LITERATURA

Novecentismoa (II). Poesia eta eleberria

Novecentismoa (II).Poesia eta eleberria
Juan Ramon Jimenez izan zen novecentismoaren (32. gaia ikusi) ideal estetikoekin bat etorri zen poetarik aipagarriena. «Poesia hutsa»ri buruz zuen ikusmoldeak, mugimendu hartako saiogileek aldarrikatzen zuten intelektualismo berritzailearen ideiara gerturatzeko balio izan zion. Gabriel Miro, Ramon Perez de Ayala eta Wenceslao Fernandez Florez izan ziren novecentismoaren eleberrien ordezkari nagusiak.

Juan Ramon Jimenez

Juan Ramon Jimenezek bere «Obra» deitzen zuenaren batasunean sinisten zuen, hau da, perfekzioara zuzendutako osotasun bat bezala hartzen zuen bere izkribuak. Alegia, gardentasun poetiko hori lortzearren, bere konposizio guztiak behin eta berriz moldatu ohi zituen.

Sentitze-garaia (1898-1915)

Becquerren (23. gaia ikusi) sinbolismoa eta modernismoaren (28. gaia ikusi) eraginak markatzen du.

Poesia sentimentala eta emoziozkoa da, udazkeneko eta melankolia kutsuko paisaiekin, egitura formal perfektua erabiliz bere sentikortasuna islatzen duena.

Garai honetakoak dira, bestak beste, Rimas (1902), Arias tristes (1903) eta La soledad sonora (1911).

Garai intelektuala (1916-1936)

Amerikara egindako lehen bidaian itsasoa ezagutu izana, garrantzi handiko gertaera izan zen berarentzat. Itsasoak betiereko orainaldia sinbolizatzen du, eta betikotasun horrekin harremanetan jartzen duen edertasuna da. Juan Ramon harekin identifikatzen saiatzen da.

Traszendentzia bilatzera bultzatzen duen garapen espirituala hasten da orduan. Aurreko musikaltasun eta apainketa deigarri osoa albo batera utzi, eta garbitasun poetikoa lantzeari ekiten dio.

Diario de un poeta recién casado (1916), Primera antología poética (1917) eta Eternidades (1918) dira, besteren artean, obrarik aipagarrienak. La Estación total (1923-1936) lanak atzerrira joan aurreko azken idazkiak jasotzen ditu, Espainian idatzi zituen azkenak alegia.

Azken garaia (1937-1958)

Ameriketako atzerriratzean idatzitako lanak dira garai honetakoak. Juan Ramonek edertasuna eta perfekzioa bilatzen segitzen du, bere baitan murgilduta. Traszendetziarekiko duen grinak Jainkoarekin identifikatzera eramaten du.

Denboraldi bat isilpean eman ondoren, Animal de fondo (1949), Tercera antología poética (1957), El otro costado (1936-1942) eta Dios deseado y deseante (1948-1949) argitaratu zituen.

Juan Ramon Jimenez eta Zenobia Camprubi. New York, 1916ko martxoaren 2a. Diario de un poeta recién casado liburuak, 1916. urtean Zenobiarekin ezkondu eta berehala idatzia, Juan Ramonen bizitzan eta poesian aldaketa sakona suposatu zuen. Bertso librea eta prosaz idatzitako olerkiak sartu zituen lan honetan.

Gabriel Miro

Miroren eleberriak, batik bat, melankolia, sentimenduen deskribapen zehatza eta ekintza faltarengatik ezaugarritzen dira.

Garai dekadentista (1901-1911)

La mujer de Ojeda (1901) liburuan ezik, teknika naturalista (26. gaia ikusi) erabiliz gaztea zenean idatzitakoa dena, Miro, lehen garai honetan, pertsonaietan eta giro dekadentista eta neoerromantikoetan murgiltzen da. Hauek dira garai hartako lanak:

  • Hiru eleberri luze, sentiberatasun berezia duten pertsonaiak dira, porrot egiteko jaiotakoak: La novela de mi amigo (1908), Nómada (1908) eta Las cerezas del cementerio (1910), garai honetako garrantzitsuena.
  • Lau kontaketa labur. Protagonisten amodiozko porrotak kontatzen dira: La palma rota (1909), Niño y grande (1909), Los pies y los zapatos de Enriqueta (1912) eta Dentro del cercado (1912).

