LITERATURA

XVIII. mendeko prosa

XVIII. mendeko prosaren literatur generorik garrantzitsuena saiakera da; eleberria, ordea, gutxiago landu zen eta, salbuespenak salbuespen, ez zuen kalitate handiko lanik eman. Mendea aurrera joan ahala, ideia berrien eramaile gisa, prentsa gero eta garrantzitsuago bihurtzen da eta hitz lau zalu eta arina sortzeko ekarpena egin zuen, XIX. mendeko kazetaritza aurreratzeko bidea zabaldu zuena.

Saiakera

Saiakera askotariko luzera eta egitura dauzkan generoa da. Izen ugari hartzen ditu: memoria, eskutitza, diskurtsoa... Norberaren ikuspegitik eta zama jakintsurik gabe zientzia- edo pentsamendu-gaiak azaltzeko erabiltzen da.

Saiakera-idazleek hitz lau zuzen eta zehatza landu zuten, zientzia-berbaldiaren eta elkarrizketaren artean, tertulietan erabiliko zen hizkera kultu eta biziaren isla zena eta ika-mikak, hala behar izanez gero, ez zuen bazterrean uzten tankera sutsu eta gartsua.

Eleberria

  • Diego de Torres Villarroel (1694-1770) Vida, ascendencia, nacimiento, crianza y aventuras del doctor don Diego de Torres Villarroel (1743-1759) eleberria idatzi zuen, nobela eran idatzitako autobiografia, beraren tonu eta egituragatik eleberri pikareskoa gogorarazten zuena.

    Egileak, bere abenturak narratzearekin batera, kultura eta zientziaren beherakadaren karikaturazko satira eskaini zuen.

  • 1758an aita Isla jesuitaren Historia del famoso predicador fray Gerundio de Campazas, alias Zotes argitaratu zen, predikazioaren akatsen kontrako satira. Beronek artean erretorika barroko korapilatsua eta lan jakintsuen berezko aipu latindarren zama zeuzkan.

Feijoo

Berrogeita hamar urte zituela hasi zuen frai Benito Feijook bere hezkuntza-lana. Bi helburu zeuzkan:

  • Tradizioan edo egunerokotasunean oinarritutako herri-okerrak zuzentzea.
  • Zientziaren ideia baten aurka borrokatzea, garaiko unibertsitateena, zeinek Bibliaren, Aristotelesen eta San Tomas eta abarren baieztapenak ontzat ematen baitzituen.

Feijooren garrantzia ez datza, ez berriztatzean, ez ikertzean, Europako zientziaren berrikuntzak eta pentsamoldeak hedatzean baizik.

Bere lana honetaz osaturik dago: Teatro critico universal saiakera saiakera luzeen zortzi liburukiz (1727-1739) eta Cartas eruditas y curiosas laburragoen bost liburukiz. Hitz lau garbi eta zuzena du, artean zirauen barrokoaren tankera eta hizkera akademikotik urrun.

Benito Jeronimo Feijooren erretratua (1676-1764) . 1944ko Ensayos escogidosen argitalpen batean dago. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Jovellanos

Jovellanos Espainiako Ilustrazioren ordezkaririk behinena izan zen eta haren bizitzak mugimendu hori murgilduta zegoen kontraesanak islatzen ditu. Bere prestutasunak eta ideia erreformistek talka egin zuten etengabe sektorerik tradizionalenen ulertezintasun eta tolerantzia ezarekin.

Jovellanosen prosa gehiena ez da berez literarioa, izan ere, gizartearen aspektu askotarikoen erreformaren inguruko saiakerak dira.

Lanik gailena Informe sobre la ley agraria (1794) dugu. Bertan Espainiako nekazaritzaren atzerapenaren zergatiak aztertu eta gainditzeko zenbait neurri proposatzen ditu.

Memoria sobre espectáculos y diversiones públicas (1796) izeneko lanean zenbait jolas eta ikuskizunen historia aztertu eta erreforma batzuk proposatzen ditu. Antzerkiak ardura dio gehien, barroko-osteko egileek nagusi izanez jarraitzen zuten generoa (20. gaia ikusi). Antzerki neoklasikoaren aldekoa izatea Jovellanosek bertan sumatzen zuen hezkuntzarako helburutik zetorren.

