LITERATURA

XVIII. mendeko literatura: sarrera

XVIII mendeko krisiaren ondoren, Europan ekonomia-garapen handia gertatu zen, Ingalaterran batik bat. Bertan «Industria-Iraultza» deritzona jazo zen. Burgesiak, ekonomiaren benetako euskarria baina botere politikorik gabekoak, ideia ilustratu berriak bereganatu zituen. Ikuspegi berriak, gehienak erreformista motatakoak, arlo politikoan, Frantziako Iraultzan eta korronte neoklasikoan, arlo artistikoan, isuri ziren.

Ilustrazioa

Frantzian garapen berezia izan zuen XVIII. mendeko ideologia berriztatzaileari horrela esaten zaio. Bertan Voltaire, Montesquieu eta Rousseau nabarmentzen ziren (60. gaia ikusi). Ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Arrazionalismoa: arrazoia jakintzaren oinarri bakartzat jotzen zen. Beronek zientzia-pentsamendua garatzea errazten zuen.
  • Utopismoa: horren arabera, giza bizitzaren alderdi guztiei arrazoia aplikatzeak gizartea etengabe hobetzea eta mugarik gabeko aurreratze kultural eta ekonomikoa ahalbideratu zituen.
  • Erreformismoa: helburu horiek lortzeko, ilustratuek, izaera absolutista duten errege eta gobernuek aurrera eramandako erreforma geldoez, gizartea modernizatzea proposatzen dute.
 

XVIII. mendean, metodo zientifiko gisa esperimentazioaren alde egitearen ondorioz, zientzien garapen handia gertatu zen. Celestino Mutis botanikoaren erretratua J. A. De Machadok egina (Real Academia Nacional de Medicina, Madril).

Neoklasizismoa

Ideia estetikoen arloan, XVIII. mendeak eredu klasiko greko-latindarra itzularazi zuen. Neoklasizismoaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Eredu generikoak, unibertsalak, eta ez gai pertsonalak edo nazionalak, adierazteko joera. Horregatik, arte neoklasikoa Europa osoan oso homogeneoa zen.
  • Artea eta literatura arau finkoen menpe bizi ziren, Estatuko erakundeek kontrolatuak (Reales Academias).
  • Hezkuntzarako xedea: publikoa dibertitzea baino gehiago, hezkuntza zen literaturaren helburua.

XVIII. mendea Espainian

Gizartearen atzeratzeak eta Europako gainerakoarekiko bakartzeak eragin zuten ideia ilustratuek garapen eskas samarra izan zezaten.

Sasoi hartan Eeuropartzeari buruzko eztabaida hasi zen. Espainiaren eta Europaren arteko aldea murriztearren, gizartea modernizatzeko eta ohiturak eraldatzeko beharrizana zegoela ondorioztatu zen. Tradizio eta modernizazioaren arteko gatazka hori era bizi-bizian islatu zuen garai hartako literaturak.

Espainiako XVIII. mendea hiru alditan bana dezakegu:

  • 1700etik 1758ra: Frantziako Borboitarren dinastia ezarriz gero, ideia ilustratuak sartu ziren, publikoak atsegin ez zuena. Publikoak estilo barroko ostekoa gogokoago zuen. Idazle nagusia Feijoo zen (19. gaia ikusi).
  • 1759tik 1788ra: Gobernuak bultzatuta, ideia erreformista eta ilustratuak zabaldu ziren. Idazlerik garrantzitsuenak Cadalso, Jovellanos (19. gaia ikusi) eta Melendez Valdes (20. gaia ikusi) ziren.
  • 1789tik 1808ra: Frantziako Iraultzaren beldurrez, erreformek atzera egin zuten. Idazlerik garrantzitsuena Leandro Fernandez de Moratin da (20. gaia ikusi).

Gizarte eremua

Mendearen hasieran Espainiako biztanleak bost milioi besterik ez ziren, baina mendea aurrera joan ahala, osasun eta ekonomia egoera hobeturik, bikoizteraino heldu zen.

