LITERATURA

Erromantizismo ingelesa eta frantsesa

Alemaniarekin batera, Ingalaterra erromantizismoaren sorleku izan zen. Aurreko mendean, tradizio prerromaniko indartsua nabaria zelarik, XIX. mendearen lehen zatiak poeta handiak eta eleberri historikoa, azpigenero nabarmena, eman zituen. Erromantizismo frantsesa beranduago sortu zen, Victor Hugo idazlearen eleberria eta antzerkia azpimarratzekoak direlarik.

Poesia eta eleberri berriak Ingalaterran

XIX. mende hasierako idazle ingelesek bi modutara adierazi zuten Erromantizismoaren ohizko asaldura:

  • Gizarte burges industrializatuari uko egiten zioten, landako paisaia, iragan historiko nahiz herrialde exotikoetara ihes eginez.
  • Artistaren sentimenduan, irrazionaltasunean, subjektibotasunean eta askatasunean oinarritutako hizkuntza literario berria erabiltzen zuten, arau oro hautsiz.

Erromantizismo ingelesaren hastapenak Baladas líricas (1798) obrarekin hasi ziren, non naturaren misterioa eta zirrara islatzen duten poesia errazak aurki daitezke. Lan honen idazleak William Wordsworth (1770-1850) eta Samuel Coleridge (1772-1834) dira, Eskoziako lakuetan errefuxiatutako «lakuen poetak» taldearen kide izan zirenak.

Genero narratibo historikoaren aita, Erromantizismoaren genero gustukoenetarikoa zena, dugu Walter Scott (1771-1832). Bere eleberri ugariak, Erdi aroan girotutakoak, asaldurazko doinu nazionalistan idatziak izan ziren, eta izen handikoak bihurtu eta Europa osoan zehar antzeratu zituzten. Lan azpimarragarrienak Ivanhoe (1820) edo Quintin Durward (1823) dira, bertan tirania eta zapalkuntzaren aurka borrokatu zuten heroiak protagonistak ziren.

Izen handiko hiru poeta

  • Lord Byron: bere garaian izugarrizko ospea eskuratu zuen, alde batetik bere bizimodu iskanbilatsuagatik, bere lan zabalei esker bestetik. Bere lehengo poesia lanak guztiz erromantikoak dira: Las peregrinaciones del joven Harold (1812-18), zeinek obraren protagonista melankoliatsuak Hegoaldeko Europan zehar egindako bidaien berri ematen digu; El corsario (1814) eta El prisionero de Chillon (1819), bertsotan idatzitako kondairak, heroi indibidualista eta menderakaitzei buruzkoak.

    Don Juan (1819) , bere maisulan zabala eta amaigabea, konkistatzaile ospetsuari buruzko poema erdi historiko erdi satirakoa da, eta erabiltzen duen ironia dela eta, erromantizismoaren parodia dela esan daiteke.

 

Lord Byronen erretratua, turkoz jantzita (Londoneko National Portarit Gallery). Exotismoa eta zirikatzeko zaletasuna ohizkoak ziren poeta erromantiko honen dandyaren moduko jarreran.

  • Percy Shelley (1792-1822): Lord Byronen lagun eta bidaia kideak, emazte eta aberria utzi zituen Europan zehar bidaiatzearren, hondoratze batean hil egin zen. Drama eta olerki obra zabalak idatzi zituen, adibidez Prometeo desatado (1820), non gizadiarenganako fedea adierazten duen. Musikaltasuna eta metafora anitzak direla eta, haren poema liriko laburrenak azpimarratzekoak dira, adibidez Oda al viento del Oeste.
  • John Keats (1795-1821) hiru poeten artean hoberena dugu ziur aski. Zorigaitzeko amodiozko istorio baten ondoren, gaztea zela tuberkulosiak hil zuen. Poema narratibo luzeak idatzi zituen, adibidez Endymion, greziar kulturari omenaldia. Ospea, ordea, poema laburrei esker eskuratu zuen, aparteko soneto eta oda izugarriekin. Bertan gizadia, denbora eta arteari buruzko gogoetak azaltzen ditu, bere sentimenduak askatuz.

Erromantizismo frantsesa

Frantzia tradizio klasizista handiko herrialdea izanik, Erromantizismoa berandu agertu zen bertan, hasieratik bi joera agertu zirelarik:

  • Liberala, asaldura eta askatasuna azpimarratzen dituelarik.
  • Kontserbadorea, iragan nazionalan eta tradizioan oinarritzen delarik.
  • Chateaubriand bizkondea (1768-1848) joera kontserbakorra izan zuen lehen idazle handia izan zen. Honek bi eleberri labur erantsi zituen El genio del cristianismo (1802) lan apologetikoan: Atala eta René, larrugorrien artean girotutako dramazko eleberri laburrak.

Mende bukaerako idazle handiei begira, poesia erromantiko frantsesak ez du autore berezirik agertu. Azpimarratuena Alfred de Vigny (1797-1863) dugu, Chatterton (1835) tragedia idatzi zuena. Narratzailea izan zen batik bat, bere Servidumbre y grandeza de la vida militar (1835) obran kontakizunak tartekatuz.

