LITERATURA

Latinezko literatura

Italiako erdigunetik abiatuta, erromatarrek Antzinaroko inperiorik sendoena eratu zuten Mediterranioren inguruetan. Hala ere, Greziak -orduan Erromaren mende- konkistatzaile indartsuak konkistatu zituen bere kulturarekin. Izan ere, grekolatindar kulturaz ezagutzen den zibilizazioen bat-egiteak literatura latindarraren obra nagusiak sortu zituen.

Antzerkia: Plauto eta Terentzio

Erroman lehen garatutako generoa antzerkia izan zen. Jatorria bertako tradizioan izan bazuen ere, helduaroa Greziako Komedia Berriak ekarri zion (2. gaia ikusi). Komedia latindarrak greziar giroa uztartu zuen latindarren izaerarekin eta latinezko herri hizkerarekin.

Argumentua apainegia izaten zen, eta protagonistak hiriko klase ertainetakoak ziren. Gai eta pertsonaia nagusiak ere beti berberak izaten ziren:

  • Bikote gazte baten maitasun minak eta penak, esklabo buruargi batek lagunduta.
  • Merkatari, agure gordin edo soldadu harroputzak, beti ziria sartuta bukatzen dutenak.
  • Ume galduak, hainbat urteren buruan berriro aurkituak.

Erromako komediagilerik ospetsuena eta oparoena Plauto izan zen (K. a. 254-184). Bere asmo nagusia barrea eragitea izanik, egoera lizun eta barregarriez baliatzen zen. Solasetan argi antzematen da herri latina. Bere obra ugarietako nabarmenenak hauek dira:

  • La olla: gizon zeken bat, alabak eta haren mutil-lagunak engainatua.
  • Anfitrion: emakume bat limurtu nahian, Jupiterrek haren senarraren antza hartzen du. Ondorioz, nahasmenak eta liskarrak izango dira senar-emazteen artean.

Terentzioren (K. a. 184-159) komedietan, El eunuco ala Heautontimorumenosetan adibidez, argumentua ez da horren nahasia, eta pertsonaiak berak ere ez dira hain barregarriak, bai ordea psikologiaren aldetik landuagokoak. Darabilten latina, Plautorena baino dotoreagoa, eredutzat hartzen zen eskoletan.

Tragediak garrantzi apalagoa izan zuen. Ospea lortu zuen egile bakarra, Seneka, inperioaren garaikoa da (K. a. 4-K. o. 65), eta bere lanetan nabaria da Euripidesen kutsua. Filosofo estoikoa, Cartas a Lucio lanaren autorea ere da.

Prosa: oratoria eta historiografia

Errepublikaren garaian, oratoria nahitaezkoa zen politika jomuga zuten gazteen hezkuntzan. Ulertzekoa denez, Inperioa etorri zenean garrantzia galdu zuen.

Zizeron izan zen latinezko hizlaririk trebeena (K. a. 106-54). Kontsulatura iritsi zen, eta tratatu filosofikoak idatzi zituen, Discusiones tusculanas edo De la vejez bezalakoak. Catalinarias eta Filipicas tiraniaren kontrako hitzaldi ereduak ziren.

Historia beste genero nagusia da latinezko prosan. Julio Zesar jenerala eta politikaria izan zen lehenengo egiletako bat (K. a. 100-44), bere kanpaina militarrak idatziz bildu baitzituen hurrengo idazkietan: Comentarios a la guerra de las Galias eta Comentarios a la guerra civil. Salustio historialaria errepublikaren garaian jardun zen (K. a. 86-35).

Inperioaren garaian bi izen gailendu ziren:

  • Tito Livio (K. a. 59-K. o. 35). Latindarren iragana, Augusto enperadorearen garaiera artekoa, goresteko asmoz, berealdiko kronika bat idatzi zuen: Desde la fundación de Roma.
  • Tazitok, aldiz (K. o. 55-120), I. mendeko enperadoreen hilketen eta botere borroken berri eman zuen Historias y anales bere obretan. Ikuspegi objektiboagoa eta etsiagoa azaldu zuen.

Poesia latindar handia

Poesia latindarra, Greziar epika eta lirika oinarritzat izan zituen arren, idatzia eta maila jasoagokoa izango zen, Greziako poesia kantatuaren eta bere ahozko izaeraren aldean.

