LITERATURA

Erdi Aroko epopeia handiak

Antzinaroan sortu zenetik, zibilizazio guztietan garatu izan da poesia epikoa, nazioak eta beren heroiak goraipatzeko helburuarekin. Zalantzarik gabe, epopeia Erdi Aroan heldu zen bere maila gorenera. Izan ere, orduan eratzen ari ziren Europako kultura berrietan, bereziki Frantzian, ugari izan ziren zaldun prestuen bizitza eta ekintza gogoangarriak goresteko bertso kantak.

Juglareen poesia heroikoa

Erdi Aroko epopeiak eta bere antzinako heroiek Europako herrien nazio izaera finkatzeko beharrari erantzuten zioten. Heroi horien bizitza miragarriak eta ohore erronkak gesta kanten gaiak ziren (4. gaia ikusi). Bestalde, agintean zegoen noblezia goratuz, feudalismoaren gizarte egitura sendotzen zuten.

Kanta epikoak, egile ezezagunekoak, ahoz aho zabaltzen ziren: juglareak artista ibiltariak ziren, eta janari, jantzi edo diru truke, buruz abesten edo errezitatzen zituzten kanta horiek plazetan eta gazteluetan, beste kanta edo poesia lirikoekin batera. Kantuak tradizionalak ziren eta forma aldakorra zuten, juglare bakoitzak bere erara moldatzen baitzituen.

Nobleek gustuko zituzten horrelako errezitazioak, beren dohainak igartzen baitzituzten heroi epikoengan, eta era berean, herriari asko gustatzen zaizkio, bere bizimodu gorrian atseden une bakarrak zirelako. Bestalde, beraien bidez historia ez ezik berriak ere zabaltzen ziren orduko jendeen artean, Erdi Aroko Europa erabat itxia zegoelako.

Poema asko galdu egin dira, eta soilik ezagutzen ditugu idatziz bildutako bertsioak, gehienetan sortu eta denbora luzera jasoak.

Epika germaniarra

Iparraldeko herri barbaroen mitoak eta elezaharrak obra epikoen bitartez iritsi dira gugana:

  • Cantar de Hildebrando (VIII. mendearen erdialdea): zaharrena da gorde diren kanta germaniarren artean. Oso laburra da, eta armada ezberdinetan dauden aita-semeen arteko borroka kontatzen du.
  • Beowulf (IX. mendearen hasiera): poema anglosaxoi honetan Beowulf errege godoak, kondairazko heroia bihurturik, munstro eta herensugeen aurka borrokatzen du bere herria salbatzeko.
  • Los Edda: Norvegia eta Islandiako kanta laburrak, IX-XIII. mende bitartekoak. Munduaren sorrerari buruzko elezahar mitologikoak nahiz garaiko gertaerak biltzen dituzte.

Epika germaniarraren maisulana poema alemaniar bat da, luze-luzea (bederatzi mila eta bostehun lerro); izan ere, antzinatik badator ere, Nibelungoen Kantuaren behin-betiko bertsioa XIII. mendekoa da.

Sigfrido heroia, protagonista, garaiezina da, herensuge odoletan bainatu zelako. Balentria asko egina zen arren, traidore batek hil egingo du bizkarrean zaurituz, hantxe baitzuen une ahul bakarra. Orduan agertzen da istorioan pertsonaia aparta bat, Krimilda bere alargun ederra, mendeku konplexua prestatu eta burutuko duena.

Frantziako epopeia handia

Askoz garapen handiagoa izan zuten gesta kantek alor linguistiko erromanikoan, eta haietako ehun bat iritsi zaizkigu; gaztelaniazko, probentzerazko eta italierazko batzuk gorde dira, baina gehien-gehienak frantsesez idatzita daude.

Hona hemen poema epiko horien ezaugarri nagusiak:

  • Frantziako historia eraldatua agertzen da, elezaharretara moldatua.
  • Heroiek inspirazio kristaua dute, eta Jainkoa lagun dute.
  • Osagarri alegiazkoak eta miragarriak ugari dira.
  • Gudak eta jantziak xehe-xehe azaltzen dira.