Alfred de Musset (1810-1847) poeta ere izan zen, baina interesgarriagoak dira antzerkigile gisa egin zuen lanak (Lorenzaccio) eta Confesiones de un hijo del siglo (1835) eleberri autobiografikoa.

  • Erromantizismo frantsesaren pertsonaiarik ospetsuena Victor Hugo (1802-1885) idazle emankorra da, genero guztiak lantzeaz gain, bere bizitza luzean zehar kontserbadorismotik aurrerakoitasunerainoko bilakaera egin zuena. Antzerkigile bezala, Hernani (1830) antzezlanaren estreinaldiak antzerki erromantikoari hasiera eman zion . Bere ezaugarriak Cromwell (1827) lanaren hitzaurrean jadanik adierazi izan zituen (23. gaia ikusi).

Bere eleberriak genero historikoaren barruan sartzen dira, Scotten idealismotik urruntzen den ikuspegi errealista batetik: adibidez, Erdi aroan girotutako Nuestra Señora de París (1831) edo Los miserables (1862).

Victor Hugo.

Beste hainbat idazle azpimarragarri dira: alde batetik, fantastikoaren egileak, Prosper Merimée (1803- 1870) eta Theophile Gautier (1811-1872); eta bestetik Sainte-Beuve (1804-1869) kritikoa eta Gerard de Nerval (1808-1855) poeta ere, azkenaren lana eta bere buru-hilketa poesia madarikatuaren aurrerapena izan zirenak.

Bizitza erromantikoa

George Gordon, Lord Byron (1788-1824), senide aristokratiko baten seme, jaiotzetiko herrentasunarekin bizi izan zen. Gizarte burgesarekin nazkatuta, gaztea zela Espainia eta Ekialde Urrunean zehar bidaiatu zuen. 1816.urtean aberria behingoz utzi behar izan zuen, arrebarekin izandako usteko intzestu harremanak emaztearengandik modu iskanbilatsuan banatzea eragin zuenean. Suitzan eta Italian bizi izan zen eta Greziako independentziaren alde turkoen aurka borrokan ari zela hil egin zen.

 

Poeta satanikoak

Lord Byron, Shelley eta Keats idazleekin Erromantizismo ingelesak osperik handiena ezagutu zuen. Poeta «satanikoak» izenaz ezagutzen ditugu, hain zuzen ere Satan menderakaitza aipatuz, garaiko gizarteari moldatu ezin izan zirelako. Hirurak Ingalaterratik kanpo eta gazte hil ziren, gainera hirurak noraezeko bizitza oinazetua izan zuten, bizimodu erromantikoaren eredu.

 

Bestelako eleberri-idazle frantsesak

Obra narratibo frantses erromantikoan errealistagoak diren hainbat sentimenduzko eleberri azpimarra daitezke, adibidez B. Constanten Adolfo, edo «George Sand»-en lanak, Aurore Dupin (1804-76) idazlearen ezizena. Liburuxka edo eleberri herrikoiaren adibide izan ziren Eugene Sueren Los misterios de París, eta Los tres mosqueteros, Alejandro Dumas idazlearena.

 

Cyrano de Bergerac-en egilea Euskal Herrian bizi izan zen

Edmond Rostand antzerkigile frantsesa (Marseilla, 1868 - Paris, 1918), drama heroiko eta komedia ospetsuak idatzi zituena: Samariarra (1897), Cyrano de Bergerac (1897), Kanbora etorri zen 1900ean pleuresia bat sendatzeko asmoz. Joseph-Albert Tournaire arkitektoak egindako proiektuaren arabera, 1903an Arnaga etxe bikaina erakiarazi zuen. Eraikuntza 1906an amaitu zenetik aurrera hantxe bizi izan zen. Izen handiko artisten lanez apaindua dago gaur egun museoa den Arnaga etxea eta lorategi ikusgarriak ditu.
 

Victor Hugo Euskal Herrian bizi izan zen

Victor Hugo (Besançon, 1802 - Paris, 1885) idazle frantsesak, Frantziako erromantizismoaren idazlerik ezagunena izan zenak bere aita Madrilera destinatu zutelarik (1811-12) ezagutu zuen Euskal Herria. Baiona eta Hernani grabaturik gelditu zitzaizkion. Pirinioetan gaindi, 1843an, Baiona, Miarritze, Donostia, Pasaia, Lezo eta Iruñean barrena ibili zen, euskara lardaskatzen eta apunteak hartzen: “…hauxe duzue Donostia. Baina, Espainian ote nago hemen? Espainia Europari bezala dago atxikia Donostia Espainiari, lurmutur batez. … Ozta da inor espainola Donostian; euskalduna da”. Lehen susmo hau sakondu egingo du eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratuko du: “Euskaldun jaio, euskaraz hitz egin, euskaraz bizi eta euskaraz hiltzen da hemen. Euskara aberri bat da, kasikan erlijio bat. Esaiozue hitz bat euskaraz baserritar bati mendian; hitz horren aurretik gizon bat zinen; orain anaia zaitu. Espainola, hemen, frantsesa bezain arrotza da”.