XVII. mendeko antzerkia (II)
- LINK: Kanpo loturak (1)
Calderon de la Barca
Calderon oso egile emankorra izan zen, baina betiere Lope de Vegaren (16. gaia ikusi) neurri gabeko mailara iritsi gabe. Ehun eta hogei komedia eta ehun bat auto sakramental sortu zituen.
Komediak
- Kapa eta ezpatako komediak: amodio kontuak jorratzen dira, nahaste ugarirekin; hauek, jeloskortasun egoerak ekartzen dituzte, eta, horren ondorioz, ezpata bidezko dueluak eta borrokak. Pertsonaia xelebre eta andere zuhurren pertsonaiak komedia hauetan parte hartzen dute. Ezagunenak: Casa con dos puertas, mala es de guardar eta La dama duende.
- Aparatuko komediak: multzo honetan sartzen diren pieza gehienak 1634. urtetik aurrera idatzi ziren, hau da, Buen Retiroko Antzokia sortu eta gero. Eszenatokiak aparatu tekniko handia zuen eta ikusleak liluratuta geratzen ziren haren aurrean. Kantua eta dantza lagun izaten zituzten, eta, argumentuak, berriz, mitologikoak ziren.
Dramak
- Drama erlijiosoak: garrantzitsuenak El príncipe constante eta El mágico prodigioso dira.
- Ohorezko dramak: El médico de su honra, El alcalde de Zalamea eta El príncipe de su deshonra dramek lortu zuten osperik handiena. Drama hauetan ohorearen inguruko konponbiderik gabeko arazoak planteatzen ziren.
- Drama filosofikoak: La vida es sueño izenekoa izan zen ezagunena. Era askotako gaiak planteatzen dira bertan: existentzialak, politikoak eta sozialak. Oso ondo osatuta dago eta pertsonaia guztiek egoera dilematikoei egin behar izaten diete aurre. Beraz, pertsonaia horiek arrazoiaren eta sentimenduaren artean ibiliko dira aldioro duda-mudatan.
Auto sakramentalak
Autoen jatorri dramatikoa Erdi Aroko Corpuseko antzezpenak dira. XVII. mendean barrena ere egiten jarraitu zen, gurdietan, eta dekoratu ederrak erabiltzen zituzten.
XVI. mendeko autoekin konparatuz gero, gaia aldatu egin da. Alegorikoak eta teologikoak izaten dira eta gai nagusia, berriz, Eukaristia da.
Pieza hauen egitura dramatikoa ere desberdina da, komediako pertsonaiak eta bere egoerak aukeratu baitziren (16. gaia ikusi). Beraz, antagonista nagusia infernuko etsaia da.
Iturriak mitologia, Biblia, kondairak eta era honetako beste hainbat dira.
Osperik handiena lortu zuten piezak, batez ere filosofikoak dira: El gran teatro del mundo eta El gran mercado del mundo.Loperen jarraitzaileak
Tirso de Molina
Gabriel Tellez (1579-1648) mesedetako anaiak bere lan dramatiko eta narratibo zabala ezagutzera emateko erabili ohi zuen ezizena da honako hau.
Berrogeita hamar bat komedia idatzi zituen, eta, besteren artean, harritzeko modukoa da erabiltzen duen askatasun morala eta izaera femeninoaz egiten duen azterketa fina.
Gaur egun zalantzan jarri da Tirsoren bi lanik ezagunenak bereak diren: El burlador de Sevilla (don Juan pertsonaiaren mito literarioaren iturria izan zena) eta El condenado por desconfiado (drama teologikoa predestinazioari buruz) lanak.
Gabriel Tellez anaiari kritika zorrotzak egin zizkioten komediak idaztea erlijio gizon batentzat lanbide duina ez zela aldarrikatzen zutenek. Tirso de Molinaren erretratua. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.
Guillen de Castro
Guillen de Castro (1569-1631), Lope de Vegaren eskolako dramaturgo valentziarra izan zen, eta, beste lan batzuen artean, Las mocedades del Cid idatzi zuen. Lan horretan oinarritu zen Corneille Le Cid lana (59. gaia ikusi) idazteko.
