Ingelesezko nobelaren berrikuntza
Ingalaterrako nobelagile moderno nagusiak
- James Joyce (1882-1941) XX. mendeko nobelagilerik funtsezkoenetako bat da, narraziora ekarri zituen berrikuntzengatik. Bere obra guztia, idazleak maitatu eta gorrotatzen zuen Irlandaren inguruan dabil. Hasierako liburuak honako hauek dira: Dublineses (1914), oraindik ipuin tradizionalak direnen artean Los muertos bikaina eta Retrato del artista adolescente (1917) nabarmentzen dira; azken hau autobiografikoa eta teknika berriagokoa.
Ulises (1922), bere maisu lana, obra gailena da literaturaren historian. Dublindar batzuen bizitza egun bat kontatuz, gure garaiko gizaki arruntaren bizimodua azaltzen zaigu, Odisearen parodia batean. Nabarmenena baliabide formal berriak dira: barne bakarrizketak, denboran zeharreko jauziak, lengoaiaren etengabeko esperimentazioa, etab.
- Virginia Woolfek (1882-1941) baloreen galtzearen kontzientzia azaltzen zuen; denborarekin obsesionatuta zegoen, bizitzaren euskarria eta galbidea baita aldi berean. Bere nobelen egiturak denbora jokoetan eta barne bakarrizketetan du oinarria: Mrs. Dalloway (1925), Al faro (1927) eta Las olas (1931).
- David H. Lawrence (1885-1930). Ez du horren estilo berritzailerik eta erabili ohi dituen gaietako bat bizi-sena da, naturan eta sexualitatean agerikoa. Hona bere lanik onenak: Hijos y amantes (1913), amarekin izan zuen harreman bereziaren adierazle; Mujeres enamoradas (1920) eta El amante de Lady Chatterley izenekoak (1928); azken hau hainbat urtez debekatua izan zen, aristokraziako emakume ezkondu batek basozainarekin dituen harreman gartsuak azaltzen ditu.
- Aldous Huxleyk (1894-1963) kontakizunak eta ikuspegiak tartekatu zituen Contrapunto (1928) nobelan. Bere lanik ezagunenean, Un mundo feliz (1932) etorkizuneko gizartea sentimendurik gabea eta teknologiaren menpekoa izango zen.
Beste idazle britainiar batzuk
- G. K. Chesterton (1874-1936) Aita Brown detektibearen sortzailea izateaz gain, umorezko eta saiakeraren antzeko eleberrien egilea da, El hombre que fue Jueves (1908), kasu.
- E. M. Fosterren (1879-1970) estilo fina hainbat nobelatan azaltzen da: Pasaje a la India, (1924).
- K. Mansfieldek (1888-1923) azterketa psikologikorako zeukan gaitasuna agerikoa da bere ipuinetan.
Belaunaldi galdua
Idazle amerikar hauek Lehenengo Mundu Gerrak eragindako atsekabea eta nahasketa adierazten zuten; Europara joan zirenek, gerraren zentzugabekeria eta ankerkeria salatzeaz gain, beste gai batzuk ere jorratu zituzten: hogeigarren hamarkadako poztasuna eta jazz garaiak, ekonomiaren gainbehera, eta Estatu Batuetako gizartea, oro har.
- Francis Scott Fitzgerald (1896-1940) arrakastako idazlea izan zen eta aberatsen bizimodua ezagutu zuen, baita bere nobeletan kritikatu ere. Azken urteetan, ordea, hainbat arazok nahigabeturik bizi izan zen: diru-estuasuna, bere obrarekiko segurtasunik eza eta emaztearen eromena. Alkoholari emana, Hollywooden lan egin zuen hil aurretik.
Belaunaldi galduaren aldartea irudikatu zuen A este lado del paraíso (1920) nobelan. El gran Gatsby- ren (1926) maisu lanaren gaia aberatsen bizimodu distiratsua bezain hutsala dela eta amets amerikarra da. Beste izenburu batzuk honako hauek dira: Tierna es la noche (1934) eta El último magnate (1941), zinearen mundua erakusten zuen nobela amaigabea.