  • Noblezia honako hauetaz osatuta zegoen: Gortean bizi ziren lur-jabe nagusiez; behe-mailako nobleziaz, itxurakeriaren arabera bizi zena; noblezia berriaz, beren dohain intelektualak Estuaren zerbitzupean jartzearen ondorioz, tituluak eskuratu zituena, hala nola, Floridablanca edo Campomanes; eta probintziako nobleziaz, oso ilustratua.
  • Kleroak gizarte eta ekonomia botere handia edukitzen jarraitu zuen.
  • Eskulangileak eta ofizialak hirietan bizi ziren eta oso ofiziale-elkarte hertsietan bilduta zeuden.
  • Nekazariak, batez ere latifundio handietan, egoera latz samarrean bizi ziren.

Floridablanca kondearen erretratua, Francisco de Goyak egina. Floridablanca Carlos III.aren ministroa izan zen eta Espainia modernizatzeko xede zuten administrazio eta kultura erreformen egilea.

Erakunde eta elkarteen jaiotza

XVIII. mendean zehar ez zen Real Academia Española bakarrik sortu, beste erakunde garrantzitsu batzuk ere sortu ziren, garai hartan nagusitu zen ilustrazioko izpirituaren adierazgarri bezala. 1712. urtean adibidez Biblioteca Nacional-a sortu zen. Real Academia de Historia 1738. urtean sortu zen aspaldiko dokumentuak berreskuratzeko, baloratzeko eta gordetzeko asmoz. Sociedades de Amigos del País erakundeek garrantzi handia izan zuten ekonomikoki, kulturalki eta sozialki. Helburua eskualdeko industria sustatzea zen. Lehenengo agertu zena Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (Sociedad Vascongada de Amigos del País) zeritzona izan zen, Javier María Munibe euskaldunaren eskutik.

 

Despotismo ilustratua

Errege eta gobernu absolutistek hasitako erreformak izen horren bidez ezagutzen dira. Beraien printzipioak esaldi honetan biltzen dira: "dena herriarentzat, baina herririk gabe".

Erregeen eta ilustratuen arteko lankidetza estu-estua izan zen, baina XVIII. mendearen amaieran hautsi zen, ilustratu frantsesek iraultza-bideari ekin eta monarkiari aurre egin ziotenean.

 

Genero neoklasikoak

Jolas motatako eleberria eta olerki subjektiboa gutxi garatu ziren. Bestalde saiakerak, non ideia ilustratuak azaltzen baitziren, berebiziko gorakada izan zuen. Gizartean zeukan eragina zela-eta, ilustratuek antzerkiarekiko interes handia erakutsi zuten.

 

Akademiak eta elkarte

  • Akademiak garrantzi handikoak dira. Adibidez, Real Academia Española ondoko liburu hauek argitaratu zituen: Diccionario de Autoridades (1726-1739), Ortografía (1741) eta Gramática castellana (1771).
  • Tertuliak ez zeuden arauen menpe eta askoz irekiagoak ziren.
  • Herriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoak nekazarien heziketa sustatzen saiatzen ziren.
 

XVIII. mendeko literatur korronteak

Barrokismo ostekoa: agortuta zegoen Barrokoa iraunarazi nahi zuen.

Neoklasizismoa: Ilustrazioaren printzipioak aplikatzen zituen eta klasizismora itzultzeko asmoa zuen.

Erromantizismoaren aurrekoa: sentimendua arrazoiaren gainetik ezartzean Erromantizismoaren ataria erakusten zuen.

 

Entziklopedia

Entziklopediak (60. gaia ikusi) gai guztiei buruzko ezagutzak eguneratzen zituen. Espezialistek oso ondo egindako ezagutza-sarrerak zituen eta didaktika handiko irudi ugari zeuzkan. Lan hori debekatuta bazegoen ere, ideia berritzaileegiak transmititzen baitzituen, elkarte ekonomikoek beren liburutegian edukitzeko baimen berezia jaso zuten. Zehaztu behar da nekazarien heziketa, beren lana hobeto egiteko baino ez zela.