LITERATURA

William Shakespeare

Ingeles Barrokoaren antzerkigilerik garrantzitsuena izateaz gain, Shakespeare literatura unibertsalaren jenio handienetako bat ere bada. Bere idatzien bitartez antzerkiak modernitatea eskuratzen du, aldi berean erdi aroan galdutako greziar antzerkiaren sakontasuna berreskuratuz. Gainera, bere obrak ahaztu ezineko pertsonaia sorta utzi digu.

Antzerki modernoaren sorrera

XVI. eta XVII. mendeen artean antzerkiak bere ezaugarri modernoak eskuratzen ditu Lope de Vega, Calderon de la Barca, Moliere (14. gaia ikus) eta Shakespearen eskutik. Hau posible izan zen Berpizkundean sortu zen bizitzarekiko balioespen berriari esker.

Antzinako literaturaren helburua mundu ideal bat irudikatzea zen, horregatik greziar antzerkian jainkoek pertsonaientzako hautatutako patua gatazka sorbide zen. Literatura modernoak, berriz, eguneroko bizitza irudikatzea du helburu, horrela pertsonaien gatazka pertsonalak beraien sentimendu, bizio eta bertuteekin zerikusia izango dute, baita bakoitzaren historia eta ingurunearekin ere.

William Shakespeare idazlearen 37 antzerki lanak horren adibide argia dira, bertan bertsoa eta prosa tartekatzen direlarik. Bizitzan bezala, lan hauetan elkarren eskutik doaz bikaina eta errealista, tragikoa eta komikoa nahiz garrantzitsua eta axolarik gabekoa.

Bere obra hiru multzotan sailkatzen da:

  • Drama historikoak.
  • Komediak.
  • Tragediak.

Drama historikoak

Gai nagusia boterea eskuratzeko borroka da. Ohizko doinu elezahar eta mitikotik urrun, pertsonaia historikoak gizatartuak agertzen dira. Giropenari begira, bi mota bereiz daitezke:

  • Ingalaterrako Historia: Ingalaterrako historiaren ia hiru menderi buruzko hamar pieza dira, guda zibilek ekarritako gatazkei buruzkoak batik bat. Hurrengo izenburuak nagusitzen dira:
    • Ricardo III: Gloucester konkorduna protagonista maltzurraren bidez, gaizkiari buruz hausnartzen du idazleak.
    • Enrique IV (bi zatitan banaturik): Falstaff bigarren mailako pertsonaia bizizale, tripontzi eta koldarra hain ospetsu egin zen, Shakespearek Las alegres casadas de Windsor komedian berriz sartu behar izan zuela.
  • Aintzinako historia: giropen grekolatinoa zuten. Hauek dira:
    • Julio Cesar. Bruto pertsonaian oinarriturik dago, honek, Erroma askatzeko asmoz Cesar hiltzen duelarik. Azkenik porrot egiten du, gainontzeko azpikarien handinahiaren biktima bihurtzean.
    • Antonio y Cleopatra. Erromatar jeneral bat eta erregina egipziar baten arteko maitasunak heriotzara bideratzen ditu, garaiko interes politikoen aurkako maitasuna baitzen.

Komediak: errealitatea eta fantasia

Shakespeareren komedietan azpimarratzekoak dira nahaspilaren teknika ezin hobea eta sentimenduen hausnarketa. Obra ugari Gortean girotutako italiar itxurakoak dira, adibidez: Mucho ruido y pocas nueces, La fierecilla domada eta Bien está lo que bien acaba. Hurrengoak multzo honen bi obra garrantzitsuenak dira:

  • Sueño de una noche de verano: Obra alai eta fantastiko honek San Juan gauan gertatutako maitasunezko nahaspilak kontatzen ditu. Hiru maila ezberdinetan jazotzen dira: txiroen artekoa, aristokraten artekoa eta basoko izaki magikoen artekoa. Idazlearen obrarik optimistena dugu.
  • El mercader de Venecia: amaiera zoriontsua izan arren, funtsa garratzezko obra da, protagonistaren melankolia eta Shylock juduak antisemitismoaren aurkako bakarrizketa ospetsuan erakutsitako gorrotoa direla medio.