Honakoak dira Errepublikaren garaiko poetarik nabarmenenak:

  • Lukrezio (K. a. 99-55?). Filosofia epikurear eta atomista azaldu zituen poema zientifiko luze batean De la naturaleza.
  • Katuloren (K. a. 84-54) poema fin eta dotoreetan, maitasun psikologia asaldura eta sufrimenduaren nahaste gisa agertzen da.

Augustoren erregealdian latinezko poesiak benetako urre-aldia izan zuen. Hauek izan ziren egile ospetsuenak:

  • Virgilio (K. a. 70-19), Erromako poeta nazionala eta ondoko obren egilea:
    • Bucolicas, landa aldeko bizimodua goraipatzen duten artzain giroko poemak.
    • Georgicas poema, nekazal tekniken berri ematen duena.
    • Eneida, latinezko poema epiko gorena.
  • Horazio, segur aski latindar poetarik gailena (K. a. 65-8). Era askotako gaiak jorratu zituen Odas y Epistolas bere obretan (satira, bizimodu xumearen gorespena, literatur kritika).
  • Ovidio (K. a. 43-K. o. 17). Bere arteari buru-belarri emandako poeten eredua; Arte de amar bezalako maitasun jarduerarako aholkuak idatzi zituen, baita elezahar mitologikoak ere bildu zituen Metamorfosis lanean. Erromatik erbesteraturik, bere nahigabea azaldu zuen Tristes lanean.
  • Tibulok eta Propertziok (K a. 60-19; K. a. 47-14), elegiazko poetak deituek, maitasun gaiak erabili zituzten estilo benaz eta esakunez aberastuaz.

Latinezko beste poeta gogoangarri batzuk: Lukano (39-65), Farsalia poema epikoaren egilea; Fedro alegia idazlea (K. a. 10- K. o. 50); Martzial, epigrama izeneko olgeta idatzi labur eta zorrotzen egile, eta Juvenal (40-104; 50-140).

Virgilio Musekin. Nekazaria jatorriz, ez zuen sen handirik gizarte bizitzarako, eta beti bizi izan zen gizartetik bakarturik eta ikasteari emanda. Bucolicas bere obrari esker familiaren lursailak konfiskaziotik berreskuratu zituen. Perfekzionista nekaezina, hamar urte baino gehiago eman zuen Eneida idazteko, eta hilzorian zegoela ere, obraren eskuizkribua eskatu zuen erretzeko asmoz, ez baitzegoen konforme egindakoarekin.

Erroma: Errepublikatik Inperiora

Gobernu formari dagokionez, Erromaren historian bi aldi bereizten dira argiro. Errepublikak (K. a. VI.-I. mendeak) lurralde zabalenak konkistatu zituen. Inperioak (K. a. I.- K. o. V. mendeak) ere mugak haratago eraman zituen, baina 395. urtean erdibitu zenean, germaniarrek Inperioko mendebaldearen konkistari ekin zioten; konkistaren batera Antzinaroa bukatu eta Erdi Aroa hasi zen.

 

Politika eta literatura Augustoren garaietan

Augusto (K. a. 27- K. o. 14) Erromako lehenbiziko enperadorea izan zen. Mezenas, bere aholkulari aberatsa, kultur ekimen handiez baliatu zen Erromaren historia eta Inperioaren politika goresteko. Propaganda lan horretan Mezenasen artista kutunenek hartu zuten parte: Virgilio, Horazio eta Propertzio poetak eta Tito Livio historialaria.

 

Maiteminduen gogo nahasiak

Odio y amo. ¿Cómo es posible?, preguntarás acaso.

No lo sé, pero así lo siento y me torturo.»

Katulo

 

Eneida, poema nazionala

Eneidaren bi parteetan nabari da Homeroren eragina. Odisean bezala, lehenengo partean Jainkoek Eneas heroia Troia bere jaioterritik Italiaraino helarazten dute; bigarrenak ere Iliada hartzen du eredutzat, Italian finkatu arte troiarrek hango herriekin izan zituzten borrokak kontatzen baititu. Azkenean, beren ondorengoek Erroma sortuko zuten. Hala, bada, iragan mitikoaz gain, Erromak Greziako elezaharrekiko lotura ere omen zuen.