LITERATURA

Ekialdeko literaturak

Asiako milaka urteko zibilizazioek antzinako tradizio literario iraunkorrak garatu zituzten. Mendebaldeko kulturan nabarmena izan da hebrear eta arabiar obra handien eragina, batez ere. Bestalde, Ekialde Urruneko literaturek beren kulturen distira erakusten dute, geografikoki urrunago dauden arren.

Ekialde Ertaineko aspaldiko literaturak

Mesopotamian K.a. IV. milurtekotik aurrera bizi izan ziren herrietatik (sumertarrak, babiloniarrak, asiriarrak, hititak), batez ere testu eta himno erlijiosoek eta munduaren jatorri mitikoei buruzko poema epikoek osatutako literaturak iraun du. Testu horietan beste zibilizazioek dituzten motibo komun batzuk aurkitzen ditugu, hala nola, uholdearena.

  • Egipziar literaturan froga zaharrenak (K.a. III. milurtekoa), konposizio liturgikoak, jakituriazko literatura (Ptahhotepen jarraibideak), lan kantak eta ezkortasun sakoneko testuak, hala nola, Bere bizitzaz nekatuta dagoen gizon batek bere espirituarekin izandako elkarrizketa, dira. Aurrerago (K.a. II. milurtekoa), narratiba loratuko da eta horretan aipagarriak dira Aventuras de Sinuhé o Cuento de un náufrago obrak, eta horrekin batera, poesia sakratua, Himno al Sol ospetsuarekin.
  • Aspaldiko hebrear literatura liburu biblikoetan oinarritzen da, nagusiki. Liburu horietako batzuek, hala nola, Cantar de los Cantares edo Libro de Job, kutsu literario garbia dute. Hebraismoaren beste liburu sakratuan, Talmuden alegia, zati narratiboak nagusiak dira. Erdi Aroko hebrear literatura garrantzitsuena Espainian jorratu zen eta horren idazle aipagarrienak Selomo ibn Gabirol poeta (XI. mendea) edo Maimonides filosofoa (XII. mendea) izan ziren.
  • Arabiar literatura kasidekin hasi zen; kasida horiek beduinoek K.a. VI. mendetik abestutako ahozko konposizioak dira. Koran obrak (VII. mendea) ekoizpen erlijioso eta mistiko handia ekarri zuen eta aldi berean, arabiera literarioa finkatu zuen. Horren hiztegiaren aberastasunak poesia garatzen lagundu zuen, Abu Nuwas (VIII. mendea) eta Al-Mutanabbí (IX. mendea) poeta garrantzitsuak izan zirela. Arabiarrei asko gustatzen zitzaien beste genero bat ipuina zen, Las mil y una noches bilduma erraldoiaren bidez bere une gorenera heldu zena.

Beranduago, literaturarako arabiera erabili ordez, persiera ezarri zen. Hizkuntza horretan idatzi zuten Omar Khayyamek (XII. mendea), Rubaiyaten egileak, hain zuzen ere, edo Hafizek (XIV. mendea).

 

Egipto aspaldiko zibilizazio handienetako bat da eta bere kultura iradokitzailea artisten inspirazio iturri izan da mendeetan zehar eta gaur egunera arte. Irudian Joseph Mankieviczek 1963an zuzendutako Ipar Amerikako Cleopatra filmaren eszenetako bat.

Txina

Txinatar testu zaharrenak K.a. I. milurtekoan sortutakoak dira. Gehienak erlijiosoak, esaterako I-Ching, edo filosofikoak dira, hala nola Konfuzioren edo Lao Tze eta Chuang Tseu taoisten obrak.

