LITERATURA

Abangoardiak

Lehen Mundu Gerraren ondoren (1914-1918) artea ulertzeko modu berri bat sortzen da Europan. «Abangoardistak» izenak berak erakusten du mugimendu berri horren borroka kutsua, arau tradizionalen aurka matxinatzen dena. Artea sortzeko aurreko formak bertan behera utzi, eta errealitatearen edozein erreferentziatik aldentzen saiatzeak, arte abangoardista gutxiengo fin batentzat egokia bilakatzen da. Mugimendu horiek novecentismo intelektualismoak lehenago eman zituen aditzera Espainian (32. gaia ikusi).

Abangoardiak Europan

Futurismoa

1909an sortzen da, Filippo Tommasyo Marinettik (1876-1944) idatzi zuen lehen Manifestuaren argitalpenaren ondoren eta Lehen Mundu Gerraren ondoren bikatzen da. Kultura tradizionalaren gainditzea aldarrikatzen da, sentimentalismoa baztertu, eta aurrerapen teknologikoak, gerrazalekeria, bizitasuna, abentura eta kirola defendatzen dute.

Marinettik infinitiboa aditz forma bakar bezala proposatzen du, sintaxia deuseztu eta adjektiboak, aditzondoak eta puntuazio zeinuak kentzea proposatzen du eta lanari gizatasuna kentzea proposatzen du, edozein erreferentzia pertsonal saihestuz.

Kubismoa

Pablo Picassoren eta Juan Grisen arte piktorikoa sorburu izan zuen literatur kubismoak. Espazioaren hiru dimentsioko balorazioa eta objektuen deskonposizio geometrikoa ditu helburu mugimendu horrek. Artisten ustez, gauzak buruz berreraiki behar ditu lana irakurtzen edo ikusten duenak.

Guillaume Apollinairek (1880-1918) sortutako kaligramak literaturan ikuspen aspektuek duten garrantzia agertzen dute, lerroen antolaketari eta collage teknikari esker, olerkiak aipatzen duen gaiari buruzko marrazki bat egiten du.

El reloj, Apollinairen poema kaligrafikoa.

Surrealismoa (edo superrealismoa)

Andre Bretonek (1896-1966) sortu zuen eta garrantzirik handiena izan zuen abangoardiako mugimendua da eta bizirik jarraitu duen bakarra.

Surrealismoak gizakiaren askapena eta ametsen nahiz inkontzienteko mundu ezezagunaren bidezko jarduera sortzailea aldarrikatzen du.

Freuden psikoanalisiarekin loturik, surrealismoa pentsamenduaren mekanismoak azaltzen saiatzen da idazkera automatikoa erabiliz; hau da, gogoak inolako kontrolik ezarri gabe egiten den idazkera.

Horrela, edozein lotura logikoarekin apurtzen da, kontzientziak aldentuta mantentzen dituen kontzeptuak nahasten dira, eta irudi onirikoak eta metafora ausartak, besteak beste, erabiltzen dira.

Abangoardiak Espainian

Abangoardia europarrek ordezkariak izan zituzten, ñabardura batzuekin izan bazen ere.

Mugimendu batzuk, futurismoa esate baterako, ia ez ziren gauzatu, baina beste batzuk indar handiagoz garatu ziren (kreazionismoa) edo moldaketa handiak izan zituzten (surrealismoa). "-Ismo" edo korronte berriren bat ere asmatu zen, ultraismoa adibidez.

Abangoardia horiek Espainiara eraman zituztenak honako hauek dira: Ramon Gomez de la Serna eta Jose Ortega y Gasset (32. gaia ikusi).

Ultraismoa

Jatorri espainiarra duen mugimendu abangoardista da, eta Guillermo de Torrek sortua 1919an, futurismotik, kubismotik eta kreazionismotik abiatuta.

Mugimendu honen egoitza nagusia Cafe Pombo izan zen, eta hedatzeko erabili zituen garraiobideak Cervantes eta Ultra aldizkariak izan ziren, besteak beste. 1923an korronte hau desagertuta zegoela esan ohi da.

Makinismoa, kirola, puntuazio zeinuen eza, hitz neurtuen gabezia, eta lotura sintaktikoak ez egotea defendatzen du mugimendu honek. Horrez gain, bertsoen antolaketa, metaforaren balorazio subjektiboa, sentimentalismoa eta subjektibitatea kentzea, besteak beste, proposatzen du.

