XVIII. mendea Alemanian eta Italian
Ilustrazioa eta neoklasizismoa Alemanian
Gaur egun Alemania izenez ezaguna dugun eremuan estatu alemaniar ugari zegoen eta bakoitzak bere Gorte txikia zuen, Versaillesekoaren imitazio gisakoa. Han balio gutxi izan zuen lirika rococoa sortu zen. Estetika klasizista zuen nagusi, didaktikoa zena eta arauak errespetatzen zituena. J. Gottscheden (1700-1766) teoriei esker zabaldu zen.
Garrantzi handiagoa izan zuen paisaiaren aurkikuntza goiztiarrak, erromantikoentzat oso garrantzitsua izango baitzen. A. von Hallerrek (1708-1777) 1729an Los Alpes izena zuen olerki deskribatzailea idatzi zuen eta F. Klopstockek (1724-1803) naturaren fenomenoetan islatu zituen bere sentimenduak.
Narratibari dagokionez, Antzinatearenganako zuten interesa Historia de Agatón lanean ikus zitekeen; girotze greziarra duen eleberria da eta C. Wielandek (1733-1813) idatzi zuen. J. Schnabelek (1698-1752) idatzi zuen La isla Felsenburg lanean, naufrago batzuek osatzen zuten komunitate utopikoa agertzen zen, eta Robinsonen eragina nabaria zen.
Garai hartako idazle bikain bakarra Gotthold Lessing (1729-1781) izan zen, eta estetikari buruz idatzi zituen tratatuengatik arrakasta lortu zuen. Tratatu horietan honako hau bereizi behar da: Laocoonte. Dramaturgo gisa ere lan handia egin zuen. Amaiera alaia zuten "drama burgesak" idatzi zituen: Minna von Barnhelm. Emilia Galottik bezala, tragediak ere idatzi zituen, Italiako giroa nagusi zutenak, eta drama sinboliko-erlijiozko bat: Natán el sabio.Sturm und Drang. Schiller
1770 inguruan estilo berri bat hasi zen zabaltzen: Sturm und Drang. Sentikortasun aurre erromantikoa zuen, eta sentimenduak eta fantasia askea defendatzen zituen arrazoia eta arau klasikoen kalterako. Teoriko nagusia J. G. Herder (1744-1803) izan zen, hizkuntza eta espiritu nazionala identifikatzerakoan, poesia herritarra eta folklorea aztertu baitzituen.
Friedrich von Schiller (1759-1805) izan zen mende hartako idazlerik bikainena. Hezigaitza zen eta askatasunagatik zuen obsesioak Sturm and Drangaren espiriturantz bultzarazi zuen. Olerkaria (El canto de la campana), estetikan aditua, eta batik bat dramaturgoa izan zen.
Bere lehenengo lan dramatikoetan, oso gazterik idatzi zituenetan, protagonistak gazte hezigaitzak eta grinatsuak ziren:- Los bandidos (1782). Prosan idatzita dagoen drama burgesa. Gezurrezko salaketa batek delitu bat egitera bideratzen duen gazte bat da protagonista.
- Don Carlos (1783-1787). Neurtitzetan idatzita dagoen tragedia historikoa. Felipe II.aren semeak politikagatik eta amodio kontuengatik duen hezigaiztasuna kontatzen du.
Denboraren poderioz, eta bere lagun eta lehiakidea zenak, Goethek, hala eraginda, gai erromantikoekin (hezigaiztasuna, askatasuna, besteak beste) lotura handiagoa zuen estiloa hartu zuen, forma klasikoagoaz. Heldutasunezko bertsoetan idatzita dauden lanetan ageri da aldaketa hori: Wallenstein trilogian, María Estuardo lanean, eta batez ere, Guillermo Tellen (1804), askatzaile suitzarrari buruzko liburuan.
