LITERATURA

Gerraondoko nobela

Gerra Zibilak ez zuen nobelan, poesian (40. gaia ikusi) izan zuen eragin bera izan, aurreko urteetako narratibaren egoera ez baitzen olerkigintzarena bezain ona. Eleberrigintza indartu egin zen garai hartatik aurrera eta herrialdeak pairatu berri zuen egoera izugarria agertzeko generorik egokiena bihurtu zen.

Oinarrizko joerak

  • Garaileen ikuspegia: Gerra Zibilaren ondorengo nobela, alderdi irabazlearen ideologiaren ikuspuntutik garatu zen.
  • Kostunbrismoaren jarraitzaileak: burgesia giroen ohitura deskribapena agertzen zuen beste korronte narratiboa izan zen.
  • Umorismoaren baliabidea: umorezko eleberrigintzak errealitate sozial ankerra ahaztuarazten zuen literaturaren (ihesbidea bihurtzen zena) eskaria asetu zuen.

Camilo Jose Cela

Bere lehen lana, La familia de Pascual Duarte (1942), berrogeigarren hamarkadako literatur munduko berrikuntza bihurtu zen. Argumentu beldurgarria, funtsik ez zuen bortizkeria eta baserriko mundu atzeratu bateko giroa batu zituen eta sekulako eskandalua sortu zuen lanarekin. Azpian zegoen mundu haren ikuspuntua, ordea, ez zegoen garai hartako existentzialismo frantziarretik edo neorrealismo italiarretik oso aldentuta.

Horren ondoren Pabellón de reposo (1943), Nuevas andanzas de Lazarillo de Tormes (1944) eta Viaje a la Alcarria (1948) idatzi zituen.

Hala ere, Celaren lanik bikainena La Colmena (1951) da, eta horrekin berrogeita hamargarren hamarkadako errealismo sozialari hasiera ematen dio.

Lan horretako sei kapituluek sekuentzia laburrak dituzte, batera gertatzen diren beste pasarte batzuk nahasten dituztenak. Pasadizo horien banaketak bizitza gurutzatuen multzoa bihurtzen du, erlauntza bateko erleek osatzen dutenaren modukoa. Egitura horren bidez Cela gerraondoko errealitate soziala objektiboki agertzen saiatzen da.

Pertsonaien trataera horrek, itxaropenik gabeak, Celaren lanetan etengabe ikus daitekeen ezkortasun existentziala agertzen du.

 

Camilo Jose Cela, 1948an.

Miguel Delibes

Miguel Delibesek arrakasta La sombra del ciprés es alargada (1947an Nadal saria) lanarekin lortu zuen. Jarraian idatzitako beste liburu batzuk honako hauek dira: El camino (1950), La hoja roja (1959) eta Las ratas (1962).

Bere maisu lana Cinco horas con Mario (1966) izan zen. Bertan Carmenen barne bakarrizketa kontatu zuen: Carmen klase ertaineko emakumea da, eta senarraren hilotza beilatzen ari da. Marioren, irakasle aurrerakoi eta solidario baten, eta Carmenen, pentsaera itxia eta ohikoa duen emakumearen arteko kontrasteak Espainiako tradizionalaren eta aurrerakoiaren arteko ezberdintasuna azalarazten du.

Parábola del náufrago (1969) lanarekin Delibes formaren esperimentalismoan barneratu zen baina bere betiko gaiak eta estiloa berreskuratu zituen ondorengo eleberrietan.

Errealismo soziala

Aipatu bezala, La colmenak (1951) aldaketa sakona eragin zuen literaturan eta 1954an modu ikusgarri batean geratzen da agerian eragin hori. 1924 eta 1931 artean jaio ziren idazleen talde batek eleberri ugari argitaratu zituen. Lan guzti hauek errealismo soziala dute komunean, garai hartako gizartea modu kritiko batean agertzeko grinak hala eraginda.

Errealismo soziala bi joera nagusitan banatzen da: errealismo objektibista, noveau roman (75. gaia ikusi) frantziarraren antzekoa, eta errealismo kritikoa, neorrealismo italiarraren (77. gaia ikusi) inguruan kokatu izan dena.

Nobela sozial objektibista

Eleberrigintza objektibista, psikologia konduktistan eta zinemaren hizkuntzan oinarritu zen. Horrenbestez, teknika narratibo garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Autorea ia ez azaltzea.
  • Pertsonaien protagonismoa mugatzea (taldeko pertsonaia).
  • Introspekzioa eta azterketa psikologikoa alboratzea.
  • Pertsonaien kanpoaldeko karakterizazioa.
  • Argumentua deuseztea bata bestearen segidako pasarteen bitartez.
  • Egitura eta estilo aldetik erraztasuna.
  • Denbora eta espazioa elkartzea.

Idazlerik aipagarrienak

Rafael Sanchez Ferlosiok (Erroma, 1927) El Jarama lana idatzi zuen. Estetika objektibistaren irudikapenik onena da. Autorea desagertu egiten da istoriotik, kamera baten ikuspuntua hartzeko, aurrean duen guztia filmatu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, lanaren zama elkarrizketek daramate.

