LITERATURA

«« Itzuli

Erromantizismo ingelesa eta frantsesa

Mérimée-ren Carmen eleberriaren euskal kutsua

Bizet-ek munduan zehar hain ospetsu egin duen Carmen opera Prosper Mérimée-ren eleberrian oinarrituta dago. Idazle frantzesak Espainia eta espaniarrak oso aintzakotzat hartuko ditu bere obran zehar eta baita Euskal Herria eta euskaldunak ere. Izan ere, garai hartan bidaiari atzerritarrak, idazleak artean, erabat liluratuak zeuden Espainiako eta Euskal Herriko lurralde eta biztanleekin.

Sarritan entzun ohi da Meriméek erromantizismoz eta exotismoz beteriko Espainia misteriotsua deskribatzen duela Carmen eleberrian, baina ezin dugu ahaztu, bide batez, obra honek duen euskal kutsua obraren istorio nagusiaren harian.

Obra honetan emakume ijito baten eta sarjentu euskaldun baten arteko amodio-istorioa azaltzen da. Dirudienez Meriméek oso lagun zuen Eugenia de Montijo enperatrizaren amak kontatu omen zion istorio hau. Eta maitaleen arteko erlazioa euskaldun izatearekin erabat lotua dago. Izan ere, Jose Lizarrabengoa elizondotarrak, Sevillako Errege Tabako-Fabrikan zaindari lanetan zebilela, Carmen izeneko zigarrogilea ezagutu zuen bertan lanean. Emakumeak lantegian sortzen duen istilu bat dela eta, presondegira eramateko agintzen diote Joseri. Bidean, Carmenek euskal azentua antzematen dio Joseri eta Etxalarkoa delako ziria sartzen dio zaindariari. Ume zelarik, ijitoek bahitu omen zutela eta Sevillara eraman. Josek, Andaluzian aberkide bat topatu duela hunkiturik, ihes egiten uzten dio. Hilabeteko kartzela-zigorra ezarriko diote. Harrezkero, Carmenek erotu egiten du eta, jelosiak eraginda, hainbat borrokaldi izango ditu, lehenik desertore, gero bandolero eta azkenik hiltzaile bihurtuz. Izan ere, Josek amodioz hilko du Carmen bere maitalea eta hark, inoren menpe bizi nahi ez eta askatasunaren prezioa bere biziarekin ordaindu nahiko du.

Euskal Herriarekiko hamaika erreferentzia egingo ditu Meriméek eleberri guztian zehar. Jose Lizarrabengoa sarjentuak, hasteko, hainbat aldiz agertuko du bere euskaldun eta nafartar jatorria inolako lotsarik gabe. "Don Jose Lizarrabengoa dut izena; eta abizenagatik, jatorriz eta odolez euskaldun naizela asmatuko zenuen, eta kristau zahar. Izenaren aurretik Don izendatzen banaiz ez da nik nahi dudalako, eskubidea dudalako baizik, aitoren seme izanik".

Une batean Andaluziako neska politei beldurra diela adierazten du; "gona urdina eta motots luzeak ez dituzten emakume politak (garai hartako euskaldun eta nafartar emakumeen janzkera) ez dira fidagarriak" dio Josek. Carmen Euskal Herriko eguraldiarekin alderatzen du Josek "gure lurraldeko eguraldia bezala da; ekaitza beti gertu, mendien alboan, eguzki distiratsua dagoen arren".

Euskal Herriari buruz, foru bereziak dituen herria dela eta Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroaren zati bat biltzen dituela dio; euskara izena duen hizkuntza hitz egiten dute bertan.

Gainera, Carmenek eta Josek, euren elkarrizketetan, euskaraz egiten dutela dio kontalariak; are gehiago, euskal hitzak ere agertzen dira eleberrian: "maquila", euskaldunek erabiltzen duten burdinazko bastoia; "zorzicos", Josek abesten duen doinuari buruz ari direnean, "laguna", "ene bihotsarena", "bai", "jaona","agur", "laguna".

Beraz, euskaldun odola darama Merimée-ren eleberriak bere orrietan; baita ondoren Carmenen mitoa munduan zehar famatua egingo duen Bizet-en operak bere notetan ere. Izan ere, Parisen Bizet-ek lagun zuen Sebastian Iradier euskaldun konpositorearen habanera ospetsua sartuko baitu Carmen operan, adiskidetasun-keinu gisa.