Novecentismoaren garaia (1912-1928)

Estetika modernista eta dekadentistatik urrunduta, Mirok bere estilo berria ezartzen du garai honetan, novecentismoaren estetikan oinarritua. Jarrera kritikoagoa agertzen du orain.

Ekintzak, gutxienekoa izan arren, sentsazioen eta inguruen deskribapen zehatza egiteko balio izaten dio.

  • Eleberri luzeak: El abuelo del rey (1912), Nuestro padre San Daniel (1921) eta El obispo leproso (1926).
  • Kontaketa laburrak, non Miroren ordezko literarioa den Sigüenza protagonista den: El libro de Sigüenza (1917) eta Años y leguas (1928). Alicanteko hainbat herriren aurrean protagonistak entzuten, sentitzen eta ikusten duenari buruzko obrak ziren.
  • Ildo beretik jarraitzen du El humo dormidok (1919), narrazio laburren bildumak.

Gabriel Miro, Adelardo Parrillaren oleoa. (Bilduma partikularra, Gabriel Miróren oinordekoak, Madril).

Ramon Perez de Ayala

Ideiak azaltzeko joera nagusitzen da bere idazkietan, baita eleberrietan ere, eta horregatik apurtzen da behin baino gehiagotan erritmo narratiboa. Prosa dotore eta zehatza egitea da bere estiloaren ezaugarri nagusia.

  • Lehenengo garaian, bere obra narratiboa errealista izan zen, batik bat. Tinieblas en la cumbre (1907), A.M.D.G. (1910), La pata de la raposa (1912) eta Troteras y danzaderas (1913) dira azpimarragarrienak.

Bigarren garaikoak, berriz, garai sinbolistakoak, Belarmino y Apolonio (1921) eta Tigre Juan (1926) dira, besteak beste.

Eleberri modernoaren berezko forma esperimentalak barneratzen ditu tarteka Pérez de Ayalak.

Juán Ramón Jiménez

Juan Ramon Jimenez

(1881-1958). Aitaren heriotzaren ondorioz, depresioak jota ibiltzen zen sarritan. 1916. urtean Zenobiarekin ezkondu zen. Berrikuntza poetikoaren mugimendu nagusien buru ibili zen. Guda Zibila (1936) hasi zenean Kubara, Miamira, Washingtonera eta Puerto Ricora joan zen ihesi. Azken honetan bizi izan zen 1951. urtea geroztik. 1956. urtean Literaturaren Nobel Saria eman zioten, eta urte horretan bertan hil zen bere emaztea.

 

Platero y yo

Juan Ramonen garai modernistako lehen garaikoa den Platero y yo ere, libururik ezagunetariko bat da, prosaz idatzitakoa. Espainian gutxi landutako genero batekoa da, kontaketa poetikoa bezala ezagutzen dena eta eleberriaren eta olerkiaren tarteko izaera duena.

Gabriel Miro

(1879-1930). Zuzenbidea ikasi zuen. 1906an administrari kargua eskuratu zuen Alikanteko Ospitale Zibilean eta 1911. urtean hiriko kronista ofiziala izendatu zuten.

1920. urtean Madrilen jarri zen bizitzen, eta hainbat ministeriotako idazkari lanak egiten aritu zen. Bere lana beti txandakatu zuen eleberrien eta zenbait egunkaritarako kolaborazioen argitalpenekin.

 

Wenceslao Fernandez Florez

(1879- 1964). Iruzkintzaile politiko eta kritiko literario bezala lan egin zuen. Volvoreta (1917), Las siete columnas (1926), Relato inmoral (1928) eta El malvado Carabel (1931) dira bere eleberri garrantzitsuenak. Horiez gain, gerrari buruzko Los que fuimos a la guerra (1930) eta Una isla en el mar rojo (1939) idatzi zituen. Gizakien moralaren ikuspegi umorezkoa, ironikoa eta eklektikoa erakusten dute lan hauek.

Ramon Perez de Ayala

(1881-1962). Oviedon jaio zen eta Clarinen (25. gaia ikusi) ikasle izan zen hiri horretako Zuzenbide fakultatean. Lehen Mundu Gerran berriemaile lanetan aritu zen. Gerra Zibilaren ondoren Argentinan jarri zen bizitzen. 1955. urtean Madrilera itzuli zen, non hil zen. Poesia, kritika, saiakera, eleberri luzea, kontaketa laburra eta kazetaritza dira landu zituen generoak.