Juan Goytisolo (Bartzelona, 1931). Bere lehen garaiak (Juegos de manos, Duelo en el Paraíso) zentzu subjektibo handia du eta haurtzaroa, galdutako paradisua balitz bezala agertzen da. Bere bigarren etapan (1956-1962), berriz, konpromiso politikoa eta salaketa soziala bereizi daitezke. Hirugarren etapan (1966an hasi zuen), berriz, errealismo soziala bertan behera uzten du zapaldutako kultura eta gutxiengoen alde (musulmanena batik bat) idazteko, (Señas de identidad, 1966; Reivindicación del conde don Julián, 1970; Makbara, 1980).

Ignacio Aldecoa (Gasteiz, 1925 - Madril, 1969an). Baserri inguruko krimen batean oinarritzen ditu bere bi lan: El fulgor y la sangre (1954) eta Con el viento solano (1956). Aldentze objektibista batetik abiatuta kontatzen du istorioa Aldecoak. Urruntze horren atzean, ezkutatuta, beheko klaseenganako zuen elkartasun epela nabari daiteke. Bestalde, ezin ahantzi daiteke bere ipuinak ere balio handikoak direla.

Carmen Martin Gaite (Salamanca, 1925 - Madril, 2000). Nadal saria irabazi zuen Entre visillos (1957) lanari esker, probintzietako hiri batekoak diren eta ezkondu beharrarekin itsututa dauden neskei egiten die kritika. Bere lanik hoberenetariko bat Retahílas (1974) izan zen.

Korronte honetako beste aparteko autore batzuk honako hauek dira: Armando Lopez Salinas (Madril, 1925), Jesus Fernandez Santos (Madril, 1926 - 1988), Ana Maria Matute (Bartzelona, 1926), Jose Manuel Caballero Bonald (Jerez de la Frontera, 1926), Juan Garcia Hortelano (Madril, 1928 - 1994), Alfonso Grosso (Sevilla, 1928 - Madril, 1995) eta Jesus Lopez Pacheco (Madril, 1930 - Toronto, 1997).

Nada

Carmen Laforetek (1921), ordura arte ezaguna ez zen idazle bartzelonarrak, irabazi zuen 1945ean Nadal saria Nada lanarekin. Existentzialismo europarrarekin lotu izan dute eleberria eta Andrearen bizipenak kontatzen ditu lehen pertsonan. Andrea Unibertsitatean ikasteko hirira iristen den neskatxa bat da, eta han bere familiakoen giro beltzarekin topo egiten du.

Garai hartako estilo erretoriko eta klasizista ez bezala, Nada lana prosa arin, zuzen eta naturalez idatzia dago.
 

Errealismo sozialeko eleberri nagusiak

· 1954: Ana Maria Matuteren Pequeño teatro; Jesus Fernandez Santosen Los bravos; Ignacio Aldecoaren El fulgor y la sangre; Juan Goytisoloren Juegos de manos.

· 1955ean Rafael Sanchez Ferlosiok El Jarama idatzi zuen.

·1957: Carmen Martin Gaitek Entre visillos idatzi zuen.

· 1958: Jesus Lopez Pachecok Central eléctrica idatzi zuen.

· 1959: Juan Garcia Hortelanok Nuevas amistades idatzi zuen.

· 1960: Salinasek La mina idatzi zuen.

· 1961: Alfonso Grossok La zanja idatzi zuen.

· 1962: Jose Manuel Caballero Bonaldek Dos días de setiembre idatzi zuen.

 

Errealismo kritikoa

Errealismo kritikoak objektibismoak baino jarrera konprometituagoa hartu zuen, korronte horretako idazlerik gehienak Alderdi Komunistako kideak izan baitziren klandestinitatean. Mugimendu honek berezko bi xehetasun ditu:

· Intentzionalitate kritikoaren esplizitazio handiagoa.

· Klase sozial jakin bateko ezaugarriak betetzen dituzten pertsonaiak erabiltzea.

 

Nobela sozialeko gaiak

Berrogeita hamargarren hamarkadako nobela sozialaren funtsezko gaia Espainiako gizarte garaikidea da, baina XIX. mendeko nobelan azaltzen zenaren oso ezberdina, ez baitu zentzu orokorrean azaltzen gizarte hori. Ondorengo ataletan bana ditzakegu eleberriak lantzen zituzten gaien arabera:

· Baserri inguruko mundua.

· Langile-klasea.

· Burgesia.
 

Camilo José Cela

Camilo Jose Cela Padronen, A Coruña, jaio zen 1916an eta Madrilen hil zen 2002an. Medikuntza eta Zuzenbide ikasketak egin bazituen arren, ez zituen inoiz amaitu. Gerra Zibilean borroka egin zuen alderdi nazionalarekin, eta funtzionario gisa ere lan egin zuen denboraldi batez. 1957an Real Academian sartu zen eta 1989an Nobel saria eman zioten.

 

Miguel Delibes

Miguel Delibes Valladoliden jaio zen 1929an. Merkataritza zuzenbidean katedraduna izan zen eta 1974az geroztik Real Academiako kide da. Ohitura arruntak ditu Delibesek eta bere zaletasunen artean ehiza nabarmendu behar da. Beti adierazi izan du natura babesteko duen ardura, eta gizatasunik gabeko eta kontsumoa helburu duen gizartea kritikatzen ditu. Bere lanik ezagunenen artean honako hauek bereizi behar dira: Las guerras de nuestros antepasados (1975), El disputado voto del señor Cayo (1977) eta Los Santos inocentes (1981).