Nobela garaikidea Europan
Gerraosteko existentzialismoa
Existentzialismoa filosofia eta kultura arloko mugimendu zabala da; orduko Europaren hondamenaren eta gerra hotzaren arriskuaren aurrean, auzitan jarri zuen bizitza eta heriotzaren zentzua -edo zentzurik eza-.
- Jean-Paul Sartre, itzal handiko filosofoa, literaturaz ere baliatu zen bere iritziak plazaratzeko. Egunkari itxuraz idatzitako La náusea nobelan azaltzen zuenez (1938), gizakia bizi itomenak estuturik bizi da, «libre izaten beharturik baitago». Bere antzezlanetan - A puerta cerrada, 1945; Las manos sucias, 1947- etsipenez erakusten ditu gizakien arteko harremanei buruzko ikuspegia.
- Simone de Beauvoir (1908-1986), Sartreren bizikidea, feminismoaren teorizatzailea ez ezik (El segundo sexo, 1949), nobelagile bikaina ere izan zen (Los mandarines, 1954), eta maila jasoko autobiografia idatzi zuen.
- Albert Camusek, beharbada garai horretako idazle onena, giza izaeraren absurdoa aztertu zuen bere nobeletan (El extranjero, 1942; La peste, 1947), Calígula (1938) eta Los justos (1950) drametan, edo 1942ko saiakera batean, El mito de Sísifon.
Beste idazle aipagarri batzuk: Jean Genetek (1910-1986), zeini gaizkilea eta pederasta izana leporatzen zitzaion, Diario de un ladrón (1949) eta antzezlan garratzak idatzi zituen; Boris Vian (1920-1959), Parisko existentzialismoaren eta gerraosteko kultura frantziarraren ikurra zena, eta Julien Gracq (1910), El mar de las Sirtes idatzi zuena (1951).
Albert Camus (1913-1960), H. Cartier-Bressonek egindako argazki batean. Algerian jaioa eta familia xumekoa, ia autodidakta izan zen. Eztabaida bizia izan zuen Sartrerekin, eta 1957an Nobel Saria eman zioten. Handik gutxira hil zen, auto istripuan.
Nouveau romanetik hona
Berrogeita hamarreko hamarkadan sortuta, nouveau roman taldeak alde batera utzi zituen ohiko nobelaren ezaugarriak (errealismoa, ekintza, pertsonaiak, mezua), eta ikuspegi bat hartu zuen ardatz, zinemagintzaren kutsu nabarmena erakutsiz.
- Deskripzio hutsetan oinarrituz, Alain Robbe-Grilletek (1922), mugimenduaren teorizatzaileak, giro klaustrofobikoa zuten anti nobelak idatzi zituen (El mirón, 1955; La celosía, 1957).
- Mugimenduko kideak izan ziren, besteak beste, N. Sarraute (1902-1999), M. Butor (1926; La modificación , 1957), C. Simon (1913; La ruta de Flandes, 1960) eta M. Duras (1914-1985; Hiroshima, mon amour, 1959; El amante, 1984).
Aldaerak gorabehera, azken garaietako narratibak berreskuratu egin du kontaketarako joera. Horren erakusgarri dira M.Tournier (1924), G. Perec (1936-1982), P. Mondiano (1945), eta frantsesez jarduten diren T. Ben Jelloun (1944) eta Amin Maalouf (1950) idazle arabiarrak.
XX. mendeko europar nobelagile handiak
- Errusia: Maximo Gorkik (1868-1926) erromantizismoa eta iraultzaren aldeko propaganda uztartu zituen La madre nobelan (1907). Isaak Babelek (1894-1941) Cuentos de Odessa idatzi eta Errusiako gerra zibilaren berri eman zuen Caballería roja bere lanean (1923-25). Gai berbera jorratu zuen M. Sholojovek (1905-1984) El don apacible nobela luzean (1928- 1940); Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen 1965ean. Ondorengo idazleen artean, M. Bulgakov (1891-1940) umoreaz eta fantasiaz baliatu zen El maestro y Margarita lanean (1966); Boris Pasternak poeta handiak (1890-1960) El doctor Zhivago nobela famatua idatzi zuen (1957), eta A. Soljenitsin disidenteak (1918) Un día en la vida de Ivan Denisovich (1962).
Alexander Solzhenitsin.
