LITERATURA

Miguel de Cervantes

Cervantesek Aristotelesen Poetikari (7. gaia ikusi) buruzko polemikak ez ezik genero berriak arau klasiko batzuei lotzeko modua ere oso ondo ezagutzen ditu, eta bere obrara egokitzen saiatzen da. Poetika honen funtsezko oinarria egiantzaren bidez imitazioa mantentzea da, baina asmaketari garrantzi handia emanez. Azken hau irudimen sortzailetzat har daiteke, edozein obraren helburua lortzeko, hau da, "mirestea, esekitzea, entretenitzea eta poztea ".

Bizitza

Miguel de Cervantes Saavedra (1547-1616) Alcala de Henaresen jaio zen. Rodrigo de Cervantes kirurgilariaren eta Leonor de Cortinasen semeak, bere lehenengo urteak Valladoliden, Kordoban eta Sevillan eman zituen. Ez dakigu zein ikasketa egin zituen, baina ez dirudi unibertsitate-ikasketak egin zituenik.

1571 urtean soldadu egon zen Italian eta Lepantoko batailan hartu zuen parte. Egitandi hau harrotasunez gogoratzen du askotan. Bataila honetan bularrean zauritu zuten eta ezkerreko eskua ezindua geratu zitzaion, baina soldadu jarraitu zuen, harik eta 1575ean bere anaiarekin batera galera batean zihoala, hau harrapatu eta biak Aljerrera preso eraman zituzten arte. Bertan bost urte eman zituen, izan ere 1580 izan zen bere familiak eta hirukoiztarrek erreskateko diru guztia lortu zuten urtea.

1587an, jada ezkonduta, zerga-biltzaile lanetan aritu zen Andaluzia osoan zehar. Lan honek Sevillako kartzelan denboraldi labur batez egotea ekarri zion, eta suposatzen da bertan sortu zela Quijote lana. 1602 inguruan Valladoliden bizi zen bere emazte, alaba eta bi arrebekin. 1606an Madrilera joan ziren, bertan mezenas batzuei eta bere lanen argitalpenari esker bizi izan zen.

Cervantesen erretratua, Juan de Jaureguik egina, 1600 (Real Academia Española, Madril)

Antzerkia

1615ean, Cervantesek Ocho comedias nuevas y ocho entremeses nuevos izenburua duen antzerki-bilduma argitaratu zuen. Hau ez da inoiz antzeztu eta hitzaurrean 1580ko hamarkadan idatzitako beste komedia batzuk aipatzen ditu, hauetatik bi baino ez daude gordeta.

Komediak

Gaiaren arabera, horrela sailkatu ohi dira: gatibu-komediak, santu-komediak, zaldunezkoak, ohiturazkoak eta amodio-kontuzkoak. Hauen artean honako hauek nabarmentzen dira: Los baños de Argel, La gran sultana, gatibutasunaren gaia jorratzen dutenak, eta Pedro de Urdemalas, giro pintoreskokoa dena.

Tragediak

Cervantesen lan dramatiko ospetsuena La Numancia tragedia da, 1585 inguruan egina. Protagonista kolektiboak dituen obra da eta eredugarria da setiatzaile eta setiatuak portaera militarreko eredu gisa aurkezten dituen aldetik.

Entremesak

Cervantesek lehenagoko entremes mota eta generoetara jo zuen, Lope de Ruedaren tradizioa jarraituz, baina pertsonaiei genero honek baztertu zuen gizatasun-ukitu bat emanez.

Eleberria

Narrazioan, Cervantesek eredu nabarmenenak gainditzea lortu zuen, agortuak ematen zuten alorretan bide berriak urratuz.

Artzain-generoa.La Galatea

Cervantesen lehenengo nobela izan zen, 1585ean idatzia. Montemayorren (12. gaia ikusi) La Dianaren tradizioa jarraitzen du.

Sei liburutan banatuta dago eta osagai desberdinak ditu, generoaren araberakoak: maitasun-narrazio bat; pasio honi buruzko digresio teorikoak; antologia poetiko zabal bat; poesiari buruzko eztabaida teorikoak; literatur kritika...

Abentura-eleberria edo bizantziarra

Cervantesen azken lana Los trabajos de Persiles y Sigismunda izan zen eta Heliodoro greziar idazle miretsiarekin lehiatu nahi zuen. Azken hau Teagenes y Cariclearen egilea da.

Novelas ejemplares

1613an hamabi «eleberriko» bilduma hau argitaratu zuen, datazio ezezagunekoa eta era askotako gaiak dituena.

Guztietan ekintza «benetako istorio» legez aurkezten da, irakurleetatik gertuko leku eta denboran gertatua. Ekintza errealitate historikoaren eta benetako pertsonaien artean txertatzean, errealismo sentsazioa nabarmena da.

Quijotea

Cervantesen lanik ospetsuena, Quijotea, bi zatitan argitaratu zen. Lehenengoa 1605ean, El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha izenburuarekin, eta bigarrena 1615ean, Segunda parte del ingenioso caballero Don Quijote de la Mancha izenburuarekin.

