo moralizatzaile hori indartzen duela. Hala ere, Rojasen jarrera anbiguoa da, obrak eduki erotiko handia baitu.

 

Adierazpen-aberastasuna

Rojasek erabili zuen estiloaren ezaugarria adierazpen-aberastasuna izan zen, estilo jaso eta herrikoiaren arteko txandaketan dagoena. Horrez gain, horrek akzioari sinesgarritasuna ematen laguntzen du. Pertsonaiek beren gizarte-mailaren arabera hitz egiten badute ere, badakite egoerara eta solaskide duten pertsonaren beharretara egokitzen.