LITERATURA

Erdi Aroko lirika eta narratiba

Hasieran, literatura beti agertu da bertsotan paratua. Horrek erraztu egiten zituen kantua eta errezitazioa, ezinbestekoa dena obra bat entzule eskolagabeen artean zabaltzeko. Beraz, Erdi Aroan bi generoak bertsotan idatziko dira, baina narratiba berehala baliatuko da prosako testuez.

Erdi Aroko lirika

Erdi Aroko tarte zabalenean, kultura idatzia klerikoen esku egon zen batez ere, eta latin hutsez idazten zen. Herri xeheak, ordea, Europako hizkuntza berriez kantatzen zituen bere abesti xumeak, gai nagusitzat jaia, maitasuna eta lana zituela. Poesia horren adibide gehienak galduta daude, egileak herrikoak eta ezezagunak zirelako. Dena den, aleren bat edo beste iritsi zaigu, batez ere Iberiar penintsulan (3. gaia ikusi).

Poesia probentzala edo trobadore poesia

Herri hizkuntzei dagokienez, maila jasoko poesia lirikoa probentzeraz egin zen lehenbizikoz. Eskola hori Frantziako hegoaldean sortu zen XII. mendearen hasieran, eta bere eraginez antzeko literatura agertu zen Europako beste hizkuntza batzuetan, batez ere frantsesez, katalanez, galego-portugesez (cantigas) eta alemaneraz (minnesang).

Konposizio berri horiek berezko ezaugarri nabarmenak zituzten. Egileak, trobadoreak, ezagunak ziren, eta musikaz lagunduta zabaltzen zituzten. Juglareen antzekoak ziren, jantziagoak eta itzal handiagokoak, ordea, baina ez ziren klerikoak. Haien artean nobleak zein plebeioak zeuden.

Gaiei dagokienez, ondoko azpigeneroak bereizten ziren:

  • Canso: maitasun poesia, literatur maila jasokoa.
  • Sirventes: poesia satirikoa, elkar zirikatzekoa edo kritika moralak egitekoa.
  • Pastorela: zaldun baten eta neska artzain eder baten elkar topatzea kontatzen du.
  • Planh: hileta-eresia.
  • Tenso: bi poetaren arteko eztabaida.

Maitasun adeitsua

Trobadoreen entzule gehienak aristokratak ziren, gero eta finagoak eta gerrarako grina gutxiagokoak. Haientzat, trobadoreek ereduzko maitasun-ideal bat osatu zuten, maitasun adeitsua delakoa, Andreas Capellanusen Sobre el amor obran jasotakoa (XII. mendea).

Eredu horren bidez feudalismoa maitasun harremanetara egokitu zen. Jauna andre bat zen, noblea eta ezkondua. Poeta, haren morroi eta zerbitzari zintzoa, isilean erabat maiteminduta zegoen berarekin. Bere maitea lortu ezinik, maiteminduak sufritu egiten zuen, baina baita bere burua araztu ere.

Erdi Aroko narratiba

Nobela adeitsua edo abenturazkoa

Erdi Aroaren amaieran, epika bazter geratu zenean, zaldunen inguruko gaiak nobeletan iraun zuen. Gesta kantuak ez bezala, genero berria irakurtzekoa zen. Horregatik ere, narrazioa konplexuagoa zen, eta egileak ezagunak eta jantziagoak.

Giro feudaleko gerrarien eta armaden ordez, protagonista zaldun ibiltaria da, beti abentura miragarrien bila. Ahulen alde azaltzen da, erraldoien eta munstroen kontrako borrokan, fantasiazko inguru geografiko baten barnean. Maitasunak ere berebiziko garrantzia du, trobadoreen maitasun adeitsuaren ildotik.

