XVII. mendeko antzerkia (I). Lope de Vega
- LINK: Kanpo loturak (1)
Antzerkia Lope de Vegaren aurretik
- Autoak eta eglogak: Erdi Arotik XVII. mendera gai biblikoa edo hagiografikoa jorratzen zuten autoak eta eglogak (8. gaia ikusi) besterik ez ziren iritsi.
- Antzerki klasikoa: oro har, egileek tradizio erromatarra aukeratu zuten, greziarraren kaltetan. Plauto eta Terentzio izan ziren egilerik gustukoenak komediarako eta Seneka tragediarako.
- Italiar komedia berria: Espainian, Lope de Ruedak (1505?-1564) eman zuen ezagutzera genero hau, baina ekitaldi banaketa, unitateak eta hitzaldiak ezabatu eta pasos izeneko pasarte komikoak tartekatu zituen.
- Eskolako antzerkia: Jesuitek klasikoak eredu zituzten antzezpen dramatikoak bultzatu zituzten beren unibertsitate eta ikastetxeetan. Antzerki mota honek, oso didaktikoa zenez, figura moralak eta alegoriak sarri erabiltzen zituen.
- Antzerkia komedia-antzokietan: komedia-antzoki hauek 1570. urtearen inguruan sortu ziren Sevillan, Madrilen, Valentzian eta beste hiri batzuetan.
Komedia berria
1609an Lope de Vegak Arte nuevo de hacer comedias de este tiempo argitaratu zuen. Haren garaiko komediei buruzko eta egileak hauek nola egingo lituzkeenari buruzko gogoetak dira.
Baina espainiar komedia berriaren defentsa da, batez ere, neoaristoteliko espainiarren eta atzerritarren kritiken aurrean. Arte berriaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
- Gustua: arau klasikoak hobeak badira ere, ikusleen gustuak aldatu egiten dira eta egileek zaletasun berriak ase behar dituzte.
- Pertsonaiak: pertsonaia tragikoak eta komikoak nahas daitezke.
- Ekintza-unitatea: eutsi egin behar zaio, nahiz eta Lopek ez zuen beti betetzen agindu hau.
- Denbora-unitatea: ekintza ahalik eta denbora tarterik laburrenean gertatu behar da.
- Leku-unitatea: ez dago beti zertan errespetatu behar.
- Ekitaldien kopurua: hiru ekitalditan banatzen dira, bakoitza zortzi orrialdekoa -hau da, hiru bat ordu-, laudorioa, entremesa eta dantza barne duelarik.
- Metrika: egoerei egokitzen zaie; beraz, aurreko tradizio poetikoa erabiltzeko aukera dago.
- Helburua: komediaren helburua ikusleek tarte atsegin bat pasatzea da:
"Herri xeheak ordaintzen dituenez gero, zuzena da haiei modu ergelean hitz egitea, haien gustua asetzeko".
Pertsonaiak
Komedia berrian gehien agertzen diren pertsonaiak honakoak dira:
- Erregea, tragikomedietan amaieran justizia egiten duena da.
- Galaia, bere baitan bertute guztiak biltzen ditu.
- Anderea, galaiaren ezaugarri bertsuak ditu.
- Antagonista, galaia baino maila beheragokoa da.
- Aurreko hiru pertsonaien morroiak. Konfiantzazkoak eta xelebreak dira.
- Anderearen aita (ama ia ez da agertzen). Ereduzko aita izaten da.
Lope de Vega
Felix Lope de Vega Carpioren (1562-1635) bizitza oso interesgarria da bere obra hobeto ezagutu ahal izateko.
Brodatzaile baten semea, bere heziketa, akademikoa baino gehiago, autodidakta izan zen. 1588an Valentziara erbesteratu zuten eta han bere lanean erabateko eragina izan zuten hainbat egile ezagutu zituen.
Maitasun kontuetan oso bizimodu nahasia izan zuen hainbat emakumerekin eta horiek denak bere lanetan agertzen dira, ezizenen bidez ezkutatuta. Bere bizitzaren hondarrean apaiz ordenatu zen.Lan poetikoa
Lope, bere erromantze eta sonetoei esker, oso gaztetatik poeta ospetsua izan zen. Bere poemak Rimas (1602), Rimas sacras (1614) eta Rimas humanas y divinas (1634) liburuetan bildu zituen.