The Globe theatre (Globoaren Antzerkia) Londresen 1599.urtean egindako eraikinaren grabatua.

Tragedia handiak

Gehienak lan helduak izanik, Shakespeareren antzerki maila gorenaren adierazle dira. Gizakiaren pasioaren sinboloak ordezkatzen dituzten protagonisten bitartez, idazleak gizakiaren arima konplexuaren eta bizitzaren oztopo nagusien deskribapena egiten du.

  • Romeo y Julieta: bi senideren arteko gorrotoa eta zorigaitza batu egiten dira protagonista gazteen arteko harremana oztopatuz, hauek maitale sutsuaren adibide direlarik.
  • Hamlet: Danimarkako printzeari eraildako aitaren mamua agertzen zaio, mendekuaren bila. Bakarrizketa ospetsuetan islatutako zalantzak eta ezbaia jasan ezinak dira protagonista gaztearentzat, ama eta Hamleten maitalearen aita errudunetako bi direlako. Azkenik, eta bere bizitzaren kontura, gazteak mendeku odoltsua burutzea lortzen du.
  • Otelo: Yago maltzurrak Oteloren jelosia pizten du, eta ondorioz honek Desdemona emazte errugabe maitea bere eskuez itotzen du.
  • Macbeth: emazteak eragindako botere nahiak Macbeth noble eskoziarra krimena burutzera bideratzen du. Amaiera tragikoaren aurretik, bikoteak aladura latzak jasango dituzte koroa eskuratu izanagatik.
  • El rey Lear. Protagonista zaharrak, alaben maitasuna neurtu nahian, benetan maite duen gazteena erbesteratzen du, beste bien hipokresiak bultzatuta. Azkenik, tronutik kentzen dute eta, bazterturik, erdi erotuta amaituko du.

William Shakespeare

William Shakespeare (1564-1616) Stratford jaioterria utzi eta Londonen antzerkiaren inguruan bizi izan zen. Idazle izateaz gainera, aktorea eta enpresaburu ospetsua izan zen, eta beste hainbat kideren laguntzaz berezko antzerkia izatea lortu zuen, hain zuzen ere Tamesi ibaiertzean kokatutako "The Globe" antzerki ospetsua. (Liburutegi Nazionala, Madril).

 

Aldiberekotasun bitxia

Literatura unibertsalaren jenioen artean, Cervantes eleberri modernoaren sortzailea eta Shakespeare, antzerkiaren berritzaile handia, 1616ko Apirilaren 16an hil ziren (hala ere ez zen egun berean izan, Ingalaterrak eta Espainiak egutegi ezberdinak baitzituzten). Egun horretan Liburuaren Eguna ospatzen da mundu osoan.

 

Antzerkitik kanpoko obrak

Antzerkigile izateaz gainera, Shakespeare poeta ere izan zen. Zenbait poema narratibo idatzi zituen, korapilo mitologikoa eta kutsu errenazentista zutenak, Venus y Adonis, adibidez. Sonetoak idatzi zituen batez ere, Petrarkaren estiloa (6. gaia ikusi) eta maitasunezko gaia zutenak, batzuk aparteko edertasunez idatziak.

 

Antzerkigile baten testamentu espirituala

Bere azken lanean, La tempestad Shakespeare-k tragedien lazturaren ondoren bizitzaren harmonia berreskuratzen saiatzen dela ikus dezakegu. Gizadiaren izaera ordezkatzen duen irla batean fantasia eta errealitatea tartekatzen dira, Prospero zaharrak bertan hondoratzen diren pertsonaien bizitzak isilean bateratzen saiatzean.