LITERATURA

XIX. mendeko literatura. Sarrera

Gaingiroki mendea bi zatitan bana dezakegu: lehenengoan iraultza liberalak gertatzen dira, hau da, botere politikorako burgesiaren igoera: bigarrenean, iraultza liberal gehienak garaile atera dira eta ekonomia kapitalista betiko ezartzen da. Gatazka politiko sozial hori literaturan islatzen da. Erromantizismoa, bere pentsamolde sutsuarekin, iraultza aldiari dagokio, eta errealitatea eta ideala alderatzen ditu. Errealismoa, gogoz lasaiagoa eta pragmatikoa, gizartea den bezalakoxea adierazten saiatzen da, idealizatu gabe, eta bigarren aldiari dagokio.

Liberalismoaren garaipena

Aro erromantikoa, 1815ean Napoleon garaitu zuten monarkia absolutuen berrezartzearekin batera hasi zen. Hauek, balizko iraultza liberalei aurre egiteko elkarri laguntzea hitzartu zuten.

Kultura erromantikoa, liberalismoari loturik, bere garaiko mugimendu politikoekin uztartu zen; aitzitik, idealismoa goraipatzeak eta pentsamolde kapitalista gaitzesteak sasoiko eraldatze handietatik urrundu zuten.

Erromantizismoa

Erromantizismoak Sturm und Drang (Ekaitza eta Bultzada) aurre-erromantizismoaren mugimenduan izan zuen jatorria. Alemanian garatu zen 1750 eta 1770 artean. Goethe eta Schiller nabarmentzen dira, estetika neoklasikoa gaindituz (62. gaia ikusi).

Ezaugarriak

  • Indibidualismoa: artea eta literatura niaren, sentimenduen adierazpen bihurtzen dira.
  • Irrazionalismoa: arrazionalismo ilustratuaren aldean, Erromantizismoak arrazoirik gabeko guztia onesten du, hala nola, emozioak, ametsak, fantasiak...
  • Askatasunaren alde egitea: politikan, moralean eta artean.
  • Idealismoa: erromantikoek arlo guztietan ideal erdietsi ezinak bilatuko dituzte, bereziki, maitasuna, zeinek nahitaez errealitatearekin eta desengainurekin talka egitera eramango baititu.
  • Nazionalismoa: neoklasizismoaren espiritu unibertsalistaren aldean, erromantikoek beren herriko ezaugarri bereizgarriak balioetsi eta beren historia, ohiturak eta kultura berreskuratzen dituzte.
  • Exotismoa: Gizarte modernoa gaitzirizteak eramaten du erromantikoa ihesi joatera, beren lanak urruneko aroetan (Erdi Aroa) edo Europako zibilizazioak artean ez menderaturiko bazterretan (Ekialdea, Amerika) girotzera.
  • Espiritu menderakaitz eta gaztea, neoklasizismoaren heldutasun arrazionalista eta moderatuaren aldean.

Gizartea eta kultura aldi errealistan

  • Errealismoaren aroa 1848ko iraultza-mugimenduaren ondorioz hasten da. Bertan, berrikuntza bere izaera demokratikoa izan zen, izan ere, langileek parte hartzen zuten. Hori zela-eta, burgesiak iraultza bertan behera utziko du, egonkortasun eta moderazioaren bila baitoa.
  • XIX. mendeko bigarren zatian gizarte-eraldatze handiak gertatzen dira: industriaren hazkuntza hiri handietako bizilagunak metatzeari loturik doa, eta aldi berean herrialderik garatuenak (Ingalaterra, Frantzia) mundu zabaletik hedatu eta inperio kolonial handiak sortzen dituzte.

Sorollaren La Reliquia, 1983.

Errealismoa

Errealismoaren ezaugarrien artetik (67. gaia ikusi) honako hauek gailentzen ziren:

  • Metodo zientifikoaren imitazioa: idazleak bere lanek gizarte-errealitatea era zehatz eta objektiboan islatzea bilatzen du. Horrela, eleberria bizitzaren ispilu bihurtzen da.
  • Narratzaile orojakilearen presentzia: autoreak zer gertatuko den aurreratuko duen norbaiten rola hartzen du, iritzia ematen du, bere pertsonaiei irizten die, irakurlearekin hitz egiten du, eta abar.
  • Sinesgarritasuna: argudioak eguneroko errealitatean oinarritzen dira, pertsonaia komunekin. Gainera, autorearen eta irakurlearen garaiko testuinguruan kokatzen dira.
  • Xalotasuna: tankera xaloa, xehea, konplikazio formalik gabea da. Zientzialariaren antzera, idazleak batez ere argitasuna eta zehaztasuna bilatzen ditu.
  • Eleberriaren aldekoak: errealismoa batik bat eleberriaren bitartez mintzatzen da, generorik egokiena gizarte-errealitatea deskribatzeko.