- Ernest Hemingwayren (1899-1961) estilo neurritsua eta zuzena eredua izan zen askorentzat; bere lanetan balore berriak bilatzen dira maitasunean, abenturan, ekintzetan eta bestelako emozioetan. Kazetari lanetan ihardun zuen eta oso ipuin onak idatzi zituen. Heriotzarekin etengabeko jolasetan ibilita, azkenean bere buruaz beste egin zuen.
Bere nobeletan egilearen obsesioak eta bizimodu kezkatsua antzematen dira: Lehenengo Mundu Gerran zauritua izan zen (Adiós a las armas, 1929); Parisen bizi izan zen, (Fiesta, 1926) eta Espainia asko maitatu zuen, batez ere zezenketak, (Muerte en la tarde, 1932). Ehizarekiko zuen grina ere igartzen da Las verdes colinas de África (1935) lanean. Ondorengo lanak dira Por quién doblan las campanas (1940), Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa, eta El viejo y el mar (1950), Nobel Saria eman ziona 1954an.
- William Faulknerrekin (1897-1962) abangoardia amerikarrak goia jo zuen. Bere obra zailen istorioak Yoknapatawphan gertatzen dira, Estatu Batuetako hegoaldea irudikatzeko asmatu zuen lurraldean, alegia.
Egilea hizkera oparoaz eta era guztietako teknikez baliatzen zen. Lehenengo nobeletan El ruido y la furia (1929) eta Mientras agonizo (1930), hainbat pertsonaia desberdinen barne bakarrizketak nahasten dira, baita atzeratuenak ere.
Beste obra batzuek gizakiaren zitalkeria eta basakeria dituzte gaitzat, teknika desberdinez baliatuak: denbora jauziak, pertsonaia askoren ikuspegiak, hutsuneak kontakizunean, etab. Santuario (1931) bahiketa basati baten kronika da; Luz de agosto (1936) arrazakeria du gaitzat, eta Absalom, Absalom! (1936) hegoaldeko iraganaren azterketa bat da. Nobel Saria lortu zuen 1949an.
Estatu Batuetako beste idazle batzuk
John Dos Passos (1896-1970) abangoardiako teknikaz baliatzen da Manhattan Transfer (1925) nobela kolektiboan New York hiria deskribatzeko, eta U.S.A trilogian (1930-1936) gizarte amerikarra. Sinclair Lewisek (1885-1951) probintzietako hiri txiki bat irudikatu zuen Calle mayor (1920) nobelan, eta Babbitt izenekoan (1922) negozioen mundua erakusten zuen; Literaturako Nobel Saria irabazi zuen 1962an. John Steinbeckek (1902-1968) hegoaldeko miseriaren eta bizimodu latzaren azterketa kritikoa egiten du De ratones y hombres (1937) eta Las uvas de la ira 1939) nobeletan. Nobel Saria lortu zuen 1930ean.
Joyceren esperimentalismoa
James Joyce Dublinen (Irlanda) jaio zen, baina hango kultura egoera erdipurdikotik ihesi egin nahian, bere bizitzaren zati handiena Europako hainbat hiritan eman zuen: Paris, Erroma, Trieste eta Zurichen, besteak beste. Azken hiri horretan hil zen.
Ahozko txisteekin batera, barne bakarrizketa da Joyceren teknika gogokoena. Pertsonaiaren gogoa errrepikatzea da, puntuazio zeinurik gabe, pentsamenduak, sentsazioak eta ideia asoziazioak etengabe doazela, geldiunerik eta lotunerik gabe. Lengoaiarekin esperimentatzeko irrikak bultzaturik, Joycek hizkuntza modu artifizial bat sortu zuen bere azken liburua idazteko ( Finnegans wake , 1939).
Estatu Batuetako bi aitzindari
Winesburg, Ohio (1919) obran, Sherwood Andersonek (1876-1941) Estatu Batuetako landa komunitate txiki baten erretratua egin zuen, eta narraziorako eredu bihurtu zen ondorengo beste idazle batzuentzat. Autobiografía de Alice Toklas izeneko lanean (1933) Gertrude Steinek (1847-1946) bere autobiografia azaltzen zuen, itxura batean bere neska lagunak kontaturik. Parisen anfitrioia eta sustatzailea izan zen idazle amerikarrentzat, bertan bizi baitzen 1903tik.
