Literatura grekolatindarraren azken aldia. Nobelaren hastapenak.
Greziako literatura Aro Klasikoaren ostean
Mazedoniak Grezia menderatu eta batu zuenean, K. a. IV. mendean, kultura greziarraren aro klasikoa amaitu eta aro helenistikoa edo alexandrotarra hasi zen, Alexandro Handiaren omenez hala deitua.
Aro Helenistikoan poesia lirikoa maila jasokoa eta erudizio handikoa izan zen. Hona adibiderik adierazgarrienak:
- Kalimako (K. a. 310-240). Mitoen aztertzaile originala.
- Teokrito (K. a. 310-260). Solasaldi laburrak eta finak idatzi zituen, artzainak protagonista zirela. Hortik sortuko zen poesia bukolikoaren azpigeneroa.
Poesia epikoaren adierazle argiena Apolonio Rodaskoa da (K. a. 295- 215); Argonautikak bere obran heroi talde baten abenturak kontatzen ditu: Jason buru dutela, urrezko ahari larruaren bila abiatu dira. Azkenean lortuko dute, Medea sorginaren laguntzari esker.
Erromaren agintepean, bi prosagile handi nabarmendu ziren Grezian:
- Plutarkok (50-120) idatzitako obra bat, Vidas paralelas, zabalduenetakoa izan da historia osoan. Bertan Grezia eta Erromako pertsonaien bizitzak alderatu zituen binaka.
- Luzianok (125-192) oso izaera kritikoa zuen, eta zinikoen eragina ere nabaria zen berarengan. Gizakien ajeak eta huskeriak azaldu zituen. Bere obra oparoan aipatzekoak dira Diálogos.
Nobelaren sorrera
Epikaren narrazio azpigenero gisa agertzen bada ere, hasieratik bertatik nobelak berezko ezaugarriak erakusten ditu:
- Hiritarrei zuzenduta dago, ez aristokraziari.
- Prosaz idazten da, bere helburua ez baita errezitatua izaten, irakurria baizik.
- Argumentu bihurriagoa du, bigarren mailako istorioak eta deskripzioak tartekatzen direlako.
- Pertsonaien gorabeherak ez dira jainkoen gogoaren mende egongo, halabeharrak gidatuak baizik, maiz gertaerak sinesgaitzak badira ere.
Lehenbiziko nobelak Grezian agertzen dira, I. mendean. Hasieran azpigenero gisa sortuak, geroago nobela bizantiar esango zaie. Gai nagusia beti izaten da bi gazteren arteko maitasuna, eta protagonistak ere eder-ederrak, maiteminduak eta garbiak dira. Arrazoi bat edo beste medio, bidaia gorabeheratsu bati ekin behar diote (hondoratzeak, bahiketak...), eta ondorioz elkarrengandik bananduak geratzen dira. Abentura askoren ondoren eta pertsonaia ugari ezaguturik, berriz elkartuko dira zorioneko amaieran.
Nobela haietako ospetsuena Heliodororen Aethiopica (Etiopokoak) izan zen (III. edo IV. m.); gainera, generoaren eredu bihurtu zen sinesgarritasunagatik eta kontakizunaren hurrenkeragatik: hasieran istorioaren erdiguneari heltzen zaio (in medias res), eta hortik aurrera jazotako guztia argituz joango da, poliki-poliki.
Nobela latindarra, ordea, nahasiagoa zen osagarriei dagokienez, bere baitan pikareska, fantasia, lizunkeria, parodia, eta abar hartzen baitzituen:- Petronio (I. mendea). Satiricon bere nobela ez da osorik gorde: hiru lagun noraezean dabiltza Italiako hegoaldean zehar, amarru eta engainuei esker biziz.
- Apuleio (II. mendea). El asno de oro nobelan, Luzio gaztea asto adimentsu bihurtzen da huts egindako sorginkeria baten ondorioz. Giza itxura berreskuratu arte, jabe eta abentura desberdinak izango ditu. Tartean beste kontakizun batzuk agertzen dira.