  • Poesiak tradizio luzea izan du txinatar literaturan, Chu Yuan (K.a. 343-277) edo Tao Quianengandik (365?-427?) Mao Zedongenganaino (1893-1976). VIII. mendea poesiaren urrezko garaia izan zen eta garai horretako idazle garrantzitsuenak Li Bo buhamea, kritiko eta errealistagoak ziren Du Fu eta Bo Juyi eta Wang Wei leuna izan ziren.
  • XIV. mendetik aurrera, antzerkia instituzio bihurtu da txinatarren bizitzan. Prosazko bilbeak (sinpleak hasieran eta gero pixkanaka-pixkanaka nahasten direnak) bertsoz egindako iruzkinekin eta kantekin nahasten dira. Eszenaratzea gogor kodetuta eta erritualizatuta dago.
  • Narratiba ez zen sendotu XIV. mendearen amaierara arte, Luo Benek argudio historikoarekin egindako Historia de tres reinos izeneko obraren bidez. Izenburu klasikoak honako hauek dira: Wu Cheng'enen Viaje a Occidente fantastikoa (XVI. mendea), Wang Shizhenen La ciruela del vaso de oro errealista eta erotikoa (XVII. mendea), eta Cao Zhanen El sueño del pabellón rojo maitasunezko nobela (XVIII. mendea).

Gaur egun hurrengo idazleak nabarmendu behar ditugu: Lu Xun (1881-1936), "Txinako Gorki" ezizenaz ezaguna eta Grito de llamada obraren egilea; Ba Jin (1904) eta bere nobela La familia, eta gazteena Acheng (1949).

Japonia

Erroma eta Grezia bezala, japoniar kulturak bere pertsonalitatea duen arren, txinatarraren zorduna da, hortik hartu baitzituen idazkera ideografikoa, artea, budismoa eta abar. Bere erreferentzia puntu zaharrena Manyô-shû (760) antologia poetiko ospetsua da eta obra horretatik bertatik sortu ziren Japoniako literaturaren ezaugarri bihurtu diren konposizio laburrak eta trinkoak (tanka) eta laburrena den haiku. Genero horretan Batso (XVII. mendea) garrantzitsua izan zen.

  • Antzerkia asko garatu zen XIV. mendetik aurrera eta txinatarra baino erritualizatuagoa zegoen. Azpigenero ezberdinen artean, hurrengoak dira aipagarrienak:kyôgen, groteskoa eta errealista;kabuki, luzea eta konplexua,eta garrantzitsuena, , oso eszenatoki eta ekintza neurritsuak dituena.
  • Ohiko forma narratiboa monogatari (kontaketak) da. Laburrak izan daitezke, ia poetikoak, hala nola, Aiwara no Narihinaren Iseren ipuinak (IX. mendea) edo luzeagoak, protagonistak kateatutako atalekin. Kontaketa luzearen eredua Gorteko Murasaki Shikiburen (X. - XI. mendeak) damaren Ginge monogatari da, japoniar literaturako maisu lantzat hartzen dena.

Gaur egungo nobelista nagusienak honakoak dira: Junichirô Tanizaki (1886-1975), Yasunari Kawabata (1899-1972), Yukio Mishima (1925-1970) eta Kenzaburo Oê (1935).

Poema epiko zaharrena

Babiloniar literaturako obra ezagunena Gilgameshen Poema da. Lau mila urte baino aurrerago konposatu zen eta Odisea obraren (46. gaia ikusi) antzekoa da. Bertan protagonistak hainbat bidaia egiten du heriotzaren aurkako sendagaia aurkitzeko, baina ez du arrakastarik lortzen. Atze oihala jainko-jainkosa eta gizakien arteko liskarra da.

 

Al-Andalusko literatura

Hispanoarabiar kultura distiratsuak arabiarrek poesiarengatik sentitzen zuten maitasuna erakusten du, ahapaldi mota berriak sorturik (moaxaja landua edo ezagunagoa den zejela). Egile aipagarrienen artean Ibn Hazm (XI. mendea), El collar de la paloma maitasunari buruzko tratatu ospetsuaren egilea, Ibn Zaidun (XI. mendea) eta Ibn Quzman (XII. mendea) poetak eta Averroes filosofo handia (XII. mendea), ahaztutako Aristoteles Mendebaldean sartu zuena, daude.

 

Txinatar poesiaren anbiguotasuna

Txinatar poesiak badu ezaugarri berezia, bere erakargarritasuna are gehiago handitzen duena. Hizkuntza horretan hitzek aurretik zehaztutako kategoria gramatikalik ez dutenez (gero hartzen dute testuinguru bakoitzean), testuen hainbat irakurketa egin daitezke, testuak misteriotsu eta iradokitzaile bihurtzen direla.