LITERATURA

«« Itzuli

Garcilasoren ondoko poesia

Aszetika eta mistika

Felipe II.aren erregealdian egon zen asaldura erlijiosoaren giroak bi korronte espiritual ekarri zituen berekin: aszetika eta mistika.

  • Aszetika otoitz eta sakrifizioaren bidez lortzen den hobekuntza espiritualerako bidea da. Horrek arima prestatzen du, Jainkoarengandik datozen dohainak jasotzeko.
  • Mistika hobekuntza espiritualeko egoera da; horretan arimak Jainkoaren presentzia sentitzen du, haren dohainak jasotzen ditu eta azkenean, berarekin bat egiten du.

Frai Luis de León, Libro de Pacheco liburuko grabatu baten arabera. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRID.

Frai Luis de León (1521- 1591) Belmonten (Cuenca) jaio eta Madrilen hil zen. Juduengandik etorritako familia kapare baten kidea zen. Katedratikoa izan zen Salamancan. 1572tik 1576ra kartzelan egon zen Inkisizioaren aginduz, Bibliako pasarte batzuk herri hizkerara itzuli izana leporatzen baitzioten. Poeta eta prosista aparta ez ezik, ospe handiko teologoa eta biblista ere izan zen. Bere tratatuen artean, Cantar de los Cantares obrari egindako iruzkinak eta Libro de Job obrarako azalpena nabarmentzen dira.

San Juan de la Cruz.

Juan de Yepes (1542-1592), San Juan de la Cruz izenaz ezaguna, gizarte-maila apalekoa zen. Fontiverosen (Avila) jaio zen eta umezurtz geratu zen, aita hil zitzaion eta. Bederatzi urte zituela, karmeldarren ordenan sartu zen eta Santa Teresa ezagutu zuenean, erreformistenean sartzea erabaki zuen. Hori dela eta, kartzelan egon behar izan zen hilabete batzuez. Segovian hil zen, hor priorea zela.