Latinezko eta grekozko beste nobela batzuetan gertakariak eta pertsonaiak benetakoak nahiz alegiazkoak ziren (Troiako gerra, Alexandro Handia, Apolonio erregea). Oso zabalduak, erromantzezko hainbat obraren jatorria izango ziren Erdi Aroan.
Latinezko literatura Erdi Aroan
Erdi Aroan genero guztiak ugaldu ziren latinez, horixe baitzen orduko hizkuntza jasoa.
Prosan nabarmentzekoak: filosofoen obrak, San Agustinen Confesiones izeneko autobiografia (V. m.) eta Pedro Abelardo eta Heloisaren gutunak (XII. m.), kasu; historia liburuak (Gregorio Toursekoaren Historia de los francos, VI. mendekoa; Godofredo Monmouthekoaren Historia de los reyes de Britania, 1136koa; santuen bizitza bildumak, XIII. Mendeko Leyenda dorada, famatua.
Terentzioren ildotik jarraituz, maila jasoko antzezlanak ere idazten dira, antzezteko baino, irakurtzeko sortuak. Rosvita lekaimeak (X. m.) santu eta martiriei buruzko komediak idazten ditu, eta XII. mendeko «elegiazko komedian» gai barregarri eta gordinak ukitzen dira. Antzezlan horietako batek, Panfilo famatuak, eragina izan zuen Arcipreste de Hita idazlearen lanean (5. gaia ikusi) eta La Celestinan (8. gaia ikusi).
Erdi Aroan latinezko poesiak ere arrastoa utziko du erromantzezko literaturan. Poema epiko bat, Walter de las manos fuertes (IX m.), gesta kantaren aitzindaria da. Berebiziko garrantzia dute goliardoen poemek: kleriko eta ikasle alderraiek idatzitako poema liriko profanoak ziren (Carmina Burana, etab.), eta haietan maitasuna eta ardoa kantatu ez ezik, eliza bera ere barregarri agertzen zen.
Itsas bidaiak eta ontzien hondoratzeak ezinbesteko gaiak ziren abentura nobela greziarretan. Alboko irudiko mosaiko erromatarrean belaontzi bat ageri da (Toledoko Arkeologia Museoa).
Bizantzioko literatura
Erdi Aroan greziera ezezaguna zen mendebaldean; ekialdeko Inperio erromatarrean, ordea, 1435. urtera arte iraun zuen, turkoek hiriburua, Konstantinopla edo Bizantzio, konkistatu zuten arte, alegia. Bizantzioko kultur giroan hainbat genero landu ziren, besteak beste: poesia lirikoa, epika (Digenis Akritas zaldun kanta, esaterako), historia eta, jakina, abenturazko nobela ere bai.
Epikatik nobelara arte
Apolonioren Las Argonauticas obran argi ikusten da nolako bilakaera izan zuen epikak Homeroren garaietatik. Burgesiak irakurtzeko modukoa, Las Argonauticas nobelaren aitzindari argia da. Heroitasuna gutxietsirik agertzen da abenturen eta maitasunaren aurrean: protagonista bera -Jason- limurtzaile hutsa baino ez da, eta emakumeen esku hartzea behar-beharrezkoa izango da abentura behar bezala buka dadin.
Nobela, Antzinaroan gutxietsitako generoa
Hasieratik, nobeletan pertsonaia eta gertaera asmatuak azaltzen ziren prosaren bidez. Geroagoko generoa izateagatik, Aristotelesek ez zuen jaso bere Poética ospetsuan (1. gaia ikusi). Horregatik -gerora lortuko zuen arrakasta gorabehera- antzinaroan maila apaleko generotzat hartu izan zen, eta ez zitzaion batere baliorik ematen.
Beste nobela greziar batzuk
Karitonen Quereas y Caliorre, I. mendekoa, zaharrena da osorik gorde diren nobelen artean; Akiles Tazioren Leucipa y Clitofonte nobelak, II. mendekoa, berrikuntza bat dauka, protagonistak berak kontatzen baitu, lehenengo pertsonaz baliatuta; Longoren Dafnis y Cloe,II. edo III. Mendekoa, argumentu errazagokoa da: bi gaztetxoren maitemina kontatzen du artzain giroan.
