LITERATURA

Indiako antzinako literatura. Kolonaurreko literatura

Europako mendebaldeak ez ezik, beste zibilizazio handi batzuek ere aspaldiko agerpen literarioak zituzten. Indiako antzinako literaturaren ezaugarri aipagarriena obra batzuen iraunaldia da. Kolon lehorreratu aurreko Amerikan zibilizazio bikainak loratu ziren, beren ondare literario propioa zutenak.

Sanskritoz idatzitako Indiako literatura

Indiako azpikontinentean hizkuntza askotan hitz egiten da gaur egun. Hala ere, aspaldiko literatura sanskritoz idatzi zen. Sanskritoa herrialdeko aspaldiko hizkuntza eta ezagutzen den indoeuropar dialekto zaharrena da. Indarrean egon zen VII. mendera artea eta gero, kultur hizkuntza gisa mantendu zen. Bi aldi bereiz daitezke:

Aldi vedikoa

Literatura sanskritoaren lehenengo aldiak veda (zientzia) hitzetik hartzen du izena. Oinarrian, testu erlijioso askok osatuta dago (otoitzak eta erritu formulak, himnoak, tratatu filosofikoak, atsotitzak, etab.). Testu horietako zaharrenak Rig-Veda izeneko bilduman agertzen dira eta K.a. XV. mendekoak dira.

Aldi klasikoa

K.a. IV. mendearen inguruan hasi zen eta genero asko ditu jada:

  • Epika: epopeia tradizionalak bi lan nagusi utzi digu: Mahabharata eta Ramayana. Biak idatziz jaso ziren II. mendean. Azkenaren ereduari jarraiki, VI. mendearen aurretik historia eta legendazko gaiak jorratzen zituen epika artistikoa eta jasoa sortu zen.
  • Antzerkia: K.a. II. mendetik, tradizio dramatiko oparoa garatu da. Obrak gai askori buruzkoak dira eta bertsoa eta prosa, hizkera jasoa eta herrikoia txandakatzen dituzte. Aipagarrienak Kalidasaren Sakuntala, maitasunezko istorio ederra edo Indiako Romeo eta Julieta izenaz ezaguna, eta Bhavabhutiren Malatimadhava (VIII. mendekoa) dira.
  • Poesia lirikoa: Indiako poetarik onena Kalidasa (IV. - V. mendekoa) izan zen, Ritusamhara edo Meghaduta bezalako konposizioak idatzi zituena. Indiako letren funtsezko pertsonaia, dramaturgo ona eta poema epikoen egilea izanda, Europako erromantikoek miretsi egin zuten.
  • Narratiba: Indiako ipuin eta alegien bilduma askotatik, zaharrena eta ospetsuena Panchatantra (IV. - V. mendekoa) da. Bere bertsio arabiarren bidez, Erdi Aroko Espainiara heldu zen Calila y Dimna izenburupean (50. gaia ikusi).
  • Prosa: literaturaz kanpoko arrazoiak direla eta, oso ezaguna da Kamasutra tratatu erotikoa (V. mendekoa). Bestalde, arabiar biografia bat Budarengan inspiratutako obretan oinarritu zen, Barlaam y Josafat izenekoa, alegia. Obra hori Mendebalderaino heldu zen, gaztelaniazko bertsioari esker.

Calila y Dimna obraren ilustrazioa.

Kolonaurreko literatura

1492. urtea baino lehen, Ameriketako lurretan hiru zibilizazio prehispaniko nagusi egon ziren, utzi dizkiguten berealdiko hondar artistikoek eta arkitektonikoek erakusten duten bezala. Ahozko literatura omen zeukaten eta horretatik mantendu dena beranduko transkripzioetatik edo misiolarien itzulpenetatik dator.

Popol-Vuh obraren (Antropologia eta Historiako Museo Nazionalaren Liburutegia, Mexiko) azala. Obra honetako itzulpenen artean, Guatemalako Miguel Angel Asturias (87. gaia ikusi) idazlearena azpimarragarria da, hortik hartu baitzuen bere nobelaren Hombres de maíz izenburua. Legendak dioenez, Jainko-jainkosek artoz egin zituzten gizakiak, huts egindako hainbat ahaleginen ondoren.

