LITERATURA

Greziako literatura (I). Poesia epikoa eta lirikoa

Zibilizazioak asko zor dio antzinako Greziari (filosofiari, zientziari, demokraziari...), eta haien artetik, literaturak berebiziko garrantzia du. Izan ere, mendebaldeko literaturaren tradizioan izango ziren genero, forma eta topiko gehienak Greziako penintsulan sortu ziren, K. a. VIII. eta IV. mende bitartean, eta haietako lehenak poesia epikoa eta lirikoa izan ziren.

Mitologiatik literaturarako igarotzea

Antzinako literaturaren muina jainko eta heroien inguruko elezahar eta kontakizun erlijiosoek osatuta dago. Hasierako helburua fenomeno naturalak eta iraganeko gertaerak azaltzea zen. Gerora filosofiak eta historiak bere gain hartuko zuten eginkizun hori (47. gaia ikusi), baina mitoek bizirik iraungo zuten, beren edertasun literarioari eta argumentu erakargarriei esker. Izan ere, inspirazio-iturria izango ziren geroko literaturarentzat, Greziako garaietatik egun arte.

Mito greziarrak hainbeste eta hain korapilatsuak izanik, beharrezkoa izan zen haien biltze eta sailkatzea. Lan horretaz Hesiodo (K. a. VIII. m.) arduratu zen. Hona bere obra nagusiak:

  • Teogonía: poema honetan, munduko lehen mitoez gain, jainkoen arteko ahaidetasuna azaltzen da.
  • Los trabajos y los días poemak irizpide moralak azaltzen ditu, lana eta zuzentasuna goraipatuz. Horrekin batera, nekazal lanari buruzko aholkuak ematen ditu.

Poesia epikoa

Greziako nobleek gogoko zuten arbasoen guduak eta ekintza miragarriak entzutea, eta beren burua ikusten zuten haietan islaturik. Aedo edo rapsodo deitutako poeta ibiltariek horrelako gertaerak konposatzen eta ahoz zabaltzen zituzten, beren poema epikoen bitartez (grekozko epo-tik, «kontakizuna»).

Poema haietako gai nagusiak lotuta zeuden Troiako gerraren gaineko elezaharrekin: greziarrek setiatuta zuten hiria, Parisek, troiatarren printzeak, Helena Menelaoren iloba bahitua baitzuen. Urte askotako gerratearen ondoren, greziarrek beren atzera-egitearen plantak egin zituzten eta hiria konkistatu zuten, zurezko zaldi baten barruan sartuta.

Heroiek etxera itzultzeko pasatu beharreko zailtasunak ohiko beste gai bat izaten zen. Oro har, hauexek dira epikaren baliabideak:

  • Literatur formulen eta adjektiboen errepikapena.
  • Konparazioen erabilera etengabea.
  • Deskripzio zehatz-zehatzak.

Oturuntza irudiak kratera greziar batean (Madrileko Museo Arkeologikoa). Greziarrek -eta erromatarrak ere geroago- etzanda jaten zuten. Otoruntzetan musika entzuten zen, poema epiko eta lirikoekin batera.

Poema homeriko handiak

Greziar poema epiko gehienak galduta daude. Hala ere, Homeroren bi obra luze kontserbatzen dira (K. a. VIII. m.):

  • Ilíada: Troiako (Ilion, grezieraz) gerrako gertaera bat kontatzen du. Agamemnon buruzagiarekin liskartu ondoren, Akilesek, Greziako arteko heroi nagusiak, borroka utzi du; ondorioz, troiatarrak nagusituz doaz. Baina Patroklo bere laguna hiltzen denean, Akiles itzultzen da eta etsaien buruzagi Hektor hil egiten du. Jainkoek parte hartzen dute argumentuan, batzuen nahiz besteen alde agertuz.
  • Odisea: Ulisesek (Odiseo, grezieraz) bere herrialderaino egiten duen itzulera bidaia kontatzen du, Troiatik Itacaraino, alegia. Gizon azkarra zela eta, izaki miragarrien arteko (sirenak, ziklopeak...) abentura askok gainditzea lortzen du. Etxera itzultzean noble talde batekin borrokatuko da, bere emaztearekin ezkondu eta erresuma lapurtu nahi baitzioten.

Poesia lirikoa

Poesia epikoak iraganeko gertaera gogoangarriak kontatzen dituen modu berean, poesia lirikoak orainaldiko sentimenduetan eta arduretan erreparatzen du. Poemak lira edo txirula baten doinuaz lagundurik kantatzen ziren, eta hortik lirika izena. Grezian, K. a. VII.-V. mende bitartean iritsi zen gorenera, eta bere baitan bi estilo nagusi daude:

  • Lirika korala: konposizio luze eta korapilatsuak dira, koruak erlijio ospakizunetan, hiletetan, ezteietan eta bestelako ekitaldietan kantatzekoak. Egile nagusia Pindaro izan zen (K. a. VI.-V. m.); ospea lortu zuen olinpiadetako irabazleen omenez egin zituen poemengatik.
  • Banakako lirika: poema laburragoak dira, batek bakarrik ozen irakurrita. Asmo morala zein satirikoa izaten zuten (Arkilokok, esate baterako, barregarri uzten zuen heroismoa, K. a. VII. mendean), baina batez ere poetaren sentimenduak uzten zituzten agerian: Anakreonek bizitzaren gozatzea goresten zuen (K. a. VI.-V. m.), eta Safok maitasuna (K. a. VII. m.).
Aro Klasikoko izaki jainkotiar nagusiak
Grekozko izena Latinezko izena Jarduera esparruak
Zeus Jupiter Jainkoen eta gizakien erregea
Hera Junon Zeusen emaztea
Poseidon Neptuno Itsasoetako jainkoa
Hefesto Vulkano Suaren jainkoa
Hades Pluton Infernuko eta hildakoen jainkoa
Febo edo Apolo Apolo Igarpenaren eta musikaren jainkoa
Atena Minerva Jakinduriaren jainkosa
Afrodita Venus Maitasunaren jainkosa
Artemisa Diana Ehiza eta basoetako jainkosa
Ares Marte Gerraren jainkoa
Hermes Merkurio Jainkoen mezularia
Dionisio Bako Ardoaren jainkoa

Grezia klasikoa

Antzinaroan, Grezia lurralde txiki eta independenteez osatuta zegoen, hiri estatuez hain zuzen ere. Horretaz gain, kolonia aberatsak zituen Italiako hegoaldea eta Asia Txikia gehitu behar dira. Lotura politikoak eta geografikoak ahulak ziren arren, kulturak sendo batuta zuen Grezia.

 

K. a. VIII. mendeko bi poeta gorenak

Hesiodo. Trebea zen poesiaren tresnak erabiltzen. Nekazaria zen, eta lurrarekin egunero izan beharreko borroka kantatzen zuen. Behin jaraunspen auzi bat galdu zuen epailea ustela zelako, eta hori zela eta nekazarien justizia egarria ere azaltzen zuen.

Homero, ordea, poeta ibiltaria zen lanbidez, aedo bat alegia, eta itsua omen zen. Nobleei lotua, beraien gerra dohainak goraipatzen zituen bere poemetan.

 

Saforen bertsoak

Bikote bat ikusita, Safo poetak bere sentimenduak azaltzen ditu: «Me parece igual a los dioses aquel varón sentado frente a ti, que a tu lado escucha mientras hablas dulcemente y sonríes con amor. Ello hace que desmaye mi corazón dentro del pecho, pues si te miro apenas, mi voz no me obedece.»