- Eskandinaviako herrialdeak: mende hasierako idazleen artean, gogoratzekoak dira, batetik, Knut Hamsun norvegiarra (1859- 1952; Hambre, 1890; Bendición de la tierra, 1917), Nobel sariduna 1920an, eta bestetik, Suediako bi emakume idazle: Nils Holgersson (1901-2) eta Selma Lagerlöf (1858-1940; La leyenda de Gösta Berling, 1891; Nobel sariduna 1909an). Gerraostekoak dira P. Lagerkvist eta L. Gustafsson suediarrak (1891-1974 eta 1936), M. Waltari finlandiarra (1902-1979; Sinuhé el egipcio, 1945) eta K. Blixen emakume idazlea, kontakizun bikainen egilea (Danimarka, 1885-1962).
- Polonia: gerren arteko literaturaren bizitasuna «hiru zaldizkoek» adierazten dute: Bruno Schulzen kontakizun espresionistak (1892-1942), S. Witkiewicz, dramagilea berau ere (1885-1939), eta W. Gombrowicz (1904-1969: Ferdydurke, 1938; Pornografia, 1960). Gerraostean J. Andrzejewsji (1909-1983; Cenizas y diamantes, 1948) eta S. Lem zientzi fikzioaren arloko idazlea (1921) nabarmendu ziren.
- Txekoslovakia: Bigarren Mundu Gerraren aurrean aipagai ageri dira J. Hasek (1883- 1923) eta K. Capek (1890-1938). Lehenak gerraren aurkako satira garratza idatzi zuen, Las aventuras del buen soldado Svejk (1921), eta bigarrenak etorkizuneko ikuskizun asaldagarriak osatu zituen. Gerraosteko garaian aipatzekoak dira B. Hrabal (1914-1997), bere umore kritikoagatik, Trenes rigurosamente vigilados, eta bereziki M. Kundera (1929), gaur egungo idazlerik garrantzitsuenetako bat (La broma, 1967; La insoportable levedad del ser, 1984).
- Beste nobelagile gogoangarri batzuk hauek dira: I. Andric serbiarra (1892-1975; El puente sobre el Drina, 1945), Mircea Eliade errumaniarra (1907-1986), H. Mulisch holandarra (1927), H. Claus Begikako flandestarra (1929) eta N. Kazantzakis greziarra (1885-1979: Zorba el griego, 1946).
Sartre
Jean-Paul Sartre (1905-1980) psikologia eta filosofia ikasi zuen Parisen eta Alemanian. Bigarren Mundu Gerran preso hartu zuten, eta geroago Erresistentziako kidea izan zen. Entzute zabala lortu zuen, intelektual konprometituaren irudia bilakatu baitzen, eta oso aldizkari entzutetsua sortu zuen, Les Temps Modernes. Beti azaldu zuen bere iritzia kultura, politika, zein gizarte arloko auzi nagusien inguruan; 1964an Nobel Saria eman zioten, baina uko egin zion.
Frantses hizkuntzako beste idazle batzuk
Frantsesak bi nobelagile bikain izan ditu Belgikan: G. Simenon (1903-1989), Maigret komisarioaren sortzailea eta gizakiaren alde ilunenaren aztertzailea, eta M.Yourcenar (1903-1987), nobela historikoetan bere kultura itzela erakutsi zuena, adibidez Memorias de Adriano (1951) eta Opus nigrum (1968) lanetan. J. Gionok ere (1895-1970) nobela historikoa landu zuen El húsar en el tejado (1951). Gerraosteko obrarik arrakastatsuenetako bat F. Saganek (1935) idatzi zuen: Buenos días, tristeza (1954).
XX. mendeko nobelagile ez europarrak
Turkiako Yashar Kemal idazleak (1923) kurduek jasaten duten zapalkuntza islatu zuen El halcón nobela historikoan (1953). Egungo idazle arabiarren artean Naghib Mahfuz egiptoarra (1911) gailendu da: 1988tik Nobel sariduna, nobela trilogia bat idatzi du Kairoko kale giroaren inguruan. Wole Soyinka nigeriarrak (1934), Nobel sariduna 1986an, yoruberazko poesia eta ingelesezko nobelak idazten ditu (Los intérpretes, 1965; La estación del caos, 1973). Oraingo narratzaile hebrearren artean aipatzekoak dira Abraham Yehoshua (1936) eta Amos Oz (1939).
