LITERATURA

Antzerkigintza gaur egun

Hirurogeiko hamarkadaren amaieratik eta hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar dramaturgo eta "konpainia" berri asko sortzen dira eta arrakastatsua zen antzerkigintza komertzialaren aurka egiten dute. Proposatzen duten antzerki mota berria idatzi eta antzezten dute, baina arazo eta traba asko dituzte: batetik, zentsura, eta, bestetik, enpresariak, batere arriskurik hartzen ez dutenak ikusle murritz bati zuzendutako antzezlanak muntatu eta programatzeko. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta laurogeiko hamarkadaren hasieran antzerkiaren egoerak nabarmen egiten du onera, ordura arte isilpean eduki zituzten hainbat dramaturgoren lanak ezagutzen hasten dira eta.

Talde independenteak

1975. urtean komertzialak ez ziren ehun eta berrogeita hamar bat antzerki talderen asmoa beren errepertorioa taldearen "adierazpena" izatea zen, hau da, bere burua definituko zuen kontzientzia ideologikoa eta estetikoa lortzea.

Ikusle herrikoiengana hurbiltzea zuten helburu, eta, horretarako, mintegiak antolatzen zituzten eta kokagune zehatz batean eta prezio zehatz batzuen arabera antzezteko ohitura komertzialari amaiera eman nahi izan zieten.

 

Talde independente horietako batzuk honakoak izan ziren: Els Joglarsek, Albert Boadella buru zutela, parodia jorratzea izan zuten helburu; Los Goliardosek garai hartan egiten zen antzerkigintzarik onena Espainian antzeztu nahi izan zuten; Tabanok herri antzerkia egiten zuen; Los Cataros; Teatro Estudio Lebrijano, eta abar.

Salaketa antzerki errealista

Joera honetan biltzen diren antzezlanen helburua gizarte mailako bidegabekeria, gizakiaren esplotazioa edota langile arrunten bizi baldintzak salatzea da. Pertsonaiak gizartearen biktima izaten dira beti. Komedia ofizialaren hizkera garbi eta zainduaren parean, hizkera kutsatua, zuzena eta eufemismorik gabea agertzen da.

Antzerki mota honetako egile nagusiak honako hauek dira:

  • Jose Maria Rodriguez Mendez (1925). Duina ez zen egoeraren salaketa eta kritika soziala gauzatzen ditu bere lanetan, beste batzuen artean, Vagones de madera (1958) eta La batalla de Verdún (1961).
  • Jose Maria Bellido (1922). Haren antzezlan alegorikoek gizartean nagusi diren ideia ukiezinak agerian utzi nahi ditu. Antzerkigintza errealistaren korrontekoak dira Rubio cordero (1970) eta Milagro en Londres (1971).
  • Carlos Muñiz (1927). Errealismotik (El grillo o El precio de los sueños) neoespresionismorantz bideratzen du bere joera sortzailea.
  • Lauro Olmo (1923-1994). Errealismo krudeletik forma alegoriko eta esperpentikoetara bideratzen ditu bere sorkuntzaren urratsak: La camisa (1962) eta Mare Nostrum (1966).
  • Jose Martin Recuerda (1925). Bere dramak Andaluzia tragiko eta bortitzean kokatzen ditu: Las salvajes en Puente San Gil (1961) eta Las arrecogías del Beaterio de Santa María Egipcíaca (1970).
  • Andres Ruiz (1928). Gerraosteko antzerkigintzaren joerarik errealistena eta gordinena da berea: La espera (1961) eta Como un cuento de otoño (1964).

Antzerki hermetikoa

  • Jose Ruibal (1925). Bere antzerki joerak antidramatismoa, zentzu bikoitzak eta deszifratzen zaila den abere sinbologia lantzen ditu: Los mendigos (1955), El asno (1962).
  • Antonio Martinez Ballesteros (1929). Antzerki errealista egiten hasi zen, eta, handik, alegoriara eta, azkenean parabolara iristeko: El país de Jauja (1963) eta El camaleón (1967).
  • Manuel Martinez Mediero (1938). El último gallinero (1969) antzezlanarekin antzerki alegorikoan murgiltzen da: El convidado (1971) eta Las planchadoras (1971).

Antzerki esperimentala

Antzerkirako modu berriak bilatzen dira, askotan aktoreak dauzkan baliabideekin esperimentazioa eginez. Emaitzak, era askotakoak dira: errezitatua izateko testurik ez egotetik, ikusleari dei eta irain egiteraino.

