LITERATURA

Antzerki erromantikoa eta erromantizismo- ostea

Literatur erromantikoaren genero nagusia drama izan zen, garaiko gatazka aditzera ematen zuena: idealen talka eta errealitatearekiko protagonistaren kontzientzia indibiduala. Poesiaren arloan, hasierako garaiko Erromantizismo sutsua (22. gaia ikusi) atzeraturik zihoan neurrian, errealismoa iragartzen zuen pentsaera berria sortu zen, are moderatuago eta eszeptikoagoa.

Ezaugarriak

  • Oinarrizko gaia gizarte arauekin topo egiten duen maitasun sutsua da; horregatik, tragedian bukatzen zen gehienetan.
  • Antzezlanen eremua Erdi Aroko giroa izan ohi zen.
  • Eszenografiak garrantzi handia bereganatu zuen, batez ere, antzezlanak emateko baino ez ziren lokalak eraikitzen hasi zirenetik.
  • Arau neoklasikoak bazter utzi ziren, bertso eta prosa nahasi ziren eta helburua ez zen hezitzea, hunkitzea baizik.

Juan Eugenio Hartzenbuschen Los amantes de Teruel dramaren 1863ko argitalpen bat. Madrilen estreinatu zuten 1837an. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Rivaseko Dukea

Rivaseko Dukearen antzerkiak bi aldi zituen, bata neoklasikoa eta bestea erromantikoa. Don Álvaro o la fuerza del sino lanak, 1833an idatzia, Erromantizismorako aldaketa ezarri zuen. Antzezlan horrek Erromantizismoaren behin betiko garaipena ekarri zuen. Gai nagusia protagonista jarraitzen zuen patua da, halabeharra.

Jose Zorrilla

Bere bertso erraz eta ozenari esker, onespen handia jaso zuen, baita nazio historia eta herri tradizioetatik hartutako gaiei ere. Hauek beti ikuspegi aberkoi eta erlijioso batetik bideratzen zituen.

Bere antzezlanak gaiaren arabera sailka daitezke: drama biblikoak, korapilo dramak eta drama historikoak, gehienak hain zuzen ere.

Don Juan Tenorio (1844) Zalantzarik gabe, beraren antzezlanik ospetsuena da. Tirso de Molinaren El burlador de Sevillan (17. gaia ikusi), eta Esproncedaren El estudiante de Salamancan (21. gaia ikusi) oinarrituta zegoen.

Ohiko argumentuan aldaketa garrantzitsua sartu zuen: don Juan Inesekin bene-benetan maitemintzen da. Maitasun horri esker, hain zuzen ere, bere bizimodu iskanbilatsutik askatu eta bere arima salba dezake.

Don Juanen arrakasta, pertsonaia mitikoa pentsaera erromantikora moldatu zelako azaltzen da, baita bere erritmo azkar eta hots handiko bertsogintzari esker ere.

Posterromantizismoa

Erromantizismo osteko hiru joera poetiko daude:

  • Campoamorren ironiko eta desengainatua (26. gaia ikusi).
  • Nuñez de Arceren ideologikoa.
  • Subjektiboa eta intimista, non Becquer eta Rosalia de Castro gailentzen dira.

Gustavo Adolfo Becquer

Las Rimas

Becquerren lan poetikoa laburra da, baina oso baliotsua. Bere Rimas laurogeita hamar bat olerki laburrez osaturik daude, lau gaietan banatuak: poesia (I-X errimak); maitasun itxaropentsua (XI-XXIX); maitasunezko porrota eta desengainua (XXX-LI); bakardadea eta heriotza (LII-LXXVI).

  • Olerkariaren bizipenak adierazten dituen poesia subjektiboa da.
  • Tankera samurra du, baina forma aldetik , perfekzio handikoa. Becquerrek errima asonantea nagusia zen ahapaldi mota berria sortu zuen. Horrela, poemaren edukia erretorikarik gabe adierazten da, baina intentsitate handiz.
  • Lirika erromantiko alemana -batez ere Heine- eta Andaluziako herri kantak dira Rimasen eraginak.

Gustavo Adolfo Becquerren erretratua, bere anaia Valeriano Becquer pintoreak eginda.