Hezkuntzari buruzko saiakerak oso garrantzitsuak dira, bereziki Memoria sobre educación pública (1802). Izan ere, bertan oso ideia pedagogiko aurreratuak azaltzen ditu. Bere ustez, oparotasun ekonomikoaren eta norberaren zoriontasunaren oinarria da hezkuntza.

Melchor Gaspar de Jovellanos. Francisco de Goyak eginda (Pradoko Museoa, Madril).

Cadalso

Cadalso hitz lauz egindako lanengatik aintzat hartzen da gaur egun, narratzeko molde batzuen bitartez esperimentatzen baitu.

Cartas marruecas (1793)

Hiru berriemailek elkarri bidaltzen dioten epistola-multzoa da bere lana:

  • Espainian zehar bidaia egiten du Gazel gazte marokoarrak. Atzerriko bere begiradari esker ohitura eta gizarte nazionalaren ikuspegi kritikoa adierazten da.
  • Ben Beley, bere irakaslea.
  • Nuño, Gazeli gidari-lanak egiten dizkion espainiarra. Pertsonaia horrek errealitateaz jabetzeko angelu desberdina eransten du.

Nazioaren kritikak XVIII. mendeko Espainiako historia eta gizartea ditu ardatz batik bat. Egileak erreforma ilustratuen proiektu bati ekitea proposatzen du. Hala ere, tradizioari eusteko nahiaren eta Europatiko korronteetara zabaltzearen artean dabil ezbaian.

Noches lúgubres (1790)

Lana, hiru «Gautan» banaturik, elkarrizketa bat da. Bertan narratzen da nola Tediatok, hildako bere maiteagatik maitasunez zoratuta, gorpua lurpetik atera nahi duen etxera eraman eta beraren ondoan hiltzeko.

Tediatoren ikuspegi saminduak, nia goraipatzeak, non bere sentikortasunean zehar kanpoko mundua sumatzen den, eta gauetan gailentzen den sentimenduzko tonu deklamatorioak Espainiako Erromantizismoaren atariko garrantzitsu bihurtzen dute lan hau.

Ignacio de Luzan

Ignacio de Luzan (1702- 1754), Zaragozan jaio, Italian ikasi eta Madrilen hil zen. Bere lan nagusia Poética da non literatura gaietan arau neoklasikoak azaltzen baititu. Lana lau liburutan banaturik dago: I, «Origen, progresos y esencia de la poesía»; II, «Utilidad y deleite de ella»; III, «Poesía dramática»; eta IV, «Poesía épica».

Ignacio de Luzanen Poética, 1737an Zaragozan argitaratua.

 

Feijoo

Fray Benito Jeronimo Feijoo (1680-1768), Galiziako kapareen semea, hamalau urte zituela beneditarren erlijio-ordenan sartu zen. Oviedoko Unibertsitatean Teologia eta Eskritura Santuko katedrak bereganatu zituen. Hiri horretantxe bizi izan zen hil arte. Hori ez zen oztopo izan kanpoko munduarekin harremana edukitzeko.

 

Jovellanos

Gaspar Melchor de Jovellanos (1744-1811) Gijonen jaio zen noblea zen baina diruz eskas zebilen familia batean. Karlos III. errege izan zen bitartean bizimodu oso sozial eta intelektuala eduki zuen. Karlos IV. errege bihurtzeak, Frantziako Iraultzaren hasierarekin bat, desterrua ekarri zion Jovellanosi Gijonera. 1791n Mallorcan atxilotu zuten. Napoleonen inbasioa gertatzean askaturik, Jose Bonaparte erregeak eskaintzen zizkion karguei uko egin zien.

Pelayo tragediaz gain, Jovellanosen antzerkiak El delincuente honrado du barne.

Jovellanosen olerkigintza sarritan bere ideal ilustratu eta erreformatzaileen zerbitzupean dago. Hala eta guztiz ere, ez dira falta erromantizismoaren aurreko aspektuak

Izaera pribatuko lanak, eskutitzak eta egunkariak -berezkotasun eta zintzotasunez adieraziak- interes handiko obrak ere badira.

 

Cadalso

Jose Cadalso y Vazquez (1741-1782) Cadizko merkatari aberats baten semea, jesuiten ikaslea izan zen. Europan zehar bidaia eginez osatu zuen bere prestakuntza eta horri esker garaiko literatura frantsesa eta ingelesa ezagutu ahal izan zituen. Ikasketa militarrak eginez lortu zuen koronel-gradua hil baino lehentxeago, Gibraltargo setioan, hain zuzen ere.