Greziako literatura (II). Prosa eta antzerkia
Prosaren sorrera
Antzinateko literatur genero nagusiak (epika, lirika eta drama) ahapaldietan idazten ziren, hirurak kantuari eta errezitazioari lotuta baitzeuden. Prosa beste genero batzuekin sortzen da, estetika hutsaz gain, bestelako helburuak dituztelarik:
- Filosofia: hasierako filosofoek hitz neurtuetan idatzi bazuten ere, Greziako pentsalari handienak prosaz baliatu ziren, Sokrates izan ezik, ez baitzuen ezer idatzi. Platonek (K. a. 428-347) arreta handiz zaintzen zituen bere solasaldi filosofikoen formak (Fedon, El banquete, Republica), eta maiz mitoez baliatzen da azalpenak egiteko. Aristotelesek (K. a. 384-322) idatzitako literatur tratatuak, Poéticak, eragin handia izango zuen (1. gaia ikusi).
- Alegiak irakaspen morala duten kontakizun laburrak dira, eta animaliak dituzte protagonista: Esopo (K. aurreko V. m.).
- Zientzi tratatuak: Hipokrates mediku ospetsua (K. a. V. m.).
- Oratoria, politikaz eta legeez hitz egiteko artea, demokrazian garrantzi handikoa: Lisias (K. a. V. m.), Demostenes (K. a. IV. m.).
- Historia: Herodotok (K. a. 484-424) gertaera ugariren berri eman zuen Historias bere obran; Tuzididesen lanean historialariaren ikuspegi objektiboa igartzen da Historia de la guerra del Peloponeso.
Antzerkiaren sorrera. Eskilo
Dionisosen omenezko ospakizunetan koru batek kantatu eta dantzan egiten zuen; geroztik beste aktore bat jardungo zen hizketan korua eta haren zuzendariarekin, korifeoarekin alegia, eta hortxe daude antzerkiaren hastapenak. Atenasen berehala hasiko ziren txapelketa dramatikoak, eta haietan saritu egiten ziren antzezlanik onenak, beti bi eratakoak eta hitz neurtuetan eginak: tragediak eta komediak.
Tragediaren argumentuak mitologiako elezaharretan bilatzen ziren, eta gizakiak patuarekin daukan borrokaren ondorio tragikoak izaten ziren gai nagusiak.
Eskilo (K. a. 525-455) lehena izan zen hiru tragedia idazleen artean. Koruaren garrantzia gutxitu eta bi pertsonaia gehiago gehitu zituen, solasaren mesedetan. Ez zuen argumentu korapilatsurik erabiltzen, eta bere obrak trilogietan bilduta daude. Haietako batean, La Orestíada, Agamenon heroia hil egin dute Troiatik itzultzean, eta haren seme Orestesek mendeku hartuko du.
Beste lan aipagarri batzuk: Prometeo encadenado obrako heroiak sua lapurtu zien jainkoei, gizakiei emateko; Pertsiarrak, Grezia eta Pertsiaren arteko gerren ingurukoa.Sofokles eta Euripides
Sofoklesekin (K. a. 496-406) aktoreak hiru izango ziren, eta ekintzak ere pisu handiagoa izango zuen argumentuan; bere pertsonaiak, idealizatuta badaude ere, gizatiarrago agertzen zaizkigu Eskiloren erdi jainkoen aldean. Hona bere obra nagusiak:
- Ayax: geroagoko Quijotea bezala, heroiak zoraturik eraso egiten dio ganadu talde bati, etsaiak direlakoan.
- Antigona: protagonistak aurre egiten dio Tebasko erregeari bere neba, aberriaren aurka altxatu zena, lurperatu ahal izateko.
- Edipo rey: Edipo, gerora Tebasko errege, abandonatua izan zen umetan. Handitan, aita hil zuen eta amarekin ezkondu. Egia jakin zuenean, begiak erauzi zituen.
Euripidesek (K. a. 480-406) gizakien parean aurkezten ditu pertsonaiak, gizakiak ala jainkotiarrak izan. Bere lanak konplexuak eta gertaera ikaragarriz josiak dira, eta pertsonaia grinatsuak dira haietako muina, emakumezkoak eskuarki:
- Medea: Medea sorginak, senarrak zapuzturik, bere ordezkoa eta bere seme-alabak ere hiltzen ditu mendekua hartzeko.
- Hecuba: Protagonistak, Troiako erregina zaharrak, seme-alaben heriotza eta hiriaren hondamena ikusten ditu, ezer ezin eginik.
- Las bacantes: Penteo erregea Dionosos jainkoa gurtzearen aurka azaldu da. Jainkoaren emakume jarraitzaileek, trantzean, zatikatu egiten dute erregea, haren ama buru dutelarik.
Aristofanes eta komedia
Ekintza bizi eta arinekoa, komedia sarritan baliatzen da txiste, sesio eta txantxez bere asmo satirikoa eta egoera barregarriak nabarmentzeko. Atenasko kaleetan eta bertako biztanleen egunerokoan giroturik, gizakien ajeak eta giza akatsak ditu hizpide.
Egilerik entzutetsuena Aristofanes izan zen (K. a. 445-387); bere lanetako batean Las aves atenastarrak, zorrez josita, hiri berri bat sortu dute zeruan txoriekin batera. Lisistratan, Greziako emakumeek, gerraz gogaiturik, senarrak abandonatu dituzte, bakea sinatzen behartzeko.
K. a. IV. mendean, «Komedia Berria» zeritzonak, gizarte eta politika arloetako satira alde batera utzita, maitasunaren eta ohituren inguruko gaietara jo zuen. Menandro da egilerik adierazgarriena (K. a. 342-293).
Epidauro hiriko antzokia, Peloponesoko mendebaldeko kostan: egoera onenean iraun dutenetako bat da.
Historiografiaren jatorria
K. a. V. mendeko gertaera lazgarriek (pertsiarren aurkako gerrak eta Peloponesoko gatazka, Atenas eta Espartaren artekoa) historiarekiko jakin mina piztu zuten greziarrengan, mitoetara eta elezaharretara jo gabe, ordea. Hortik sortu zen Historiaren generoa.
Antzezlanak
Antzezlanetan koruaren kantuak eta dantzak aktoreen solasaldiekin tartekatzen ziren. Denek janzten zituzten mozorroak eta soinekoak, oso apainduak tragedietan eta barregarriak komedian. Zola lodiko oinetakoei esker, «koturnoak» aktoreak ziren baino askoz altuagoak agertzen ziren.
Greziako
Sofokles.
«Muchas son las cosas
admirables, mas ninguna más
admirable que el hombre. (...)
Se enseñó a sí mismo el
lenguaje y el alado pensamiento,
y también las civilizadas
maneras. (...) Nada del
porvenir le encontrará falto
de recursos. Sólo de Hades
no tendrá escapatoria.»
Sofokles, Antigona