Maia-kitxeak

Herri hori Yucatan eta Erdialdeko Amerikan bizi zen eta oinarrian, prosaz idatzitako obrak geratu dira, esaterako, Libros de Chilam Balam edo Anales de los Cakchiqueles heterogeneoak, baina batez ere:

  • Popol-Vuh : aspaldiko mito eta legenden bilduma, kutsu erlijiosoa eta kosmogoniakoa duena. "Maien Biblia"tzat hartzen da, XVI. mendean transkribatu eta XVII. mendean itzuli zen.
  • Rabinal Achi : XV. Mendeko antzerki lana, gerlari bat harrapatzea eta hiltzea kontatzen duena. Ekintza oso txikia da eta hortaz, obra elkarrizketa luze eta atseginetan eta musika dantzetan oinarritzen da.

Aztekak

Mexiko erdiko herri gerlari honen hizkuntza nahualta zen eta genero literario guztiak landu zituen. Batez ere, aipatu behar da bere poesia lirikoa. Azteka errege askok arteetarako joera erakutsi zuten eta beraien Gorteak benetako gune kultural bihurtu zituzten, non poesia filosofikoa eta formaren aldetik oso konplexua zela egiten baitzen.

Pertsonaia garrantzitsuena Netzahualcoyotl erregea (1402-1472) zen, letren babeslea, legelaria eta filosofoa. Poeta bezala, bere buruari bizitzaren zentzuari buruz galdetzean, sentikortasun fina islatu zuen. Bere semea eta oinordea, Netzahualpilli poeta ere izan zen.

Inkak

Inken inperio zabalak gaur egungo Peru, Ekuador, Bolivia eta Txileko eta Argentinako iparraldea hartzen zituen. Bere literatura kitxuaz idatzita dago eta nabarmenena azpigenero asko duen musikaltasun handiko poesia liriko oparoa da. Azpigenero horiek honako hauek dira: "jailli", poesia sakratua; "arawi", maitasunezko kanta; "aranway", konposizio satirikoa eta abar.

Inken antzerkirako zuten zaletasun handitik bi piezak baino ez dute iraun eta gainera, garai kolonialean transkribatu ziren:

  • Ollantay: gerlari protagonista enperadorearen aurka matxinatzen da, horrek bere maitea ukatzen diolako gizarte mailaren arrazoiak direla bide.
  • Atahualpa: drama honek ez du inken modurako ekitaldirik, ezta eszenarik ere. Obraren izenburua Pizarrok atxilotu eta hil zuen enperadorearen izena da.

Mahabharata

Poema epiko hori historiako luzeena da, berrehun mila bertso baino gehiago duela. Denboran zehar konposatu zen eta gaur egun ezagutzen den forma II. mendean hartu zuen. Bi anaien ondorengoen arteko borroka legendazko bilbe nagusitzat izanda, deskribapenak, hitzaldi luzeak, bigarren mailako istorioak (Nala eta Dayamantirena, kasu) eta tratatu filosofiko bat, Bhagavadgita izenekoa, hain zuen ere, tartekatzen dira.

 

Ramayana

Hasieran, egilea Valmiki zela esan zen. Gugana heldu den poemaren bertsioa II. mendekoa da. Rama erregeak bere emaztea askatzeko egin behar dituen ahaleginak kontatzen ditu. Izan ere, deabruen erregeak emaztea bahitu du. Forma ondo zainduta dago eta obrak legendak eta filosofiako nozioak hartzen ditu barnean. Gaur egun poema horretako zati batzuk jendaurrean irakurtzen dira oraindik, zenbait jai erlijiosotan.

 

Fatalismo azteka

«Así nosotros somos:
un breve instante a tu lado,
junto a ti, autor de la vida:
¡solamente viene uno
a darse a conocer en esta [tierra!
¡Nadie ha de quedar!...
Ya se rasga el plumaje de [quetzal,
va la pintura [desvaneciéndose,
allá la flor se seca...»