Generoaren aitzindaria Chretien de Troyes izan zen, XII. mendearen bigarren erdian. Bere obrak laburrak ziren, oraindik zortzi silabako lerroez osatuak; adibidez Erec y Enid, Lancelot o El caballero de la carreta, Perceval o El cuento del Grial. Haiekin finkatu zen «Bretainiako gaia» delakoa zaldun literaturaren eredu gisa, hots, Arturo erregea eta Mahai Biribileko zaldunen ibilerak Grial Sainduaren bila.

Harrezkero bigarren mailan geratu ziren XIII. mendeko beste nobela batzuk, bertsotan eginak eta Antzinaroko pertsonaietan oinarrituak. Era berean, bere egin zituen Tristan eta Isoldaren maitasun tragikoa lantzen zuten nobelak. Aipatzekoa da, bestalde, Maria Frantziakoa emakume poeta, zaldun kontakizun laburren egilea.

Ordura arte, prosa soilik erabiltzen zen historiografian edo zientzia liburuetan; XIII. mendean lehenbizikoz agertu ziren prosaz idatzitako elezahar arturikoak: frantsesezko Lancelot-Graal luzea edo Gottfried von Strassburgen Tristán alemaniarra, kasu. Haien ondoren ugariak izango ziren frantsesezko eta probentzerazko zaldun nobelak eta abenturazkoak. Espainiari dagokionez, korronte horretakoak dira La Gran conquista de Ultramar eta El caballero Zifar, biak XIV. mendekoak.

Beste lan aipagarri batzuk

  • Roman de Renart (XII-XIII m.): poema sorta honetan epika eta nobela adeitsua barregarri ageri ziren; protagonista Renart da (azeria), gizakien gizartea imitatzen duen animalien gizarte batean.
  • Roman de la Rose: poema luze honek, hogei mila lerrotik gorakoak, arrakasta handia lortu zuen XIV. eta XV. mendeetan. Lehen zatia (lau mila lerro inguru) Guillaume de Lorrisek idatzi zuen 1225. urte aldera; maitasun adeitsuaren alegoria moduko bat da (gazte bat lorategi batean sartu eta Arrosarekin maitemintzen da). Beste zatia -saiakera kutsu nabariagokoa eta interes gutxiagokoa- Jean de Meungek idatzi zuen berrogei urte geroago.

Lanzarote del Lago obrako miniatura bat, 1490eko argitaraldi batean (Parisko Liburutegi Nazionala). Arturo erregea Cameloteko hirian sartzen.

Trobadore famatuak

Guilhem de Peitieu, (1071-1126), noble boteretsua, izen ezaguneko lehen trobadore eta poeta erromanikoa izan zen eta hizkuntza erromanikoan; Bernart de Ventadorn (XII. m.) maitasun poetarik handiena da segur aski; Arnaut Daniel (XII. m.) famatua zen bere estilo zailagatik; Guillem de Bergueda (1138-1196?) trobadore katalanetako onena izan zen; Peire Vidal (1183-1204?), larru ontzaile baten semea, ezaguna bere azkartasunagatik eta limurtzaile ospea izateagatik.

 

François Villon

François Villon (XV. m.) erdi Aroko poeta nagusietako bat izan zen. Bizitza gorabeheratsu samarra izan zuen: unibertsitateko ikaslea, lapurra eta hiltzailea, urkatua izateko zorian ere egon zen. Gai ugari ukitu zituen bere poesian (bizitzaren benetakotasuna, haragizko maitasuna, ardoa, etengabe doan denbora, heriotza, damua edo bere erlijio sentimenduak).

 

Erdi Aroko antzerkia

Hasieran antza zuen antzerki greziarrarekin. Ospakizun jakinetan (Gabonak, Pazkoa), apaizek elkarrizketa labur bat izaten zuten euren artean eta koruarekin. Hortik sortutako erlijio antzezlan laburrei pasarte barregarriak erantsiko zitzaien, erakargarriagoak azaltzearren. Azkenean, eranskin horiek beregain bihurtu eta antzerki profanoa ekarri zuten, elizetatik kanpo jada.