Surrealismo espainiarra

Olerkari espainiarrak euren esperientzia kreazionistei eta ultraistei esker iristen dira surrealismora.

Poeta surrealista espainiar garrantzitsuenak Jose Maria de Hinojosa eta Juan Larrea izan ziren, literatura espainiarra aldatuz mugimendu honen zabalkuntzarekin.

Ramon Gomez de la Serna

Giro kosmopolita eta modernoa sortzen saiatu zen Gomez de la Serna (1888-1963) eta horren ondorioz 1915ean Cafe Pombon solasaldiak egiten hasi zen. Kafetegi hori abangoardiaren arte berriaren egoitza bihurtu zuen.

Literatur lan ugari idatzi zuen, eleberriak, saiakerak, biografiak eta antzerkia. Hala ere, Gomez de la Sernaren lorpenik aipagarrienak eta txalogarrienak, Europako abangoardiak Espainian sartu izana eta literatur genero berri bat sortzea da: gregeriak.

Gregeriak

Gregeria bat esaera burutsu eta gehienetan laburra da. Pentsaera eta errealitatearen arteko ustekabeko talkatik sortzen da. Gregerien asmatzaileak, eskematikoki, honela definitzen du:

Metafora + Umorea = Gregeria.

Gregeria baten giltzarri nagusiak honako lau hauek dira: laburtasuna, buru argitasuna, umorismoa eta ustekabea.

Saiakerak eta biografiak

Gomez de la Sernaren saiakeren gai nagusia Madrileko giroa da.

Horrez gain, aipagarriak dira abangoardiaren artearen berritasunak azaltzen diren beste lan batzuk; Ismos (1931) eta pertsona ospetsuei buruzko biografiak, Oscar Wilde (1921), Goya (1928), eta abar.

Alfonsok Ramon Gomez de la Sernari Cafe Pombon atera zion argazkia (hogeita hamargarren hamarkada). LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Dadaismoa

Tristan Tzarak (1896-1963) sortu zuen 1916. urte inguruan. Mugimendu motza izan zen arren, garrantzi izugarria izan zuen, surrealismoaren oinarriak ezarri baitzituen.

"Ni" sortzailearen buru askapena lortu ahal izateko, olerkari dadaistak naturaltasuna, zoria, logikaren haustura eta idazkera automatikoa erabiltzen ditu.

 

Kreazionismoa

Vicente Huidobro (1893- 1948) txiletarrak sortu zuen. 1914an argitaratu zuen manifestuan, Non serviamen, olerkiaren erabateko autonomia defendatzen du, bere ustez errealitatearen edozein adierazpide edo imitazio alboratu behar du poesiak, berezko errealitatea sortu ahal izateko, funtsezkoa ez dena kenduz eta irudi harrigarriei garrantzi handiagoa emanez.

 

Juan Larrea

Bilbon jaio zen. Haren lehen olerkiak ultraistak, nabarmen, izan zirela esan dezakegu eta Grecia eta Cervantes aldizkarietan argitaratu zituen. Parisen Vicente Huidobro ezagutu zuen eta haren laguntasunari esker mugimendu kreazionista ezagutu zuen. Bere lana gaztelaniaz eta frantsesez idatzia, Gerardo Diegoren Antologíari esker eman zen ezagutara Espainian.

 

Jose Maria de Hinojosa

Parisen bizi zela ezagutu zuen surrealismoa (1925-1926). Izan zituen esperientzia surrealisten ondorioz La flor de California (1928) argitaratu zuen. Bere beste olerkiak neopopularismo eta poesia garbiaren barnean sailka ditzakegu. 1930. urte inguruan literatura bertan behera utzi zuen politika munduan sartzeko. 1936ko hauteskundeetan alderdi kontserbatzaileko diputatugaia izan zen.

 

Ezuste-efektua

Gregerien ustekabe-efektua ondorengo baliabideen bidez lortzen zuten:

· Bi irudiren ikus-elkartzea: "La luna es el ojo de buey del barco de la noche".

· Hotsen elkarketa: "Las gallinas son tartamudas".

· Lotura logiko bat alderantziz jartzea: "El polvo está lleno de viejos y olvidados estornudos".

· Kontrajarrita dauden kontzeptuen elkarketa askea: "Lo más importante de la vida es no haber muerto".