LITERATURA

XVIII. mendeko literatura Ingalaterran

Gainerako Europako herrialdeekin alderatuta, XVIII. mendean Ingalaterra oso aurreratua zegoen politika, gizarte eta ekonomia aldetik, eta hori zela eta, kontinenteko hegemonian Frantzia ordezkatu zuen. Garai hartako bi literatur ezaugarri nagusiak eleberrigintza, modernitatera bidean, berriro ere indartu egin zela eta sentimenduak erromantikotasunaren aurreko adierazpena berreskuratu zuela izan ziren.

Pentsaera ingelesaren urrezko garaia

Pentsalari britainiarrak goiz hasi ziren politikari buruz hausnarketak egiten eta XVII. mendean, kontrajarriak zeuden bi ikusmolde nagusi sortu ziren:

  • Thomas Hobbes (1588-1679), gizakiaren izaerari buruz oso ezkor agertu zen (bere ustez "gizakia otso bat da gizakiarentzat"), eta absolutismoa defendatu zuen Leviatán tratatuan (1651).
  • John Lockek (1632-1704) baieztatzen zuen, bestalde, Estatuak gizabanakoaren ongizatearen alde lan egin behar zuen, bere ustez guztiak askeak eta berdinak baitziren eta gizarteak osatzen baitzituzten. Doktrina honi liberalismo izena eman zitzaion eta 1690ean argitaratu zuen Ensayo sobre el gobierno civil lanean azaldu zuen.

Locke filosofo enpirista izan zen, XVIII. mendean George Berkeley (1685-1753) eta David Hume (1711-1776) bezalaxe. Filosofi korronte honek errealitate nabarmenetik at zegoen, edozein uste gaitzetsi egiten zuen, eta gizakiaren arazo jakin batzuei buruzko hausnarketa bultzatu zuen, bizikidetza politikoari eta sozialari buruzkoa, besteak beste. Bestalde, garai hartan jaio zen zientzia jenio handia: Isaac Newton (1642-1727) eta fisikan iraultza eragin zuten bere teoriek. Guzti horren ondorio praktiko nabarmenenek mendearen bigarren erdialdean gertatu zen Iraultza Industrialean izan zuten eragina.

Augusta Aroa

Izenak berak erakusten duen bezala, oinarri klasikoak izan zituen kultur korronte honek. Orekaren eredua izaera ingeleserako oso egokia zen, ondo egokitzen baitzen. Arrakastarik handiena lortu zuen generoa bidaien literatura izan zen. Lekukotasuna bilatzen zuen genero horrek edo beste ikuspuntu batzuetatik abiatuta errealitatea kritikatzeko erabiltzen zuten.

Lan horietako batek sekulako arrakasta lortu zuen: Daniel Defoeren (1660-1731) Robinson Crusoe (1719). Gaur egun gazteentzako liburu bat den arren, natura menderatu nahi duen gizon baten ahalegin arrazionalari buruzko epopeia da. Idazle beraren beste lan ezagun bat Moll Flanders (1722) da, kutsu pikareskoa duen eleberria.

Jonathan Swift irlandarrak (1667-1745) arima satiriko mingarria zuen. Viajes de Gulliver (1726) lanak bidaien literatura parodiatu eta gizateria gogor kritikatu zuen ilustratuen ikuspuntutik abiatuta. Xelebrea dirudien arren, gazteentzako liburu bezala irakurri ohi da, azken bi zatiak kenduta, ikaragarrienak direnak.

Aipatu beharreko hirugarren idazlea Alexander Pope (1688-1744) izan zen; poeta satirikoa. El robo del rizo (1713) epopeia burleskoa idatzi zuen.

Pazifikoko uharte batean europar bati egin zien harrera ona agertzen duen eszenaren grabatua. "Basati on"-aren kontzeptuak onarpen ona izan zuen XVIII. mendean. Robinson Crusoe lanarekin sortu eta jarraian Rousseauri bermatu zitzaion.

Nobela burgesaren hastapenak

Mendearen bigarren erdialdean beste nobela mota bat sortu zen, modernoagoa, eta maitasun gaiak eta giro burgesak lantzen zituena. Korronte horrek publiko hartzaile gisa gorantz zihoan klase sozial hori bilatzen zuen.

