LITERATURA

XVII. mendeko prosa

Cervantes (13. gaia ikusi) Errenazimentuko poetikaren azken adierazgarrietarikoa da. XVII. mendeko prosa joera bitan adarkatzen da: batak apaindurara jotzen du eta bestea hitz gutxitan asko esatean datza. Lehenengoari eleberrigile ugarik eta sermolari nahikok heldu zioten. Bigarrenarekin historialari eta moralista askok egin zuten bat. Hauen artean, Quevedo (1580-1645) eta Gracian (1601-1659) nabarmentzen dira.

Generoak

  • Eleberri laburra modan egon zen Cervantesen Novelas ejemplares argitaratuz geroztik (13. gaia ikusi).
  • Bizantziar eleberria (12. gaia ikusi) Cervantesena ere den Trabajos de Persiles y Sigismunda agertuz gero (13. gaia ikusi).
  • Satira menipea, latinez idatzi ohi zena, bere unerik onenera heltzen da Quevedorekin.
  • Literatura enblematikoa irakaskuntzarako erabiltzen zen. Bere ezaugarria honetan zetzan: marrazki bat eta hau inguratzen zuen esaldi bat, azken honen esanahia, ondoren, saiakera labur batean gauzatzen zelarik.
  • Eleberri pikareskoa. Lazarillo (12. gaia ikusi) nahiko irakurri bazen ere, ez du generorik sortzen Mateo Alemanek (1547-1616?) 1599 urtean Primera Parte del Pícaro Guzmán de Alfarache, atalaya de la vida humana argitaratu arte, Segunda Parterekin bukatu zena, 1604.

    Alemanek Lazarillotik hartu zuen marjinatu baten ikuspuntutik formula autobiografikoa, baina Guzman oso eleberri desberdina da. Narrazioan zehar, Guzman lapur ospetsua izatera heltzen da, eta galeretan arraun egitera kondenatzen dutenean damutu egiten da eta bere bizitza idaztea erabakitzen du eredutzat balio izateko.

    Obra honetatik aurrera, eleberri pikareskoak beste mota bateko narrazioak ekarri zituen, XVII. mendean zehar ospe handia izan zutenak: Quevedoren El Buscón; La pícara Justina, anonimoa; Salas Barbadilloren La hija de celestina eta Vicente Espinelen La vida del escudero Marcos de Obregón, garrantzitsuenak dira.

Quevedo: prosa

  • Jai-lanak: tonu satirikoan, txostenak, pragmatikak, etab. ihakindatzen saiatzen da. Ezagunenak honako hauek dira: La vida de Corte, Cartas del caballero de Tenaza, Premática y aranceles generales, Premática de los poetas hueros, etabar.
  • Eleberria: El Buscón.

    Quevedoren obrarik ospetsuena da, 1605 urtea baino lehen idatzia eta 1626an argitaratua.

    Eleberri pikareskoa da, nahiz eta asmo soziala koherentea eta argia ez izan, eta pertsonaia egiantzekoa ez izan, autorearen pentsamenduak adierazten baititu.

    Eleberri honen balio nagusia autoreak egiten duen hitzaren erabilera da.

  • Satira moralak eta alegorikoak: narrazio-pieza interesgarrienak dira.
  • Sueños obra laburrak dira eta bertan egileak ametsetan agertzen zaizkion garai guztietako pertsonaien karikaturak aurkezten ditu. Urte desberdinetan idatziak, Sueños y discursos 1627 urtean argitaratu ziren. Honako hauek dira: El sueño del Juicio Final, El alguacil alguacilado, El sueño del Infierno, El mundo por de dentro eta El sueño de la Muerte.
  • La hora de todos gizartearen satira da eta bere etsai politikoei eraso bat.
  • Politika-lanak: oso multzo zabala da eta aipagarrienak Política de Dios eta Marco Bruto dira.
  • Lan aszetikoak edo filosofikoak: La cuna y la sepultura, Virtud militante eta Providencia de Dios nabarmentzen dira. Filosofia-lan nagusia Defensa de Epicuro da.
  • Filologia-lanak: Bibliaren eta klasikoen itzulpen ugari egin zituen, baina bere meriturik handiena Fray Luis de Leon eta Francisco de la Torreren (11. gaia ikusi) poesia argitaratzea izan zen.

Baltasar Gracian

Gracianek, jesuita izanik garai hartan normala zenez, bere luma morala eta politikaren mende jarri zuen, eta horrela beren garaiko gizartean bizitzeko gai ziren gizakiak sortzen zituzten lan mundutarrak idatzi zituen. Horretarako, kristau-fedea moral estoiko batekin eta bizitzaren zentzu pragmatiko batekin lotzen saiatu zen.

Bere idatzietako zati garrantzitsu bat atsotitzak eta esakuneak dituzten liburuxka batzuek osatzen dute. El Héroe, El Político don Fernando, el Oráculo manual eta El discreto dira.

Agudeza y arte de ingenio (1642) obran «kontzeptuaren», «zorroztasunaren», artea osatu nahi izan zuen. Gainera, Gongoraren Cancionero general-eko testuen antologia zabal bat da, eta beste antzinako idazle eta idazle moderno askorenak.

Baltasar Gracianen erretratua. XVII. mendeko marrazkia.

El Criticón

Gracianen lanik garrantzitsuena da. Hiru zatitan argitaratu zuen goitizenpean.

Gracianek, bizantziar eleberri alegoriko honetan, bizitzak planteatzen dituen arazoak eta honen helburua, arimaren salbazioa dena, azaldu nahi izan zituen.

Bere inspirazio-iturriak bizantziar eleberria, satira menipea, tratatu politiko eta moralak, aforismo eta apotegmazko liburuak eta, orokorrean, literatura klasikoa eta garaiko gorteko errealitatea dira.

Iturri guzti hauek, xehetasunetan oparoa den Gracianen prosak eleberria eran idazten ditu, horrela mendearen bigarren erdialdeko obrarik onena eta ezinbesteko gizarte-dokumentua sortu zuelarik.

Quevedo

Francisco Gomez de Quevedo y Villegas (1580- 1647) Madrilen jaio zen, errege-eskribau baten eta erreginaren zerbitzari baten semea. Jesuitekin ikasi ondoren, arteak, matematikak eta metafisika ikasi zuen Alcalan eta teologia Valladoliden.

1613 urtean bere karrera politikoa hasten du. Honek kartzelaratzeak eta nahigabe ugari eragingo dizkio. Villanueva de los Infantesen (Ciudad Real) hil zen.

 

Gracian

Baltasar Gracian Morales (1601- 1659), Belmonten (Zaragoza) jaio zen, mediku baten semea. Jesuitekin ikasi zuen, ordena honetan apaiz izan zelarik. Arazo ugari izan zituen Jesuiten ordenarekin eta arrazoi honengatik goitizenekin argitaratu zuen bere ia obra osoa. Tarazonan (Zaragoza) hil zen.