Gaur egungo nobela Britainia Handian eta Estatu Batuetan
Britainia Handiko gerraosteko narratiba
- Bi idazle tradizionalak, Ivy Crompton-Burnett (1884-1969) etxe-zerbitzarien infernuen miatzailea (Criados y doncellas, 1947), eta Jean Rhys (1894-1979) dira, azken hau Charlotte Brönteren zenbait pertsonaia erabili zituelarik Ancho mar de los sargazos lanean (1966). Evelyn Waugh ere (1903-1966) kontserbadore azaltzen zen -azalean eta mamian- bere obra ugarietan, Retorno a Brideshead izenekoan, kasu (1945).
- George Orwellek (1903-1950) nobela erabili zuen Stalinen totalitarismoa kritikatzeko: Rebelión en la granja, animaliak protagonista dituena (1945) eta 1984, etorkizunaren ikuspegi etsigarria (1948). Arthur Koestlerrek ere (1905-1983) estalinismoa salatu zuen El cero y el infinito nobelan (1940).
- Graham Greene (1904-1991) gerraosteko idazlerik handienetakoa da; narratzaile trebea, etika eta erlijioaren alorreko kezkak eta ardurak aztertu zituen (El poder y la gloria, 1940; El americano tranquilo, 1955).
- Bajo el volcán (1947) bere nobela famatuan Malcom Lowryk (1909-1957) kutsu autografikoa duen alkoholiko baten erretratua osatu zuen.
- Lawrence Durrellen (1912-1990) Cuarteto de Alejandría (1957-1960) osatzen duten nobelak Egiptoko hiri hartan daude giroturik, eta haietako istorioak elkarri lotuta azaltzen dira.
- William Goldingek (1911-1993), 1983ko Nobel saridunak, giza arrazoimenaren azpian datzan izaera basakeria aztertu zuen El señor de las moscas nobelan (1954). Fantasiazko giroaz baliatu bazen ere, J. R.Tolkienek ere (1892-1973) ongia eta gaizkiaren arteko lehia aukeratu zuen bere lanik arrakastatsueneko gaitzat, El señor de los anillos.
Gerora, zenbait nobela idazle «gazte haserreek» protesta jarreretara hurreratuko ziren (82. gaia ikusi): haietako batek, Kingsley Adamsek (1922), unibertsitateko giroa utzi zuen barregarri Jim, el afortunado lanean (1945); eta Alan Sillitoek (1928) langileen eta baztertuen kontzientziazioa aztertu zuen bere bi lanetan Sábado por la noche y domingo por la mañana, (1958), eta La soledad del corredor de fondo (1959).
Beranduago bada ere, beste bi idazlek ere arrakasta lortu zuten: Anthony Burgessek (1917-1993) La naranja mecánica lanarekin (1962) eta John le Carrek (1931) espioitza nobelekin, El espía que surgió del frío kasu.
Idazle gazteen artean aipatzekoak dira J. Barnes (1946), I. McEwan (1948), G. Swift (1949) eta K. Ishiguro (1954).
1984 filmako irudia, Orwellen nobelan oinarritua.
Gerraosteko narratiba Estatu Batuetan
Gerraosteko hainbat nobelagilek gizarte salaketarako jarrera jaso zuten beren aurrekoengandik: horren adierazgarri dira James Ageeren (1909-1955) Una muerte en la familia (1957) edo Robert Warrenen (1905-1989) Todos los hombres del rey (1946), politikari baten arrakasta eta porrota azaltzen dituena.
Ildo beretik, eta detektibeen istorioen bidez, nobela beltzaren azpigeneroak agerian uzten du gizarte amerikarraren alde iluna: James Cain (1892-1977), Dashiell Hammett (1894-1961) eta Raymond Chandler (1888-1959).
Idazle juduen artean maila jasoko egileak daude, bai emigratuen artean -Isaac B. Singer (1904-1991)- bai autoktonoen artean ere: Saul Bellow (1915), Carpe diem idatzi zuena (1956); B. Malamaud (1914- 1986); P. Rothek (1933) EEBBetako ohiko familia judu baten karikatura garratza egin zuen El lamento de Portnoy nobelan (1969); J. Hellerrek (1923) militarren satira idatzi zuen Catch-22 lanean (1961).