Lehenego pausuak Samuel Richardsonek (1689-1761) eman zituen Pamela o La Virtud recompensada (1740) lanarekin. Amaiera alaia zuen maitasun eleberri epistolarra zen eta moda bat sortu zuen berarekin. Henry Fieldingek parodia egin zion Richardsonen lanari eta Joseph Andrews (1742) argitaratu zuen. Lan horrek Cervantesen eredua jarraitzen zuen (tokiz toki dabilen korapiloa, adiskide batekin doan protagonista, ironia etengabea...). Fieldingek beste eleberri bikain bat ere idatzi zuen: Tom Jones 1749an.

Cervantesek idatzitakoa ondo ezagutzen zuela Laurence Sternek (1713-1768) ere argi utzi zuen Tristam Shandy (1759-1767) lanean. Literatur joko metanarratiboa zen, egitura aldetik sekulako askatasuna zuena. Viaje sentimental por Francia e Italia (1816) ere berak idatzi zuen.

Garai hartako narratibari Jane Austen (1775-1817) amaiera bikaina eman zion. Bere eleberriek, dotorezia eta ironia argiz, herrietako giro burgesetan aztertzen ziren gatazka psikologikok azaltzen zituzten. Bere lanik esanguratsuenak Sentido y sensibilidad (1811), Orgullo y prejuicio (1813) eta, batik bat, Emma (1816) izan ziren.

Mende erdialdeko aurre-erromantizismoa

Poesian erromantizismoa aurreratzen zuten zenbait elementu agertu ziren. Edward Youngek (1684-1765) idatzi zuen La queja de Edward Young lanean, esate baterako, elementu gautarra azaltzen zen, eta baita William Collinsen (1721-1759) Oda al atardecer lanean ere. Erdi Aroko moda bat ere sortu zen garai hartan eta literatur iruzur xelebre bat eragin zuen horrek: James Macphersonek (1736-1796) Poesías de Ossián (1765) lana argitaratu zuen, antzinako olerkari zelta baten olerki bilduma, baina denbora luzez jatorrizkoak zirela uste izan zuten.

Garia haretako olerkaririk azpimarragarriena William Blake (1757-1827) izan zen (margolaria ere). Bere olerkiak sailkatzea oso zaila da, Erromantizismoa aurreratzen baitute baina baita XIX. mende amaierako sinbolismoak ere. Horregatik, sinboliko-ameslari, edo erlijiozko eta errealismo artean sailkatu izan dute bere lana.

Nobelaren azpigenero herritar bat ere sortu zen, nobela gotikoa: Erdi Aroan girotuta zeuden foiletoiak. Genero horrek krimenak, ilargipeko gauak, misterioak eta abar kontatzen zituen. Ondorengo lan hauek nabarmendu behar dira: Horace Walpoleren El castillo de Otranto (1764), M. G. Lewisen El monje, eta batik bat, Mary Shelleyren (1797-1851) El doctor Frankestein.

1994ean Kenneth Branaghek Mary Shelleyren Frankestein lanean oinarrituta egin zuen filmaren eszena.

Ingalaterra eta Ilustrazioa

XVII. mendeko pentsamendu ilustratuaren oinarrizko gaiak Frantzian garatu ziren arren, Ingalaterra izan zen bere eredua, aurreko mendetik, 1688ko iraultza ondotik, Gobernu liberal moderno bat baitzuen. Europako gainerako herrialdeek Ingalaterrako askatasunen eta tolerantziaren erregimenari inbidia zioten. Gaztetan Voltaire Ingalaterran erbesteraturik egon zenez, han Lockeren eta Newtonen lanak ezagutu zituen eta itzuli zenean, bere herrialdean zabaldu zituen.

 

Enpirismoa

Ingalaterran sortu zen filosofi mugimendua izan zen. Korronte honen ustez, benetako ezagutza bakarrak zentzumenek ematen zituztenak ziren eta operazio arrazionalak zentzumenen bidez lortutako irudien konbinazioa baino ez ziren. Ikerketa gai nagusiak ezagutzaren teoria, eta hausnarketa etiko eta politikoa ziren. Descartesen idealismo arrazionalistaren kontrakoa zela esan ohi da.

 

Nobela ez den prosa

Lehenengo egunkariak garai hartan hasi ziren argitaratzen eta horietan intelektualek gentlemanen eredua zabaldu zuten bizitza eredu egokia jarraitu ahal izateko. Intelektual horietako batzuk honako hauek ziren: J. Addison eta R. Steele. S. Johnson (1709-1784) izan zen bere argitalpenen kontura bizitzen hasi zen lehenengo idazlea, egileen eskubideen aitorpen legalari esker. E. Gibbonek (1737-1794) idatzi zuen Decadencia y caída del Imperio romano lan izugarria, historiografiaren klasiko bilakatu dena.