LITERATURA

Errenazimentua eta Barrokoa

Cristobal Colonen lehorreratzearekin batera, 1492ko urriaren 12an, Amerikan espainiarren menderatze aldi luzea hasten da. Literatur esparruan, XVI. mendeko literatura errenazentistak funtsean zibilizazioen arteko borrokaldiaren gorabeherak islatzen ditu, Espainian jaiotako autoreen kontura. XVII. mendean, edo aldi barrokoan, lurralde amerikarretan jaiotako lehenengo figura handiak agertzen dira jada.

Aurkikuntzako eta konkistako literatura

Lurralde berriek lehenengo konkistatzaileengan sortu zituzten inpresioak oso ondo islatuak geratzen dira bi lan goiztiar hauetan:

  • Cristobal Colonen Diario de a bordo (1492-1493), bertan izadi malkartsu eta joria nabarmentzen da, baita indigenen bertuteak ere.
  • Hernan Cortesen Cartas de relacion (1519-1526), enperadoreari Mexikoren konkistaren gorabeheren berri ematen diolarik, betiere zibilizazio aztekarenganako mirespen handia agertuz.

Beranduago Indiatako kronikak agertzen dira, prosa errenazentistaren subgeneroa. Obra historiko hauen artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Gonzalo Fernandez de Oviedoren Historia general y natural de las Indias (1535-1557), izaera orokorrekoa eta kutsu apologetikoa duena.
  • Alvar Nuñez Cabeza de Vacaren Naufragios y comentarios (1528-1536), indiarren artean galdutako espainiar baten testu autobiografikoa.
  • Bernal Diaz del Castilloren (1496-1584) Historia verdadera de la conquista de la Nueva España, Mexikoren konkistaren ikuspegi ikaragarria soldadu arrunt baten ikuspuntutik.

Mestizajearen, etengabekoa dena hasieratik, lehen literatur ordezkari handia dugu Garcilaso de la Vega Inka (1539-1616), espainiar noble baten eta printzesa inka baten semea. Bere Comentarios reales lana (1609), prosaz idatzitako inken herriari buruzko hitzarmen historiko zabala da. Indiarren defentsan De Las Casas Aita nabarmendu zen.

Hernan Cortesek Moctezuma atxilotzea agintzen du. (Amerikako Museoa, Madril).

Poesia epikoa eta lirikoa

Amerikaren konkistaren dramak zenbait lan epiko inspiratzen ditu. Garrantzitsuena La Araucana da, olerki epiko landu errenazentistaren eredu zortziko nagusian emanda, elementu mitologikoz gainezka. Bere gaia, bere egilea den Alonso de Ercillak (1533-94) berak bizi izan zituen espainiar eta araukaniarren arteko borrokak dira, azken hauek gaur eguneko Txileko biztanleak zirelarik. Era berean goraipatzen dira konkistatzaileen ekintza gogoangarriak eta beren etsai harroen kemena.

Erromantzeen (4. gaia ikusi) aparteko zabalkundeaz eta poeta petrarkistaren ereduren batez gain, hurrengo mendera arte itxaron beharko da beste figura garrantzitsu batzuk aurkitzeko.

Sor Juana Ines de la Cruzen Fama y obras póstumas lanaren 1700ko edizioaren kontraportada. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

  • Errenazimentu eta Barrokoaren arteko iragaite garaian Bernardo de Balbuena (1562-1627) nabarmentzen da. Nobela eta poesia epikoa idatzi zituen, baina bere lanik onena Grandeza mexicana (1604) da, Mexiko hiriari buruzko olerkia bederatzi kantutan emanda.
  • Barrokoko figura nagusia Sor Juana Ines de la Cruz (1651-1695) da, idazle amerikar nagusienetako bat. Moja honen kultura handia, nortasuna eta maila intelektuala bere garaiko mirespena izan ziren.

Prosaz idatzi zuen eta amodio kontuetako komedia bi, baina batez ere bere poesiagatik nabarmentzen da, era askotako forma eta gaiak erabiltzen dituena (maitasuna, filosofia, erlijioa, etab.). Bere obra nagusia Primer sueño da, sortetan idatzitako olerki kulterano luzea, Gongora imitatuz.

  • Kulteranismoaren (15. gaia ikusi) eragina oso zabala izan zen Hernando Dominguez Camargo (1601-1659) edo Luis de Tejada y Guzman (¿1652-1697?) bezalako amerikar poeta barrokoengan. Juan del Valle Caviedes, aldiz, "perutar Quevedoa" legez ezagutzen da bere poesia umoretsu eta satirikoa dela eta.

Antzerkia eta narratiba

XVI. mendean zehar, batez ere antzerki misiolari eta erlijioso bat egon zen, entremes komikoak ere idatzi ziren arren. XVII. mendean jada jauregiko antzerki profano garrantzitsua ematen da, Calderon de la Barcaren eragin handia duena.

Antzerkigilerik garrantzitsuena Juan Ruiz de Alarcon (1581-1639) mexikarra dugu, bere karrera Espainian garatu zuena (17. gaia ikusi). Honez gain honako hauek ere nabarmentzen dira:

  • Juan de Espinosa Medrano (1632-88), Gongoraren defentsan prosaz idatzitako hitzarmen baten egilea ere dena.
  • Pedro de Peralta Barnuevo (1663-1743), mestizo perutarra, XVIII. mendearen lehen erdialdean bizi izan zena, estetika barrokoa nagusi izaten jarraitzen zuenean.

Prosalarien artean Juan de Palafox y Mendoza (1600-1659), El Pastor de Nochebuenaren egilea, artzain kontaketa alegorikoa, eta Carlos de Sigüenza y Gongora (1645-1700) eta bere Infortunios de Alonso Ramirez lana aipatu behar dira. Azken honen lana erdi biografikoa, erdi pikareskoa da eta bere protagonistaren bizitza gorabeheratsua kontatzen du, ustez benetakoa den pertsonaia.

Literatura eta konkistatzaileak

Alde batetik, nabigazio ausartek eta aurkikuntza handiek gizakiaren ahalbideenganako fede errenazentista sendotu zuten. Bestalde, konkistatzaileek mundu berriaren gauza harrigarrien aurrean literaturara jo behar izan zuten. Horrela, Amazonas deitu zioten, tradizio grekoko aspaldiko emakumezkoen herri gerrariaren izena, kontinenteko ibairik garrantzitsuenari, eta eskualde oso bati Kalifornia izena jarri zioten, zaldunezko nobeletako erreinu fantastiko baten izena.

 

De Las Casas Aita

Bartolome de las Casas misiolaria (1474-1566) indigenen defendatzailea izan zen espainiarren gehiegikerien aurrean, eta bere Brevísima relación de la destrucción de las Indias (1552) lan ospetsuan azaltzen ditu. Erregeak "indiarren babesle unibertsala" izendatu zuen eta bere bizitza osoan bere kultura ikasteari eta bere errebindikazio praktikoari ekin zion.

 

Bertso-lerro feminista batzuk

«Hombres necios que acusáis
a la mujer sin razón,
sin ver que sois la ocasión
de lo mismo que culpáis. (...)
Pues ¿para qué os espantáis
de la culpa que tenéis?
Queredlas cual las hacéis
o hacedlas cual las buscáis.
»

Sor Juana Ines de la Cruz