Idazle beltzek arrazakeria dute gai nagusitzat. R. Ellisonek (1914-1994) beltz baten desengainua kontatu zuen El hombre invisible (1952) lanean. Aipagarriak dira, halaber, James Baldwin (1924-1987) eta Toni Morrison (1931), 1993ko Nobel Saria eskuratu zuena.
Hegoaldeko nobeletan lurralde hartako etsipena ageri da, Carson McCullersen (1917-1967) La balada del café triste (1951) izenekoan adibidez, eta beste batzuetan esklabotasunaren gaia jorratzen da, adibidez William Styronen kasuan (1925): Las confesiones de Nat Turner (1967). Hegoaldeko gaia ukitu ondoren, Truman Capotek (1924-1984) gaztaroaren alde gozoa (Desayuno con diamantes, 1958) eta iluna aztertu zituen (A sangre fría, 1966).
Berrogeita hamarreko hamarkadan beat belaunaldiak, hezigaitza eta konformagaitzak, bere eredua aurkitu zuen Henry Millerrengan (1891-1980) eta bere obraren sexualitatean (Sexus, 1949; Nexus, 1960). Jack Kerouacen (1922-1969) En el camino (1957) izan zen bere manifestua, bizitza ibiltari baten kronika, alegia. Bestalde, William Burroughsek (1914-1997) drogak aukeratu zituen El almuerzo desnudo bere lanaren hari nagusitzat (1969).
Azken urteotan korronte esperimental bat gailendu da, ondoko idazleek osatua, besteak beste: J. Purdy (1923), W. Kennedy (1928), John Barth (1930), Robert Coover (1932), Thomas Pynchon (1937) edo Paul Auster (1947).
Norman Mailerrek (1923) narratiba errealistarako duen kalitatea Ozeano Pazifikoko gerrari buruzko obra batean azaldu zuen, Los desnudos y los muertos (1948) lanean. Ondoren, kazetaritza berriari ekin zion, erreportajeetan literatur kutsua eta asmo kritikoa uztartuz, Los ejércitos de la noche (1968) lanean kasu.
Literatura eta arrazakeria
Afrikan jaiotako bi emakume idazlek azaltzen dute beren
lanetan apartheidaren arazoa.
Arrazakeriaren aurka agertzeagatik, Doris Lessingek
(1919) Rhodesiatik ihes egin behar izan zuen, gai hau
bere nobeletan azaltzen delarik, Canta la hierban
bezala (1952). Antzera gertatu zitzaion Nadime Gordimer
hegoafrikarrari (1923), berau ere ihesi alde egina.
Bere lan nagusiak Un difunto mundo burgués (1966)
eta La gente de July (1981) dira. Nobel Saria
irabazi zuen 1991n.
Beste herrialde batzuetako narratzaileak
Beste nazionalitate askotako idazleek ere erabiltzen dute ingelesa: Liam O?Flaherty aspaldiko idazle irlandarra (1897-1984; Insurrección, 1950), Michael Ondaajte kanadarra (1943; El paciente inglés, 1992) edo Patrick White (1924-1990; El explorador, 1957). Indiako idazleetatik, Salman Rushdie (1947) da entzutetsuena; aparteko gaitasuna erakusten du fantasiarako Hijos de la medianoche (1981) eta Los versos satánicos (1988) lanetan. Azken obra hori dela eta, Jomeini aiatolahk hiltzera kondenatu zuen, erlijio arrazoiak argudiatuz. V. S. Naipaulek (1932), Trinidaden jaiotako idazle indiarrak, Nobel Saria jaso zuen 2001ean.
Beste nobelagile amerikar batzuk
Idazle batzuk bikainak eta sailkagaitzak dira. Vladimir Nabokov errusiarra, nobelagile aparta (1899-1977), ingelesaz baliatu zen Lolita eta Ada o el ardor idazteko. Paul Bowlesek (1910-1999), Tangerrera erbesteraturik, zibilizazioa gaitzetsi zuen El cielo protector bere obran (1949). J.D. Salingerrek (1919) ezin hobeto deskribatu zuen gaztaroko xalotasunaren galtzea El guardián entre el centenon. John Updikek (1932) amerikarren kontsumismoa uzten du agerian Corre, Conejo obrak hasitako sailean (1960). Bukatzeko, ezin ahaztu Ray Bradburyren (1920) ipuin bikainak, zientzi fikzioa eta beste hainbat gai ukitzen dituztenak.