Rosalia de Castro

Rosalia de Castroren lan poetikoa honela dago osatuta: galegoz egindako bi liburu, Cantares galegos (1863) eta Follas novas (1880), eta bat gaztelaniaz: En las orillas del Sar (1884).

Bere lana garai hartako korronte errealista nagusietatik aldentzen zen:

  • Becquerrek bezala, Rosaliak oso tankera pertsonala, tolesgabea eta zuzena erabili zuen.
  • Ahapaldi klasikoak ukatu eta beste berri batzuk sortu zituen, asonantzian oinarriturikoak, batik bat.
  • Sentimendu pertsonalak bere herriko paisaiaren deskripzioarekin egindako bat egite bikaina gailentzen da.

Rosalia de Castro, Sofia Gandariasek eginda.

Bequerren amodioak

Gustavo Adolfo Becquer-ren lerro grinatsuenak bere maitasun-porrotetan inspiraturik zeuden. Maitatu zuen lehenbiziko emakumea Julia Espín izan zen, zeinek ez zuen bera maite. Geroago Elisa Guillén-ekin maitasun-erlazio bat izan zuen eta horrek ere abandonatu egin zuen. Baina desengainu garrantzitsuena bere emaztearekin izan zuen. 1861ean Casta Estebanekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten. Izan ere, Sevillako olerkari honek 1868an bere emaztearen desleialtasunez ohartu zenean utzi egin zuen.

 

Drama erromantiko nagusiak

Fernando VII.a hil ondoren drama erromantikoak antzezten hasi ziren. 1834an Martinez de la Rosaren (1787- 1862) La conjuración de Venecia eta Larraren Macías (22. gaia ikusi). 1835ean Rivaseko Dukearen Don Álvaro. 1837an Hartzenbuschen (1806-1880) Los amantes de Teruel. Zorrillaren antzezlanak nagusi izan ziren berrogeiko hamarkadan.

 

Duque de Rivasen bizitza

Angel Saavedra (1791- 1865) Kordoban jaio zen. Bere bizitzan zehar literatur jarduera politikarekin, beti jarrera liberaletatik, uztartu zuen. Independentziako gudan frantsesen kontra borrokatu eta larri zauritu zuten. Diputatu aukeratu zuten, baina 1823an absolutismoa berrezarri zenean erbesteratu behar izan zuen. 1833an Espainiara itzuli eta Gobernuko karguetan jardun zuen.

 

Jose Zorrilla

(1817-1893) Valladoliden jaio zen. Aita bere literatur bokazioaren aurka zegoen, horregatik Madrilera ihes egin zuen, non bohemiar bizimodua eraman baitzuen. Larraren (1837) ehorzketan poema bat irakurtzen ezagutarazi zuen bere burua. Frantziara eta Mexikora egin zituen bidaiak eta itzuli ondoren ospe handia izan zuen.

 

Becquer

Gustavo Adolfo Dominguez Bastida (1836-1870) Sevillan jaio zen. Txikitatik umezurtza izanda, olerkari gisa garaitzekotan Madrilera bizitzera joatea erabaki zuen, baina hiriburuan zailtasun ekonomikoak pasatu zituen. Kazetari lana eginez lortu zuen hasierako egoera larria gainditzea. Madrilen hil zen.

 

Becquerren hitz lauzko lanak

Garaiko prentsa-artikulu gisa agertu ziren.

· Cartas desde mi celda, paisaien deskribapena aitortze pertsonalarekin konbinatzen duten eskutitzak dira.

· Cartas literarias a una mujer, non poesiari buruzko kontzeptua azaltzen du.

· Leyendas lanak Erdi Aroan gehienbat girotutako kontakizun fantastikoak dira. Beraietan emakume idealaren bilaketa, desengainua, etab. adierazten da.

 

Rosalia de Castro

(1837-1885) Konpostelan jaio zen. Zoritxarreko haurtzaroa, gaixotasunez betea izan zuen. 1856an Madrilera lekualdatu zen. Bertan, Manuel Murguia intelektual galegoarekin ezkondu zen. Edukitako sei seme-alabetatik batzuk haurrak zirelarik hil ziren. Rosaliak gaztelaniaz hainbat eleberri eta testu kostunbrista argitaratu zituen.