Lehenengo zatian Don Quijotek herrixkatik irten zeneko lehenengo bi aldietan bizi izan zituen abenturak kontatzen dira. Zentzumenei iruzurraren gaia da nagusi, zaldunezko liburuek (12. gaia ikusi) Alonso Quijanori eragindako erotasunagatik. Pasarte komiko ugari gertatzen dira, bertan zaldunezko nobelen edukia parodiatzen delarik.

Bigarren zatian Don Quijote eta Sanchok beren hirugarren ateraldian bizi izandako abenturak kontatzen dira. Orain zalduna errealistagoa azaltzen da eta beste pertsona batzuen engainua jasaten du. Etxean egonda, Don Quijote bere senera etortzen da eta zaldunezko liburuak gaitzesten ditu.

Interpretazioa

Lanaren arrakasta berehalakoa izan zen eta mendeetan iraun du, baina garai bakoitzak bere erara ulertu du. Bere garaian liburu komiko bat izan zen funtsean, baina Erromantizismoarekin, lana, ideala eta benetakoa denaren arteko liskarra, askatasun eta gizarte-eragozpenen artekoa, utopia eta ezarritako ordenaren artekoa planteatzen duen eleberri nagusiena bihurtzen da. Hau da, gaur egun ere, interpretaziorik hedatuena.

Quijotearen 1605eko edizioaren azala. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Cervantesen joan-etorriak

Cervantesek abenturaz jositako bizitza izan zuen. 1571. urtean besomotz gelditu zen turkoen aurka borrokatzen zuela Lepantoko batailan. Jasotako zauriez sendatu zenean, beste espedizio batzuetan borrokatzen jarraitu zuen. 1575. urtean, Napolitik Espainiako Erreinura itzultzen ari zenean, pirata berberek bidaiatzen zihoan itsasontzia atzeman zuten. Aljerrean bost urtez kartzelan egon zen. Esperientzia hauek guztiak bere lanetan islatzen dira, eta bereziki bere antzerki-lanetan Los Baños de Argel izenekoan esaterako.

 

Cervantes, olerkari

Orokorrean, Cervantesen poesia prosazko liburuetan aurkitzen da, La Galatean bereziki. Antzerkiarekin gertatzen den bezala, poesiaren estetika 1580ko tradizioan mugitzen da, Garcilaso eredu nagusia izanik. Bere poesiaren hoberena erromantze, kanta oktosilabikoetan eta poesia satirikoan aurkitzen da.

 

Antzerki-teknika

Cervantesen antzerki-lanak, orokorrean, 1580 inguruko antzerki-tekniketan kokatzen dira. Interes berezia ematen dio pertsonaia-multzoari protagonisten kalterako, antzezte-koadro handietara eta tramoiak erabiltzera jotzen du, baita entremeseko pertsonaiak erabiltzera ere, xelebrearen (16. gaia ikusi) ordez.

Entremesak salbu, Cervantesen antzerki-lanak antzerki arkaikoa ziren, baina interes handikoak bere gainerako obrarekin zuten koherentziagatik.

 

Entremesak

Entremesen izenburuak honako hauek dira: La elección de los alcaldes de Daganzo, El retablo de la maravillas, hemen odol-garbiketaren gaiari heltzen dio ironiaz; El juez de los divorcios; El rufián viudo; El viejo celoso eta La cueva de Salamanca, hauetan engainatutako senarren kasu bi jorratzen ditu; La guarda cuidadosa eta El vizcaíno fingido.

 

Novelas ejemplares

Beren agerpen-ordena jarraituz honako hauek dira: La gitanilla, El amante liberal, Rinconete y Cortadillo, La española inglesa, El licenciado Vidriera, La fuerza de la sangre, El celoso extremeño, La ilustre fregona, Las dos doncellas, La señora Cornelia, El casamiento engañoso eta El coloquio de los perros. Egia esan, azken biek eleberri bakarra osatzen dute bigarrena lehenengoan tartekatzen baita.

 

Narratzailea

Cervantesek, bere obra berak aurkitutako eskuizkribua besterik ez izatearen itxurak egiten ditu. Horrela, zaldunezko liburuetan ohikoa den baliabide bat erabiltzen du: atzerriko hizkuntzako autore faltsu batengana jotzea (Cide Hamete Benengeli), azken hau parodiatzeko. Baina ohi ez bezalako egiantza maila batean, pertsonaiek, bigarren zatiaren hasieran, lehenengoa irakurri dute.

 

Pertsonaiak

Bere pertsonaia nagusiak bi figura unibertsal dira. Don Quijotek idealismoa adierazten du, Sanchok izaera praktikoa, materialismoa. Baina Don Quijote eta Sancho bizirik dauden bi pertsonaia dira, gizatiarrak, nobelan zehar aldatzen direnak eta elkarrengan eragina dutenak.