LITERATURA

Literatura errenazentista

Erdi Aroarekin alderatuta, Errenazimentuak erabateko aldaketa dakar. Eraldatze historiko sozial nabarmenei (estatu berriak agertzea, burgesia sendotzea, inprenta asmatzea, aurkikuntza geografikoak, eta abar) mundua ikusteko era berria gehitzen zaie. Emaitza zabaltze artistiko eta literario aparta izango da, dagoeneko XV. mendean Italian eman zena, eta Europa osoan hedatuko dena XVI. mendean zehar.

Humanismoa eta antropozentrismoa

Humanismoa, hasiera batean, Italian sortu zen ahalegin eruditua izan zen, Erdi Aroan oso deformatuta zegoen kultura klasiko grekolatindarraren ezagutza zehatza berreskuratzeko. Berehala artea eta miretsitako antzinakoen pentsaera eta bizimodua berpizteko helburua zuen mugimendu zabala bihurtu zen.

Honen ondorio nagusia munduak eta gizakiak berriro balioa hartzea izan zen. Erdi Aroan Jaungoikoa unibertsoaren gunea zela pentsatzen zen (teozentrismoa) eta munduko existentzia betiko bizitzara heltzeko izapide bat besterik ez zela. Orain gizakia munduaren erdian kokatuta geratuko da (antropozentrismoa) eta bizitza sakonki bizitzekoa dela uste izango da.

XV. mendeko humanista italiarrak, C. Salutati edo P. Bracciolini esaterako, XIV. mendeko autore handien eredua jarraituz (Dante, Petrarka eta Boccaccio) (52.gaia ikusi), antzinako eskuizkribu latindarrak aurkitzen eta beren forma eta edukiak imitatzen ahalegindu ziren. XVI. mendean, konkistatu berria zen Konstantinoplatik ihes egiten zuten jakintsu greko asko heldu ondoren, kultura grekolatindarra bere osotasunean berregitea lortuko da. Humanistarik nabarmenena Lorenzo Valla da.

Italia, Errenazimentuaren osotasuna

Italiako hiri estatuetan espiritu errenazentistak literatur formak berritzen ditu XV. mendetik aurrera. Alde batetik, literatura garrantzitsua dago latinez: horrela Marsilio Ficino (1433-1499) edo Pico della Mirandola (1463-1494) filosofoek ideia platonikoak zabaldu zituzten. Bestetik, genero eta lan klasikoak italierara egokitzen joango dira:

  • Lirika: Petrarkaren imitatzaileek bezala, Angelo Polizianoren (1454-1494) poesiak mundu pagano, idealizatu eta mitologikoa agertzen du. Lorenzo de Medicis (1449-1492) ere nabarmentzen da. Poeta bikaina da, eta gainera Florentzia osperik handieneko unean zegoenean, bertako agintari izan zen.
  • Epika: epopeia landua berreskuratzen da Matteo Boiardoren (1441-1494) Orlando enamorado eta Ludovico Ariostoren (1474-1533) Orlando furioso lanekin, bertan gai karolinjioak fantasia ikaragarriarekin birsortzen dira. Kutsu heroikoago eta kristauago batek bereizten du Torquato Tassoren (1544-95) Jerusalén conquistada, lehenengo Gurutzadan kokatua.
  • Nobela: Iacopo Sannazzarok (1456-1530) bere Arcadia lanarekin artzain nobelari hasiera ematen dio, maitasunezko gatazkak eta giro bukolikoa elkartuz arrakasta handiko azpigenero bihurtuko da (12. gaia ikusi).
  • Dotrina prosa: Nicolas Maquiavelok (1469-1527) lehenengo politika hitzarmen modernoa idatzi zuen: El príncipe.

Beste literatura errenazentista batzuk

Kontinenteko gainerakoak ez ziren sor agertu Italiatik etorritako berrikuntzen aurrean. XV. mendean jada aurrea hartzen duten ezaugarriak ikus badaitezke ere, bakarrik XVI. mendean hitz egin daiteke Europako Errenazimentu bati buruz, oso bikaina izan zena herrialde erromanikoetan.