Naturalismoa

1871tik aurrera Frantzian garatutako eleberri-joera batetik zetorren. Emile Zolak (1840-1902) sortu zuen, izan ere, eleberrigileak zientzialari gisa joka zezan nahi zuen.

Eleberri-egileak bere pertsonaiak aztertu eta zientzia-zehaztasunez deskribatu behar zituen. Pertsonaien jokabidea bizi ziren gizarte-giro eta herentzia biologikoaren eraginaren ondorioak ziren. Horretan zetzan joera hori.

Helburu horiek lortzekotan, idazle naturalistak metodo zientifikoa imitatzen du: giro eta pertsonaien behaketa eta dokumentazioa, datuak egiaztatzea...

Idazle naturalistak oso deskripzio xeheak erabiltzen ditu eta psikologia eta medikuntza oinarritzat hartuta azaltzen du pertsonaien jokabidea. Gainera, giza bizitzaren alderdi likits eta narrasak deskribatuz ausartago agertzen da.

Europako Erromantizismoa

Alemania: XIX. mendeko hasierako hamarkadetan olerkari (Novalis, Hölderlin, Heine), eleberrigile (Chamisso, Hoffman) eta antzerkigile (Kleist) bikainen belaunaldia sortzen da.

Ingalaterra: XVIII. mendeko bigarren zatian mugimendu aurre-erromantikoa ere izan zuen, hala nola, Wordsworth eta Coleridge bezalako oler kariekin. Berauen ondotik belaunaldi erromantikoa sortu zen: Byron, Shelley eta Keats, olerkariak eta Walter Scott eleberrigileak osatuta.

Frantzia: Erromantizismoa berandu heldu zen, Inperio napoleonikoak estetika neoklasikoaren alde jokatu zuelako. Chateaubriand izan zen lehenengo idazle erromantiko frantsesa, eta Victor Hugok aldarrikatu zuen lehendabizi liberalismoaren eta Erromantizismoaren arteko batasuna.

 

Askatasun erromantikoa

Politikaren arloan, Victor Hugoren arabera, (1802-1885) Erromantizismoa «liberalismoa literaturan» bezala agertuko da.

Moralitatearen arloan, erromantikoek sentimendua jokabide-arau bakartzat joko dute. Horregatik, maitasun adulteriogilea edo buru-hiltzea defendatuko dute.

Arte eta literaturari dagokienez, arau neoklasikoak gaitzetsi eta batik bat originaltasuna eta tankera pertsonala bilatuko dituzte.

 

Europako errealismoa

Frantzia da eleberri errealistaren sorlekua. Honoré de Balzacek (1799-1850) La comedia Humana idatzi zuen, gizarte frantsesak edukitako aldaketak bildu nahi dituen ziklo zabala. Stendhalek (1783-1842) bi eleberri errealista handi argitaratu zituen eta Gustave Flaubertek Madame Bovary (1857) idatzi zuen, Europako errealismoaren goreneko lana.

Ingalaterran: elementu erromantikoak diraute Brontë ahizpak, Lewis Carroll, Rudyard Kipling eta R. L. Stevenson eleberrigileen lanetan. Ordezkari nagusia Charles Dickens (1812-1870) da.

Errusiak errealismo berantiarra bizi izan zuen. Baina, garrantzitsua izan zen kontu psikologikoa ekintza narratiboari gailendu zitzaiolarik. Besteak beste, nabarmentzen dira: Dostoievski (1821-1881) Crimen y castigo (1868) eta Los hermanos Karamazof (1868) eleberriekin, eta Tolstoi (1828-1910) Guerra y paz (1865) eta Ana Karenina (1875) eleberrien egilea.

 

Protagonista gatazkatsua

Eleberria pertsonaia baten gatazkaren kontaketa bihurtzen da. Oro har, bere nahi pertsonalen eta gizarte-arauen arteko talka egiteari buruzkoa da.

Talka horretatik, protagonista galtzaile atera ohi da, eta idazlearen nahia norbanakoaren gatazka horrek balio adierazgarria edukitzea da, gizarte-arazoa adieraztea, alegia.