  • Fernando Arrabal (1932). Los hombres del triciclo (1958) lanak izan zuen kritika txarraren ondoren, Frantziara joatea erabaki zuen, eta herri hartan idatzi zituen bere lanik gehienak, azken batean, haren ustez, ikusle espainiarrak ez baitzeuden prestatuta egiten zuen antzerki esperimental eta inkonformista bereganatzeko. Arrabalen obretako pertsonaiak (batez ere lehendabiziko lanetan) ezin dira sistema arrotz batean integratu, beren pentsaeraren aurkakoa delako: Pic-nic, El triciclo, El laberinto, eta abar (83. gaia ikusi).
 

Francisco Nievaren Pelo de tormenta lanaren pasartea, 1997. Juan Carlos Perez de la Fuentek zuzendua.

Antzerkigintza bera eztabaidagai

Hirurogeita hamarreko hamarkadan hainbat egile dramatikok eszenatokiko gertaeraren nortasuna planteatzen duten antzezlanak idazten dituzte, eta, konponbide moduan, hainbat aukera eskaini ere bai, batez ere antzezpena egiteko ohiko moduari dagokionean.

  • Francisco Nieva (Valdepeñas, Ciudad Real, 1927). Hizkera, pertsonaiak eta egoerak askatzen dira eszenatokian, litekeena eta ezinezkoa gerta daitezen.

Haren lanen bilduma "fartsa eta kalamitate antzerkia" (Tórtolas, crepúsculo y... telón eta El paño de injurias) eta "antzerki haserrea" (Es bueno no tener cabeza, Pelo de tormenta eta Nosferatu) joeretan banatzen da.

Gaur egungo dramaturgoak

  • Jose Sanchis Sinisterra (Valencia, 1940). Idatzi dituenen artean aipa daitezke Demasiado frío (1985), Algo así como Hamlet (1970) eta ¡Ay, Carmela! (1985).
  • Jose Luis Alonso de Santos (Valladolid, 1942). Lan ezagun batzuk: La estanquera de Vallecas, Bajarse al moro eta La sombra del Tenorio.
  • Fernando Fernan Gomez (Lima, Perú, 1921). Aktore, zine zuzendari (El extraño viaje) antzerki idazle eta nobelista bezala nabarmendu zen. Haren antzezlanik ezagunena, Las bicicletas son para el verano (1984).

Talde independenteen ereduak

Antzerki amateurra: antzezle amateurrek egina eta errepertorio zabalekoa, baina oso noizean behingo emanaldiak dituena.

Ganbera antzerkia: adierazpen eszenikoa ia erabat murrizten du eta idazteko lana izugarri soiltzen du aktorearen eta ikuslearen artean batasuna sortzeko.

Unibertsitate antzerkia: herri antzerkia, gizartearen sektore zabaletara iristea helburu duena.

Antzerki esperimental independentea: baztertutako antzezlanak eskaintzen ditu eta, Stanislawski metodoa erabiliz, aktore eskolak sortzen ditu (80. gaia ikusi).

 

Gaur egungo hainbat talde independente

Els Comediants: kale antzerkian, berbenetan, eta herri ikonografiako ikuskizunetan espezializatuta, ikuslearen parte hartzea beharrezkoa izaten du: Moros y critians (1975), Dimonis (1983), la ceremonia de inauguración de las Olimpiadas de Barcelona 1992, eta abar.

La Fura dels Baus: Hiri antzerkia egiten dute, bat-batekotasunean eta ikuslearen probokazioan oinarrituta: Accions (1984), Tier Mon (1988), F@ust 3.0 (1998), eta abar.

 

Antzerki esperimentaleko hainbat egile

Luis Mantilla (1939). Haren antzezlanei, neurri batean behintzat, pesimismoa darie. Pertsonaiak etsai duten mundu batean daude kateaturik eta borrokan ibiliko dira, hortik ihes egin nahian.

Jeronimo Lopez Mozo (1942). Haren lan laburrak absurduaren antzerkian eta happeningean oinarritzen dira.

Diego Salvador (1938). Ikusleak antzezlanean sartzen ahalegintzen da.

 

Antzerkia eztabaidagai jartzen duen joerako beste egile batzuk

Luis Riaza (1925). Gure egunetara iritsi diren antzerki moduen eta formula dramatiko berrien parodia egiten saiatzen da.

Jose Martin Elizondo (1922). Haren lanak den-dena jartzen du zalantzan: teknikak, gaiak eta abar.

Hermogenes Sainz (1928). Haren lanean forma teatralen etengabeko bilaketa egiten du.

Miguel Romero Esteo (1930). Haren ustez, antzerkia festa da eta herri osoak hartzen du parte.

 

Gaur egungo azkenekoak

Fermin Cabal, Caballito del diablo eta Esta noche gran velada antzezlanen egilea.

Domingo Miras, Fedra eta La Saturna antzezlanen egilea.