Frantzian hiru figura nagusi nabarmentzen dira:

  • François Rabelais (1494-1553), mediku eta intelektual handia grekoan aditua, Gargantúa y Pantagruel nobela komiko eta nahasiaren egilea da. Bertan, protagonistak diren bi erraldoien ibileren harian, garaiko gizartea satirizatzen da sormen linguistiko eta narratibo handiz.
  • Pierre de Ronsard (1524-1585), inspirazio petraskista duen olerkari emankorra. Sonetos para Helena lanean maitasun berantiarra islatu zuen. Beste poeta nabarmen batzuk Joachim du Bellay (1522-1560) eta Theodore d'Aubigne (1552-1630) dira, azken hau erlijio gerrari buruzko epopeia den Las trágicasen egilea da.
  • Michel de Montaignek (1533-1592) genero berri bat sortu zuen Ensayos lanarekin. Hauek ikuskera pertsonal batetik eginak dauden mota guztietako gaiei buruzko gogoetak dira.
  • Portugalen ere Petrarkaren jarraitzaileak diren poetak aurkitzen ditugu, Francisco Sa de Miranda (1481-1558) esate baterako; eta, batez ere, portugaldar olerkaririk nagusiena den Luis de Camoens (1524-1580), Os Lusiadas lanaren egilea. Epopeia landu eta aberkoia da, Vasco de Gamaren espedizioei buruzko ia bederatzi mila bertsoz osatua.
  • Errenazimentu alemaniarra erlijio kutsuz betetzen da; izan ere, berritzaile handia den Martin Luterok (1483-1546), egia esan oso humanista ez dena, aleman literario eta jasoa sortzen du bere ideiak zabaltzeko.
  • Ingalaterran, Thomas Wyattek (1503-42) eta H. Howardek, Surreyko kondeak (1517-47) Italiako kutsua duen poesia sartzen dute. Azken honekin poesia ingelesean hain ohikoa zen hamaika silabako bertso lerro zuria (errimarik gabekoa) finkatu zen. Olerkaririk nabarmenenak Philiph Sidney (1554-1586) eta Edmund Spenser (1552-1599) dira. Eragin klasikoak Isabelen garaiko eklosio handia aurreratzen duen antzerkiaren nolabaiteko garapena adoretzen du.
 

Espiritu antropozentrista berriaren sinbolorik onena David da. Hau Miguel Angelen eskultura ospetsua da. Giza gorputzaren edertasunaren gorespenarekin harmoniazko eredu grekoarekin elkartzen da. Errenazimentuak ordena guztietan arau klasikoetarako itzulera adierazi zuen.

Gortesaua

Gizaki errenazentista perfektuaren eredua Baltasar de Castiglione italiarrak deskribatu zuen El cortesano obran (1528). Garaiko harmonia grina jarraituz, letretan bezain aditua izan behar du armetan, hitz egiten eta bere hurkoekin harremanak izaten jakin behar du, damekin bereziki, eta musika-tresnaren bat jo behar du.

 

Antzerki errenazentista

Antzerki landu eta unibertsitarioa izateaz gain, Terencio (48. gaia ikusi) imitatuz, Italiako antzerki errenazentistako gauzarik gailenena Comedia del arte da. Mozorro bat eramateagatik identifikagarriak diren pertsonaia finkoak (Arlekina, Polichinela, Colombina) protagonista dituzten maitasun eta intrigazko pieza txikiak dira. Europa osoan antzeztu zituzten aktore ibiltarien konpainiek eta antzerki profano eta profesionalaren garapenari bultzada handia eman zioten.

 

Europako humanistak

Bere garaian eragin handiena izan zuen humanista (9. gaia ikusi) Rotterdameko Erasmo (1466-1536) holandarra izan zen, Elogio de la locura (1509) obraren egilea. Bere laguna zen Thomas More (1478-1535) ingelesari Enrique VII.ak burua moztu zion bere eliz erreforma onartu nahi ez izateagatik.
Thomas Morek gizarte perfektuaren deskribapena den Utopia (1516) ospetsua idatzi zuen. Juan Luis Vives espainiarrak (1493-1540) ere izen handia izan zuen.

 

Arte errenazentista aparta

Garrantzia izanagatik ere, Errenazimentuko literatura makaldu egiten da arte ederrekin konparatuz. Alberti edo Brunelleschi arkitektoek, Donatello eskultoreak, Boticelli edo Rafael margolariek, eta erabateko artistak ziren Leonardo da Vincik (margolaria eta ingeniaria) edo Miguel Angelek (margolaria, arkitektoa eta gainera olerkaria ) artearen historiaren orrialderik bikainenak idatzi zituzten XV. eta XVI. mendeetan.