Gerraosteko antzerkia (I). Goi mailako komedia eta umore antzerkia
Jacinto Benaventeren antzerki burgesa
Gerraosteko goi mailako komediaren aurrekarietako bat mende hasierako komedia burgesa da. Korronte horren ordezkari nagusia Jacinto Benavente (Madril, 1866-1954) izan zen, eta haren lehendabiziko lanek (Los intereses creados, 1907) modu kritikoan aztertzen zituzten gizartearen klase ertainak; berrikuntza handia izan ziren Jose Echegarayren (1832- 1916) antzerki handiustearen aurrean.
Baina Benaventeren lanak aldatzen joan ziren eta ikusle burgesen aurreko jarrera adeitsuagoa hartu zuten. Horri esker, ospe izugarria emango zioten antzezlanak idatzi zituen: Señora ama (1908) eta La malquerida (1924). 1922an Nobel Saria jaso zuen.
Goi mailako komedia
Ondo landutako lanari ematen dio bereziki garrantzia antzerki mota honek, bai istorioa osatzeko garaian, bai elkarrizketetan, bai eszenatokiko jokoetan.
Aukeratzen den giroa maila burges aberatsarena da eta korronte honen helburua ikusleek tarte atsegin bat pasatzea baino ez da; argumentua behin eta berriro errepikatzen da, betiere adulterioan edo desleialtasunean oinarrituta. Argumentu hauetan, amaiera zoriontsuak nagusi den ideologia defendatzen du, eta, beraz, fideltasuna, ondradu izatea eta maitasuna nagusitzen dira.
Gehienetan umorezkoak diren obrekin batera, beste era bateko lanak ere izaten dira: tesiko dramak eta pieza historikoak.Egile nagusiak Edgar Neville (1899-1967), Jose Maria Peman (1898- 1981) eta Juan Ignacio Luca de Tena (1897-1975), izan ziren, beste batzuen artean.
Edgar Neville
Literaturaren alorrean, haren ibilbidea gaztetako abangoardismotik, tartean gerra garaiko antzerkigintza konprometitua jorratuta, goi mailako komediara bilakatzen da, El baile (1952) bezalako lanekin.
Bere lanetan bizitzaren ikuspegi atsegina ematen da, eta fikzio literarioaren bidez errealitatetik ihes egitea da helburua. Madrileko kaleak izaten dira antzezlanen kokagunea eta pertsonaiak gizarte maila altukoak dira, dotoreak eta ohitura zaindukoak; arketipoak, azken batean: gizon arrakastatsua, andere handia, senar aspertua…
Nevillek ekartzen dituen osagai berriak umore ironikoa eta helburu desmitifikatzailea duen hiperbolearen erabilera da, eta, era berean, egoera absurdoak.Enrique Jardiel Poncela
Jardiel Poncelaren helburua komikotasunaren usadiozko moduak haustea zen. Umore modu horiek sinesgarriak izaten ziren eta errealitateari lotuta zeuden. Haren proposamen dramatikoa ez zen gauzatu, azken batean amore eman behar izan zuelako ikusleen gustukoa izateko.
Osagai berri asko ekarri zituen Poncelaren antzerkia egiteko moduak: egoera groteskoak, barregarriak edo sinesgaitzak sortzea izan zen nagusia, eta, horretarako, ironia, elkarrizketa biziak, nahasteak, sorpresak eta berezia eta arrunta nahastea izan ziren bere tresnak.
Hala eta guztiz ere, antzezlan batzuetan, Angelina o el honor de un brigadier (1934) eta Madre (el drama padre), zentzugabekeriarik absurduenak erabiliz, kritika zorrotza egiten dio gizarteari.
Enrique Jardiel Poncela.
Miguel Mihura
Gerra aurretik hasi zen idazten, baina bere antzezlanak estreinatzeko garaian, berrogeita hamargarren hamarkada arte ez zuen maiztasunez bere lanak taularatuta ikusteko aukerarik izan.
Tres sombreros de copa, 1932. urtean idatzia eta handik hogei urtera estreinatua, umore antzerkiaren maisulantzat jo izan du kritikak. Oso originala da zentzu askotan. Hori dela eta, erabateko haustura ekarri zuen ordura arteko antzerkigintza komikoarekin.
Antzezlan honek askatasun eskuratuaren eta galduaren gaia jorratzen du.Gai bera aukeratu zuen egileak ¡Sublime decisión! (1955), Mi adorado don Juan (1956) eta La bella Dorotea (1963) antzezlanak idazteko.
Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Mihuraren lanean satira nagusituko zaio umoreari; hala ikusten da El caso de la señora estupenda (1953), Ninette y un señor de Murcia (1964), Maribel y la extraña familia (1959) eta Melocotón en almíbar (1958) lanetan.
Miguel Mihurak idatzi zuen Maribel y la extraña familia antzezlanaren emanaldia.
Alfonso Paso
Alfonso Pasok (1926-1978) jakin bazekien gerraosteko ikusleak ez zeudela prestatuta antzerkigintzaren erabateko berrikuntza ulertzeko, eta, beraz, aldaketaren eta ikusleen gustuaren arteko formula bat jorratu zuen.
Baina, azkenean amore ematea erabaki zuen eta ikusleek eskatzen ziotena idaztea egokitu zitzaion. Horrela, antzerkian egin zuen lana kontsumoko objektua izatera kondenatu zuen, gizartearen maila bati bereziki eskainia.
Idatzi zituen lan ugarietan abildade handia erakutsi zuen intriga lotu eta trakestu edo askatzeko, egoera harrigarriak sortzeko eta elkarrizketak graziarekin osatzeko.Jose Maria Peman
(1898-1981), alor askotan nabarmentzen da, nola dramak idazten, hala artikuluetan, hitzaldietan eta poemetan.
Antzerki historikoa eginez, Pemanek historiaren ikuspegi sinplista ematen du, eta ideologia tradizionalaz zipriztinduta agertzen dira bere lanak: Cisneros (1934), Por la virgen capitana (1940). Era berean, antzerki kostunbrista eta tesikoa (Hay siete pecados, 1943; La verdad, 1947) ere jorratu zituen, baina arrakastarik handiena giro andaluzean kokatutako komedia arinek eman zioten: Los tres etcéteras de don Simón, 1958; La viudita naviera 1960.
Juan Ignacio Luca de Tena
(1897-1975), bide asko jorratu zituen bere ibilbide oparoan: ohitura komedia, fartsa, komedia psikologikoa, historikoa eta nahasketakoa. Idatzi zituen lanik aipagarrienak, honakoak: ¿Quién soy yo? (1935) eta Dos mujeres (1948), azken hau irakasle baten dilema da, ohitura zaharreko emakume espainiar baten eta emakume amerikar modernoaren artean aukeratu beharra alegia; gainera, El cóndor sin alas (1951), Don José, Pepe y Pepito (1952), ¿Dónde vas Alfonso XII? (1957) eta ¿Dónde vas, triste de ti? (1959) ere idatzi zituen.
Alfonso Pasoren antzerki
· Antzerki soziala, bidegabekeria salatu, goi mailako gizartearen azpikeriak agerian jarri eta maila ertaina goraipatzeagatik nabarmentzen da: Los pobrecitos (1957) eta La corbata (1963).
· Antzerki poliziakoa, helburu bakarra ikusleak entretenitu eta tarte atsegin bat pasaraztea duena: Usted puede ser un asesino (1958) eta Receta para un crimen (1959).Edgar Neville
Edgar Neville (1899-1967), nobleziako familia batean sortua, Zuzenbidea ikasi eta gero, diplomatiko izan zen Washingtonen. Gerra Zibila hasi zenean, bidaiari ibili zen Europako hainbat hiritan. Eta gerraostean, berriz, zinemarako egin zuen lan eta idazteari lotu zitzaion.
Literatur genero ia guztiak landu zituen eta hainbat aldizkaritan ere kolaboratzaile izan zen, La Codorniz izenekoan, adibidez.
Jardiel Poncela
Jardiel Poncela (1901-1952), arrakasta handiko nobelak idazten hasi zen eta arrakasta handia lortu zuen. Sortu zituen antzezlanik sonatuenak Cuatro corazones con freno y marcha atrás (1936), Un marido de ida y vuelta (1939), Eloísa está debajo de un almendro (1940), Los ladrones somos gente honrada (1941) eta Los habitantes de la casa deshabitada (1942) dira.
Miguel Mihura
Miguel Mihura (1906-1977). Hasieran Gutiérrez aldizkari satirikoko marrazkilaria izan zen, La Ametralladora umore aldizkaria zuzendu zuen eta 1941. urtean La Codorniz umore aldizkaria sortu zuen. Gainera, dramaturgo eta artikulugile moduan egin zuen lanaz gain, ospea lortu zuen zinemarako gidoien egile eta laguntzaile moduan.
