LITERATURA

Barrokoa Frantzian eta beste herrialde batzuetan

XVII. mendean, literaturak gorakada nabarmena izan zuen Frantzian, batik bat Luis XIV.aren (1661- 1715), Eguzki Erregearen, erregealdi absolutistaren garaian. Gorakada hau bereziki teatroan nabaritu zen. Hasieran barrokismoa gailendu zen arren, azkenean klasizismo goiztiarra zabaldu zen. Beste herrialde europar batzuetako literatura barrokoa ez zen horren garrantzitsua izan, autore bikainak egon ziren arren.

Barrokismotik klasizismorako bidea

XVII. mendeko Frantziako poesian ez zen idazlerik nabarmendu. Mendearen lehen erdialdean joera barrokoak izan ziren nagusi:

  • Preziosismoa: espresio jantzi eta fina erabiltzen zuen korronte horrek. Gaiak atseginak izan ohi ziren, eta gehienetan nobleen etxeetan egiten zituzten literatur bilera finetan lantzen zituzten, "salones" deitzen zitzaien.
  • Burlazko poesia eta satirikoa: Paul Scarron (1610-1660) nabarmendu zen korronte horretan.

Descartesek azaldu zuen arrazionalismo filosofikoak gero eta entzute handiagoa lortu zuen eta estilo arruntagoa eta soilagoa eragin zuen. Imajinazio neurritsua zuen eta espresio argia. François de Malherbe (1555-1628) nabarmendu zen korronte horretan. Garai hartan sortu zen Akademia Frantsesa (1634) eta klasikoen imitazioa eta artearen arauak errespetatu beharra sustatu zituen.

Hala, klasizismoa sortu zen. Mende hartako bigarren erdialdean nagusi izan zen mugimendu hau eta ilustrazioarekin elkartu zen. Ondorengo olerkariak izan ziren garai hartako ezagunenak: Jean de la Fontaine (1621-1695) alegilaria; eta Nicolas Boileau (1636- 1711), neurtitzez idatzi zuen eta eragin handia izan zuen Arte Poética (1674) lanaren egilea.

Bestalde, narratibari dagokionez, Cyrano de Bergeracek idatzi zuen (1619-55) Viaje a la Luna izan zen lanik garrantzitsuena. Lan harrigarria da, satira eta zientzi fikzioaren artean sailka daitekeena. Horrez gain, Madame La Fayetteren La princesa de Clèves (1678) azpimarratu behar da. Madame La Fayettek eleberri psikologiko eta errealistak idatzi zituen. Prosan idatzitako beste lan aipagarri bat Máximas izan zen, La Rochefoucauld (1613-1680) dukeak idatzi zituen hausnarketa laburren bilduma.

Luis XIV.

Corneille, Racine eta Molière

Luis XIV.aren eta nobleziaren babesari esker antzerkigintza bihurtu zen generorik garrantzitsuena.

Pierre Corneille

Pierre Corneille (1606-1684) izan zen tragedia frantziarraren sortzailea. Bere lehen lana El Cid (1636) izan zen, eta Espainiako teatro klasikoan oinarritu zen idazteko. Arauak ez zituela betetzen eta, oso kritikatua izan zen.

Hurrengo bere lanek estilo klasizista zuten: Horacio (1640) eta Cinna (1640). Bi lanak erromatar giroa eta gai politikoa lantzen dute; Polieucto (1642) lanean erlijio gaiak agertu zituen. Antzerkigile bikaina ere izan zen, eta horren erakusgarri da El mentiroso lana, Ruiz de Alarconen oinarritu zuena.

Jean Racine

Jean Racineri esker (1639-99) tragedia klasikoak arrakasta lortu zuen. Formari dagokionez, edertasun izugarria zuten bere lanek, argumentu korapilatsurik ez zuten arren. Gizakien arteko pasioak adierazterakoan indar handia zuen Racinek. Lanik gehienek gai klasikoak landu zituzten; hala nola: Andrómaca,, Británico eta Mitríades. Biblia gaiei buruz ere idatzi zuen eta horren erakusgarri da Ester y Atalia lana.

Bere maisu lana Freda (1677) izan zen. Bertan pasioari eta erruari buruzko azterketa hunkigarria egin zuen. Euripidesen inspiratuta, protagonistak bere semeordeagatik, Hipolito ederragatik, sentitzen duen pasio ezinezkoa kontatzen du.