Beste hainbat lanen egile ere izan zen: drama epiko bat, El conde Alarcos; Cervantesen lanetan oinarrituta zeuden hiru komedia (13. gaia ikusi): Don Quijote de la Mancha, La fuerza de la sangre eta El curioso impertinente; familia tragedia bat: El amor constante; eta beste hainbat komedia, kapa eta ezpata azpigenerokoak: El Narciso en su opinión eta Los malcasados de Valencia.Ruiz de Alarcon
Juan Ruiz de Alarcon y Mendoza (1581-1639) Mexikon jaio zen, baina Espainian eman zuen ia bizitza osoa. Idatzi zituen komediak forma aldetik primeran zeuden egituratuta eta helburu morala izaten zuten. Aipagarrienak honakoak dira: La verdad sospechosa, Corneillek (59. gaia ikusi) Frantzian imitatu egingo zuena; La amistad castigada, El examen de maridos, Ganar amigos, No hay mal que por bien no venga, Las paredes oyen eta Los pechos privilegiados.
Velez de Guevara
Luis Velez de Guevara (1579-1644) Ecijan (Sevilla) sortu zen, eta bere lanik ezagunena El diablo cojuelo izeneko nobela satirikoa da.
Gainera, Ines de Castro gai hartu zuen Reinar después de morir dramaren egilea ere bada. Ines de Castro hil egin zuten eta, hilotz zela, erregina izendatu zuen Portugaleko Pedrok.
La serrana de la Vera izeneko drama feministan, Gila, "gizon itxurako emakumea", kapitain batek limurtua eta ondoren utzia, bandolero bihurtuko da kapitaina hori bera aurkitu eta hil arte.
Egile beraren beste lan batzuk, honakoak: El rey en su imaginación, La luna de la sierra, Más pesa el rey que la sangre eta El diablo está en Cantillana.Calderonen jarraitzaileak
Calderonek hainbat aldaketa egin zizkion Loperengandik jasotako komedia tradizioaren ereduari: ekintza sinpletu egin zuen eta izaeren garapenean sakondu; baina aldaketarik handienak bere hizkera poetikoari dagozkio, Gongoraren eragin zuzena izan zuelako eta zorroztasun eskolastikoaren sustraiak ere agerian dituelako.
Lopek bezalaxe, Calderonek ere eskola sortu zuen; ikasleek haren komediak egiteko modua imitatzen zuten. Dramagilerik ezagunenak Rojas Zorrilla eta Agustin Moreto izan ziren.
Pedro Calderón de la Barca
Calderonen erretratu grabatua, Bartolome Maurak egina.
Pedro Calderon de la Barca k (1600-1681), goi mailako funtzionario baten semeak, jesuitekin eta Alcalako eta Salamancako unibertsitateetan ikasi zuen, eta azken honetan Kanonetan batxiler titulua lortu zuen. 1623an bere lehen komedia estreinatu zuen. Militar moduan, Kataluniako gerran hartu zuen parte. Frantziskotar joan zen eta erregearen ohorezko kapilau izan zen.
El alcalde de Zalamea
Loperen (16. gaia ikusi) izen bereko lanaren moldaketa izan zen lan hau. Pedro Crespo alkatearen alabaren bortxaketa da antzezlan honetan planteatzen den gaia. Bortxatzailea herriz herri errekrutatze lanetan dabilen kapitaina da. Pedro Crespok, alkate moduan, heriotza zigorrera kondenatuko du.
Tirsoren komediak
Tirsoren komedien artean, Don Gil de las calzas verdes da aipagarriena; emakumezko gazte bat gizonez mozorrotuko da eta hainbat emakume maiteminduko ditu. Lan horrekin batera, El vergonzoso en palacio ere aipa daiteke. Azken honetan, idazkari lotsati batek azkenean markesarekin ezkontzea lortuko du. Baina, erremate moduan, ustez idazkari zenaren benetako maila soziala dukearena dela jakingo da.
Don Juan
Tirso de Molinak idatzi zituen lanen kopurua oso handia bada ere, pertsonaia unibertsal bat sortu izanari zor dio bere ospea: don Juan. El burlador de Sevilla eta Convidado de piedra lanetako protagonista da don Juan Tenorio, bihotzik gabeko konkistatzaile harroputza, bizitza osoa emakumeak engainatzen emango duena. Gerora, don Juan pertsonaiaren izaera beste hainbat egilek ere jantzi eta osatu dute: Espainian bertan Jose Zorrillak (23. gaia ikusi), adibidez, eta mundu zabaleko literaturan, berriz, Molierek, lord Byronek eta Bernard Shawek.
Francisco de Rojas Zorrilla
1607-1648) Drama historikoan nabarmendu zen, Del rey abajo, ninguno, Entre bobos anda el juego eta Cada cual lo que le toca bezalako antzezlanekin.
Agustin Moreto y Cabaña
(1618-1668). Komedia historikoak, erlijiosoak, eta, batez ere, kostunbristak idatzi zituen. Ezagunenak El desdén con el desdén eta El lindo don Diego dira.
