LITERATURA

XX. mende hasierako nobela frantsesez

Lehen mende erdian, Paris kultur gune gailena izan zen munduarentzat. Sinbolismoaren ondare berritzailea mende hasiera arte luzatuko zen, Prousten obra handiaren bitartez. Gerra arteko garaian abangoardiek asaldatu egin zituzten arteak, eta Frantzia egoera horren behatoki paregabea bihurtu zen.

Proust eta mende arteko narratzaileak

Bigarren Mundu Gerra arte, bi jarrera izan ziren nagusi Frantziako kultur egoeran: kontserbadorismo espirituala eta katolikoa, batetik eta aurrerakoitasuna bestetik. Horren adibide dira XIX. mendeko trantsizio idazleak. Lehenengo taldekoak dira Paul Bourget (1852-1935) eta Maurice Barres (1862-1923); bigarrenean Anatole France dugu (1844-1924), eta berarekin batera Romain Rolland (1866-1944), Jean-Chistophe nobela luzearen egilea eta Nobel Sariaren irabazlea 1915ean.

Bi idazlek bereziki berritu zuten narratiba:

  • André Gide (1869-1951) garai hartako nahasmenaren adierazle da: katolizismora bihurtutako kalbindarra, ezkondua eta homosexuala, komunista eta stalinismoaren kritikoa. Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen 1947an.

    Lan mamitsuen bidez bere baitako gatazka espiritualaren azterketa ironikoa egin zuen (El inmoralista, 1902; Los sótanos del Vaticano, 1914; Los monederos falsos, 1925). Teknika berriak erabili zituen, nobelaren barneko nobela, kasu.

  • Marcel Proust mendeko idazlerik handienetakoa da. En busca del tiempo perdido bere lan nagusiaren lehenengo liburukia 1913an argitaratu zen, eta azkena 1927an, egilea hil ondoren.

    Idazle beraren bizitza kontatuz, nobelak garaiko gizartearen berri zehatza ematen digu. Egitura konplexua da, subjektiboa eta ordura artekoaz oso bestelakoa, oroimenetik sortua: gertaerak tarteka azaltzen dira, sentsazioetan eta haiek eragindako oroitzapenetan oinarrituak.

Abangoardiako narratiba

Abangoardiako mugimenduek erabat asaldatu zituzten orduko forma artistikoak (34. gaia ikusi). Haientzat artea artearentzako aitzakia hutsa da, baina aldi berean agerian utzi nahi dute azalaren azpian sor datzan egia.

Surrealista nabarmenetako bat, Louis Aragon (1897-1982), baina, ohiko errealismoaz baliatu zen nobela askotan ideologia komunista adierazteko.

Jean Cocteau (1889-1963) poeta, dramagilea eta zinegilea izan zen. Haurtzaroaren oroitzapen autobiografikoa (Thomas el impostor, 1923), drogekin izandako esperientziak (Opium, 1929) eta garaiko gizakiaren etsipena (Los niños terribles, 1929) dira bere nobeletako gaiak.

Beste idazle batzuk: Raymond Roussel (1877-1933), Impresiones de África (1910) idatzi zuena; Georges Bataille pentsalari handiak (1897-1962) nobela erotiko bitxiak idatzi zituen (Historia del ojo, 1928; El azul del cielo, 1957); Raymond Queneauk (1903-1976) etengabeko saiakuntzak egin zituen lengoaiaren inguruan (Ejercicios de estilo,1947; Zazie en el metro, 1959).

Hogeita hamarreko hamarkada latza

Gertaera historiko gogorrek (gerra, krisi ekonomikoa) eta bilakaera artistikoek arrasto sakona utzi zuten mendearen lehen hereneko pentsaeran. R. Martin du Gardek (1881-1958) orduko garaia azaldu zuen Los Thibault nobela sailean (1922-1940). Literaturako Nobel Saria jaso zuen 1941ean.