Bere goi mailako kalitate poetikoari esker, bere antzezlanek lortutako maila lirikoak ezohikoak izatea lortu zuen.
Erromantzeak, gehienetan autobiografikoak, abestuz edo antologien bidez hedatu ziren. Gongorarekin batera (15. gaia ikusi) generoaren maila literarioa handitzea lortu zuen, bertan hendekasilabikoaren (10. gaia ikusi) hizkera poetikoa sartzerakoan.Lan dramatikoa
Loperen ospea genero dramatikoari zor zaio batez ere. Izan ere, esparru honetan berrikuntza handiak egin zituen, tradizio klasikoaren eta korronte horren Errenazimentuko jarraitzaileen aurka. Mila eta bostehun komedia inguru idatzi omen zituen, eta horietatik laurehun bat gordetzen dira gaur egun.
Erabiltzen dituen gaien jatorria hainbat iturrik osatzen dute: Biblia, mitologia, historia, kondairak, erromantzeak eta herri-abestiak.
Gai horien guztien ekintzaren garapenaren ardatzak, berriz, maitasuna eta ohorea dira.
Komedia multzo bat nekazari aberatsak protagonista izateagatik nabarmentzen da; komendadoreari aurre egingo diote beren ondraren eta ohorearen defentsan. Ezagunenak Peribáñez, Fuenteovejuna eta El villano en su rincón.
Tragedia klasikoaren iturrietatik sortuak dira, berriz, El caballero de Olmedo eta El castigo sin venganza, nahiz eta antzezlan horietan eszena batzuek tentsio tragikoa hausten duten.
Komedia onenen artean, berriz, Los locos de Valencia, La dama boba, Las bizarrías de Elisa eta El perro del hortelano aipa daitezke.Entremesa
Gainera, Lope de Ruedak entremes izeneko generoa sortu zuen. Pieza komiko laburra zen; ekitaldien artean eta antzezlanaren amaierako emanaldian eskaintzen zen.
Komedia-antzokia
Komedia-antzokia oso patio zabala zen eta antzoki publikoa izateko egokitu egiten zen. Emanaldiak egunez egiten ziren, eta, batzuetan, eszenatokia eta patio osoa oihala batzuekin estaltzen ziren. Estamentu eta kargurik garrantzitsuenak goiko galerietan jartzen ziren; eta patioan, berriz, herri xehea, gizonak alde batetik eta emakumeak bestetik.
Antzerki-emanaldiak Loperen garaian
XVII. mende aurreko emanaldiak garatu gabeak ziren, tramoiarik eta dekoraturik gabeak, baina Lope iritsi zenean eszenaratzea aberastu egin zen.
Funtzioak hainbat ordu irauten zuen. Lehen osagaia laudorioa izaten zen: antzezpena hartzen zuen lekua edo beste edozein kontu goraipatzen zen.
Jarraian, komediaren lehen ekitaldia hasten zen.
Bigarren eta hirugarren ekitaldien artean asakara abesten zen, eta dantza batek ematen zion amaiera zati horri.
Grazia duen pertsonaia
Lope de Vegaren erretratua, ustez Eugenio Cagesek egina (Lázaro Galdiano Museoa, Madrid).
Lope de Vegaren ekarpen garrantzitsuenen artean grazioso aren edo xelebrea ren pertsonaia aurkitu da. Haren aurreko antzerkigintzaren ergelaren aurrean, xelebrea oso burutsua da eta bilbea asmatzen du galaia k anderea ren maitasuna lor dezan. Gainera, galaiaren izaera idealistaren aurrean, bere izaera errealistak kontrastea egiten du.
Obra narratiboa
Lopek XVI. mendeko (12. gaia ikusi) generorik ospetsuenak jorratu zituen: artzain-nobelagintza (La Arcadia eta Pastores de Belén), artzain-genero jainkotiarrean egina, nobela bizantziarra (El peregrino en su patria ) eta nobela laburra (Novelas a Marcia Leonarda).
La Dorotea
Zahartzarora iritsia zenean sortu zuen Lopek La Dorotea, prosaz idatzitako lana, bost ekitaldikoa, eta, honen iturria den La Celestinan (18. gaia ikusi) bezalaxe, irakurria izateko sortua. Prosa lan honetan Lopek gaztetan Elena Osoriorekin izan zituen maitasun kontuak ekarri zituen gogora, «Fernando» eta «Dorotea» ezizenak erabiliz.