Molière

Urte askoan, Molière alde batetik bestera ibili zen antzezle lanetan, eta bidaia haiei esker bizitzari buruzko ezagutza handia lortu zuen. Bere komedietan agerian dago ezagutza hori eta gizakien ahulkeriei burla egin zien: pedantekeriari Las preciosas ridículas lanean, irrikari El ávaro lanean, eta aberats berrien ergelkeriari El burgués gentilhombre lanean, besteak beste.

1664an hiru maisu lan bikain argitaratu zituen, seriotasun handiagokoak: Tartufo, erlijioaren hipokresiari gogor eraso egiten zion lana; Don Juan, pentsalari askearen mito ezagunaren gaineko sorkuntza; eta El misántropo, ezkortasun nabaria ageri zuena.

Barrokoa Europako beste herrialde batzuetan

Garai hartako olerkari italiarrik ezagunena Giambattista Marino (1569-1625) izan zen; Adonis (1623) alegia mitologiko luzea idatzi zuen. Bere estiloa imitatuz, poesi korronte bat sortu zen: marinismoa. Mugimendu hau kulteranismoaren oso antzekoa zen, baina ez horren korapilatsua.

Ondorengo hiru pentsalari eta zientzialariek idatzi zuten literatur prosa aipatu beharrekoa da, espiritu errenazentista luzarazi baitzuen:

  • Galileo Galilei (1564-1642), zientzi adierazpenaren eredua.
  • Giordano Bruno (1548-1600): De los heroicos furores lanean komedia, eta elkarrizketa morala eta literarioa landu zituen.
  • Tommaso Campanella (1568-1639): La ciudad del sol tratatu utopikoa idatzi zuen egile eta olerkaria.

Portugalen Gongoraren eragina nabari zen Sor Violante de Ceuk idatzi zuen poesian. Francisco Rodrigues Loboren (1580-1622) prosak garrantzi handiagoa lortu zuen, bere artzain eleberriei esker. Francisco Manuel de Melo aristokratak (1611-1667) ere nobela landu zuen. Bestalde, aipatu beharrekoa da Antonio Vieriaren (1608-1697) oratoria.

Hogeita hamar Urteko gerrak Alemania suntsitu egin zuen eta erlijio poesia lirikoa sortu zen. Estilo barroko neurritsua zuen eta Martin Opitz (1597-1639) eta Angelus Silesius (1624-1677) nabarmendu behar dira. Garai hartako lanik onena Hans von Grimmelshausenek idatzi zuen (1625-76) El aventurero Simplicísimo izan zen; nobela pikareskoa da eta protagonistak eroen plantak egiten ditu gerraren zoritxarrak saihestu ahal izateko.

Blaise Pascal

XVII. mendean erlijioa zen Frantziako arazorik larrienetariko bat eta Blaise Pascalek (1623-1662) bere liburuetan landu zuen arazo hori. Gazte gaztetatik sekulako adimena izan zuen eta asmatzailea, zientzialari eta matematikari bikaina izan zen. Pensamientos lan amaitugabeak bere estuasunak agertu zituen, Jainkoari eta gizakiaren arimari buruz egin zituen hausnarketa sakonen bidez.

 

Hiru unitateak

Teatro klasizistak tragikoaren eta komikoaren arteko ezberdintasuna saihetsi zuen hizkuntza arruntean, Barrokoan oso ohikoa zena. Horrez gain, hiru unitateen araua ezarri zuten:

· Ekintzakoa. Ekintza bakarra zegoen, bigarren mailako gertaerarik gabea.

· Denborazkoa. Lanak ordu gutxi batzuetan gertatutakoa kontatzen du, edo asko jota, egun batekoa.

· Tokikoa. Leku bakarrean gertatzen da ekintza.

 

Jean-Baptiste Poquelin "Molière"

Pierre Mignardek egin zuen Molièren erretratu a (Chantillyko museoa, Frantzia).
LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Jean-Baptiste Poquelin (1622-1673). Molière goitizena hartu zuen bere familia ez desondratzeko antzerki konpainia batekin lanean hasi zenean. Hamabost urtez, Frantzian barrena ibili zen antzezlari eta zuzendari gisa. Parisera itzuli zenean, bere kontura teatro lanak idazten hasi zen eta bere konpainia sortu zuen. Luis XIV.a erregeak miretsi egiten zuenez, konpainia sortzen lagundu zion. Egiten zituen kritika gogorrak zirela eta, etsai ugari izan zituen eta erregearen babesari esker salbatu zen. Bat-batean hil zen, El enfermo imaginario lana antzezten ari zelarik.