98ko belaunaldia (I).
Esparru historikoa
1874ko irailetik 1931ko apirilera doan Espainiako historiako denboraldiak Errestaurazioa izena jasotzen du. Bertan hiru aldi ezberdin daitezke:
- 1874-1876: Martinez Camposek Sagunton egindako altxatze militarrarekin eta Antonio Canovas del Castillo presidente zuen ministerio gobernu baten osaketarekin hasi zen.
- 1876-1897: sistema egonkor bihurtu zen eta alderdien txandaketa sortu zen boterean (kontserbadoreak eta liberalak). Bitartean, Gorteek goi mailako burgesiaren eskutan egoten jarraitzen zuten.
- 1898-1931: sistemaren krisialdi eta behea jotzeko amaierako denboraldia Espainiako koloniak galtzean (1898) hasi zen, Primo de Riveraren diktadurarekin (1923-1930) larriagotu zen eta Bigarren Errepublika behin betiko amaitu zen.
Mis amigos (1920-1936), Ignacio Zuloagaren mihisearen gaineko ikatz-ziria eta olioa, amaitu gabekoa (Zuloaga Museoa). Lehen planoan, eskuinean, Jose Ortega y Gasset; horren ondoan, Gregorio Marañon, eta atzean, Ramon del Valle-Inclan, besteak beste. Unamunoren figura mahai gainean dagoen tximeleta begiztaren bidez gogoratzen da.
Definizioa
98ko belaunaldiko mugimendua Espainiakoa da bakarrik. Taldea aurreko literatura estetikoki berriztatzea eta herrialdeko kulturaren berrikuntza proposatzen zuten idazle gazteek osatuta zegoen.
- Estetikaz bakarrik arduratu balira, talde hau ez zatekeen modernisten taldetik bereiziko (28. gaia ikusi).
- Herrialdea oneratzeaz bakarrik arduratu balira, berriztatzaileekin nahastuko ziratekeen.
Ezaugarriak
- Europazaletasuna eta peto-petoaren aldeko gustua:
- Lehenengo proposamenean Espainia Europaren mailara jartzeko ahalegina egin zen (Espainia europartu). Horrek pentsaerako korronte modernoetara irekitzea eta mugarik gabeko espazio zabal batean bizi izatea zekarren.
- 98ko belaunaldikoek Espainiagatik sentitzen zuten maitasuna zela eta, espainiarra denaren ezagutzan sakontzen hasi ziren. Espainiako benetakotasuna Erdi Aroko Gaztela librean, boteretsuan eta menderaezinean ikusten zuten idazle horiek.
- Soiltasuna: 98ko belaunaldikoek idazkera jasotik ihes egin eta ahalik eta argitasun eta soiltasun handiena bilatzen zuten beren testuetarako. Adierazteko gogoak gutxitan erabiltzen ziren hitzak edo arkaismoak bilatzera behartu zituen.
- Subjektibismoa: Espainiako arazoa jarrera intimistetara hurbiltzeak subjektibotasunera eta errealitatea barnetik begiratzera eraman zituen.
- Paisaiaren idealizazioa: Gaztelako paisaia espainiar arimaren ikur bihurtu zen.
- Espainiako arazoengatik zuten kezkak forma edukiaren mendean jartzea eragin zuen. Horregatik, saiakerara jo zuten gehienbat.
- Gogoeta filosofikoak: herrialdearen krisialdi orokorra barneratzean, 98ko belaunaldikoek bizitzaren zentzu, erlijio, Jainkoaren existentzia, denbora eta abarrei buruzko gogoetak egin zituzten.
Orbigo ibaia, Benaventeko (Zamora) eskualdetik pasatzean. Gaztelako paisaiarekiko sentikortasuna, eta hori sormen artistikorako materia gisa erabiltzea, 98ko idazleen ezaugarri nagusietako batzuk dira.
98ko belaunaldia eta modernismoa
Kritikak askotan galdetu dio bere buruari mendearen hasieran, ia aldi berean, garatu ziren bi mugimendu horien arteko ezberdintasun garbia zegoen ala ez.
- Alde batetik, kritikarien talde batek uste du modernismoa eta 98ko belaunaldia guztiz ezberdinak diren bi mugimenduak direla.
- Hala ere, beste batzuek uste dute bata eta bestearen arteko mugak zehaztugabeak direla. Paris / Gaztela aurkakotasuna (modernismoak eta 98ko belaunaldiak ordezkatuta, hurrenez hurren) baztertzen dute eta Ruben Dario eta sinbolismoaren eragina seinalatzen dute 98ko mugimenduan. Bestalde, bi mugimenduak, Europa osoa eragin zuen mendearen amaierako krisia zegoen bitartean garatu zirela defendatzen dute.
Jatorriak
Azorin, Ramiro de Maeztu eta Pio Barojak sinatutako «Manifiesto de los tres» (1901) mugimenduaren hasiera da. Horretan herrialdearen errealitatea, gazteen nahastea eta balorerik gabezia salatzen dira, besteak beste.
Baina «hiruen taldea»k denbora laburra iraun zuen. Ekintzaren porrotak idealismorantz eta jarrera politika kontserbadoreetarantz eraman zituen.
Berrikuntza-mugimendua
XIX. mendearen amaierako mugimendu honen helburu nagusia, egoera sozial eta politiko larria aztertzea eta herrialdeak jasaten zituen gaitz sozial askotarako irtenbide praktikoak proposatzea zen. Mugimendu horren figura nagusien artean nabarmenenak hurrengoak dira: Angel Ganivet (1865- 1898), Joaquin Costa (1846-1911) eta Ramiro de Maeztu (1875-1936).
Eraginak barneratzea
98ko belaunaldikoek arima nazionala, herrialdearen esentzia, aurkitu nahi dute. Horrela, Espainiako arazoa barneratzen da, peto-petoa aldarrikatzen da eta subjektibismoa gertatzen da. Horiei modan zeuden korronte filosofikoak gehituta (existentzialismoa, bitalismoa, etab.), gizabanakoaren ikerketa pertsonala dakarren erantzun abstraktua agertzen da.
Belaunaldi literarioa
Idazleen talde bati buruz «belaunaldi literario» gisa hitz egin ahal izateko, ondoren zehaztutako betekizunak bete behar dira. Horietako asko 98ko belaunaldian ematen dira:
- Hurbileko datetan jaiotzea.
- Antzeko heziketa intelektuala.
- Haien artean harreman pertsonalak izatea.
- Ekitaldi kolektibo, ospakizun eta aldizkarietan batera parte hartzea.
- Guztiak barnean hartzen dituen belaunaldiarteko gertaera egotea.
- Gidari ideologikoa egotea, berarekin bat egin dezaten.
- Antzeko kezkak eta esperientziak.
- Belaunaldiarteko hizkera egotea.
- Aurreko belaunaldia zaharkituta egotea.