Horren obra multzo oparoa hiru ziklotan sailkatzen da:

  • Frantziako erregeen edo Karlomagnoren zikloa. Garrantzitsuena da, eta bere kantuek hainbat gai jorratzen dituzte: Karlomagnoren gurasoen bizitza, Berta la de los grandes pies; geroko enperadorearen gaztaroa, Mainete; bere ibilerak munduan zehar, Peregrinación de Carlomagno; edo musulmanen kontra izandako borrokak, Fierabras eta Cantar de Roldán.
  • Garin Monglanekoaren edo Gillermoren zikloa: bere pertsonaiak errege agintea defendatzen duen leinu bereko heroiak dira, baina ordain ustela jasoko dute beren fideltasunaren truke. Aipatzeko moduko obrak dira Aymeri de Narbona edo Cantar de Guillermo.
  • Doon Mainzekoaren zikloa: kantu solte hauetan Frantziako erregeen aurka altxatutako jauntxo feudalen gorabeherak azaltzen dira. Adibidez, Raoul de Cambrai eta bere protagonista basatia, ala Renaut de Montauban poema ezaguna.

El cantar de Roldan da iritsi zaigun obrarik zaharrena, eta ondoen gorde dena ere bai (XI. mendearen amaiera). Horren arabera, sarrazenoek zelata egin zieten frankoei Orreagako haizpitartean, eta hantxe hil ziren Frantziako hamabi pareak, Karlomagnoren Gorteko zaldunik onenak, , Roldan heroi handia haietako burua zelarik. Ondoren, enperadore frankoren mendekua kontatzen da.

Benetan gogoangarriak dira kantuko hainbat pertsonaia: Roldanek, ausartegia eta harroegia, ez du laguntzarik eskatuko; Oliveros bere lagun mina; Alda bere maitea, penaz hila berria jakin zuenean; Ganelon traidorea, etab.

Las Grandes crónicas de Francia miniatura honetan Chanson de Roland kantuaren gai nagusia azaltzen da: Errolan Orreagako haizpitartean hila. Heroiaren buruaren inguruan argi koroa ageri da, Jainkoaren dohainaren seinale. Bere arima aingeruek eramaten dute zerura.

Juglareen mundu zabala

Bere saioetan juglareek, kolore biziez jantzita, denetik egiten zuten kantu eta errezitazioekin batera: musika, malabarismoa, magia, mozorro jantzi barregarriak erabili, etab. Juglare batzuk, pobre eta ezjakinak zirenak, oinez ibiltzen ziren leku batetik bestera, ia eskaleen parean. Beste batzuk, berriz, aberatsak eta ospetsuak izanik, zaldiz ibiltzen ziren, mirabe eta guzti. Bazeuden, halaber, kantari arabiar eta juduak, bai eta emakume juglareak ere.

 

Epika: egia eta fantasia

Kantuetan bildutako gertaerak benetakotzat hartu ohi ziren, eta inoiz prosako historia kroniketan ere sartu izan ziren. Hala ere, nahiz eta istorio haietako batzuetan egiaren zantzuak izan, gehienak elezaharretatik zetozen, eta alegiazko gertaera ugarik osatuak zeuden. Zenbat eta urrunagokoa eta antzinakoagoa izan gaia, biziagoa zen juglarearen irudimena.

 

Zaldunaren mitoa

Erdi Aroko zaldunaren irudiak zaldunaren gerra-dohainak eta gizabidea batzen zituen (ausardia, indarra, kristau fedea, ahularen defentsa). Epikaren alorretik gorteetako narrazioetara pasatu zen, eta Errenazimenturaino iritsi zen zaldun liburuen generoari esker (12. gaia ikusi). Aldaketak aldaketa, gurera ere zabaldu da, eta horren adibide da filmetako cowboy bakartia.