Narratiba katolikoa sortzen da, forma tradizionalei heldurik, moralaren arazo sakonak aztertzen ditu (gaizkia, bekatua, misterioa); horretarako, probintzietako giroaz eta psikologia konplexuko pertsonaiez baliatzen da:

  • François Mauriac (1885-1970): Nudo de víboras (1932). Literaturako Nobel Saria irabazi zuen 1952an.
  • George Bernanos (1888-1948): Bajo el sol de Satán (1926), Diario de un cura rural (1936).
  • Julien Green (1900-1998): Medianoche (Gauerdia) (1936), Moira (1950).

    Politikaren gorabeherek (faxismoa, iraultzak) konpromisodun narratiba sorrarazi zuten, alde batekoa zein bestekoa:

  • André Malraux bere bizimodu egongaitza azaldu zuen bi lanetan: Giza Izatea (1933), idealismo politikoren gaineko hausnarketa aparta, eta La esperanza (1938), Espainiako gerra zibilaren ingurukoa. Saiakerak eta oroitzapenak ere idatzi zituen (Antimemorias, 1971).
  • Antoine de Saint-Exupéry (1900-1944) hegazkinlaria zen, eta bere jardueraren berri eman zuen bi lanetan Vuelo nocturno, (1931); Tierra de hombres, (1939). Ospea, haurrentzako ipuin moral batek eman zion: El principito (1943).
  • L.-F. Destouches, "Celine". Muturreko anarkista izanik ere, nazien alde agertu zen. Bere izaera hezikaitza Viaje al fin de la noche (1932) eta Muerte a crédito (1936) lanetan ageri da, lengoaia biziki berritzailea eta oso egitura librea erabiliz.
  • Pierre Dreu La Rochelle (1893-1945). Berau ere izaera asaldatzailekoa, surrealismoan eta drogen munduan ibili zen. Bigarren Mundu Gerran bat egin zuen faxismoarekin. Bere obrarik onena Memorias de Dirk Raspe da (1966).
 

El principitoLIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Bere estilo konplexu eta landuarekin, Marcel Proustek inguruaren azalpen xehe-xeheak eta azterketa psikologiko zorrotzak uztartzen ditu.

Marcel Proust

Bere estilo konplexu eta landuarekin, Marcel Proustek inguruaren azalpen xehe-xeheak eta azterketa psikologiko zorrotzak uztartzen ditu.

Marcel Proust (1871-1922) goi burgesiako familia batekoa zen. Gaztetik ekin zion literatur lanari, eta horri esker lortu zuen aristokraziaren ingurunetan sartzea. Asma kronikoak jota zegoen, eta gurasoak hil ondoren hormak estaliak zituen etxe batera erretiratu zen, hil arte, hots zaratetatik ihesi eta lanari buru-belarri heltzeko asmoz.

 

Gazte hildako bi idazle

Alain Fournier (1886-1914) Gerra Handian hil zen, eta El gran Meaulnes bere nobela bakarrean (1913) modu lirikoan ekartzen zuen gogora haurtzarotik nerabezarorako igarotzea. Zinismoaz baliatuz, Raymond Radiguetek (1903-1923) aurre egiten zion gerrako heroismo ofizialari El diablo en el cuerpo bere obran (1923); bertan, senarra ejertzitoan zeukan emakume batek maitasun harremanak zituen nerabe batekin. Nobelak hautsak harrotu zituen.

 

André Malraux

André Malraux (1901-1976). Askatasuna norberaren ekintzetan bilatu behar zela uste zuen eta halaxe bizi izan zen. Arkeologo jardun zen Asian, eta Txinako gerra zibilaren hasiera ezagutu zuen. Brigada Internazionaletako kide, zauritua izan zen Espainiako Gerra Zibilean. Bigarren Mundu Gerran preso hartu zuten, baina ihes egin zuen eta Erresistentzian sartu zen. Kultur ministro bikaina izan zen De Gaullerekin.