Literatura neoklasiko italiarra
- Pentsalari ilustratu italiarrik garrantzitsuenak G. B. Vico (1668-1744) eta C. Beccaria (1738- 1794) izan ziren. Lehenengoak egin zituen historiari buruzko hausnarpenek erromantizismoari bidea ireki zioten; Beccariak, berriz, De los delitos y las penas (1764) lana idatzi zuen. Lan horretan Ilustrazioko eredu humanitarioak eta arrazionalak Zuzenbideari egokitzen zizkion, tortura eta heriotza zigorra gaitzetsiz.
- Lirikan arkadiar korrontea nagusitu zen. Joko moduan adierazten zen olerkia da, artzainen munduko edo mitologia gaiak lantzen zituena. Formari dagokionez, antibarrokoa zen. Pietro Metastasiok (1698-1782) idatzi zituen operarako libretoak izan ziren adierazpiderik onenak.
Oso bestelakoa zen El día olerki luze eta narratiboa, non aristokraten azaleko bizitzari burla egiten zen. Garai hartako olerkaririk onena da idazlea: Giuseppe Parini (1729-1799).
- Mende hartako dramaturgorik onena Carlo Goldoni (1707-1793) izan zen. Bere komediak amodio kontu arinak ziren, eta egitura klasikoa zuten. Veneziako kaleetako girotze errealistak eta lagunarteko hizkuntzak oso modernoak egiten zituen bere lanak. Magia eta exotismoari buruz Carlo Gozzik (1720-1806) idatzi zituen komediek ere sekulako arrakasta izan zuten.
Italian, aurre erromantizismoaren kutsu bakarra Vittorio Alfieriren (1749-1803) lanean aurki dezakegu. Bere tragedien forman baino, batez ere edukian (hezigaiztasuna, boterea eta askatasunaren arteko norgehiagoka) nabari daiteke ezaugarri hori. Nahiko enfatikoak eta oso klasikoak ziren formari dagokionez bere lanak: Filippo (1775), Saúl (1782) eta Mirra (1784). Alfierik bere aristokrazi bizitza egonezina eta bidaiaria kontatu zuen prosan idatzi zuen autobiografian: Vida.
Goldoniren lanetariko batean ikus daiteke Comedia del arte (55. gaia ikusi) teatro herritar italiarraren tradizio zaharra. Irudian ikus daiteke bere pertsonaia esanguratsuenetariko bat, Giangurgolo. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.
Alemaniako Ilustrazioa
Alemaniako pentsaera ilustratua ez zen batere originala izan, frantziarraren eragin handia baitzuen. Hala ere, pertsonaia bikaina izan zuen: Inmanuel Kant (1724-1804), ziurrenik filosofo moderno garrantzitsuena izan dena. Arrazoiaren ikerketari, ezagutzaren mugei (Crítica de la razón pura), eta gizakien ekintzen etikari (Crítica de la razón práctica) eskaini zien bere lanaren zatirik handiena.
Guillermo Tell
Tell, ehiztari suitzarra, bere semearen buru gainean jarrita dagoen sagar bati tiro egitera behartzen dute, gobernari inperial bidegabekoak ikusgai jarri duen kapelari diosalik egin ez diolako. Bete-betean jotzen badu ere, kartzelaratu egiten dute gobernadoreari botatzeko beste gezi bat gordetzeagatik. Ihes egin eta tiranoa hiltzea lortzen du. Horrek matxinada bat sortzen du Suitzako kantonamenduetan, azkenean euren askatasuna erdiesteko.
Arte greziarraren ikuspegi faltsua
J. Wincklemannek (1724-1803), estetika aztertu zuen ilustratuak, Historia del arte de la Antigüedad liburua idatzi zuen eta sekulako eragina izan zuen. Gaur egun arte iraun duen arte klasikoaren ikuspegi zuri eta orbangabea bere lanari zor diogu (uste faltsua da); benetan, Antzinako Greziako eraikin eta estatuak kolore biziz margotuak baitzeuden.
